Emakumeek toki publikoa okupatzea ahalbidetzen duten partaidetza-guneak sortzearen garrantzia azpimarratu gura du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 13:57

Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko zinegotzia den Carmen Diazek, gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, nabarmendu gura izan du emakumeek eremu publikoa okupatzea ahalbidetzen duten partaidetza-guneak sortzearen garrantzia, "urte askotan eremu pribatura mugatuta egon baitira, batez ere zaintza-lanez arduratuta". Era berean, Udalak deitoratu du Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan jarritako biniloak "sabotatu" dituztela bart, eta, hori dela eta, behin betiko kendu dituztela.

Carmen Diaz zinegotziak azpimarratu duenez, "espazio publikoan daude eskubide zibil eta politikoak, eta, horregatik, berdintasunaren alde egin nahi dugu. Ahalduntzean eta parte-hartzean aurrera egiteko, funtsezkoa da emakumeok gure arteko sareak ehuntzea, elkartrukea eta ikaskuntza partekatuak sortu ahal izatea".

Helburu horregaz, 50 hamar emakume getxoztar baino gehiago aritu dira lanean, azken urte eta erdiz, Getxoko Emakumeen Etxea diseinatzen eta eraikitzen. Proiektu hori eraikitze fasean dago, eta datozen hilabeteetan irekiko ditu ateak, Algortako Benturillena kalean. Hala, gaur, martxoaren 8a dela eta, gune horren berri eman gura izan diete getxoztarrei, binilo eta QR kodeen bidez, zinegotziak azaldu duenez: "Martxoaren 8a dela eta, gune honen berri eman nahi diegu getxotarrei, binilo eta QR kodeen bidez. Bertan, adin, jatorri eta jakintza desberdinetako emakumeek parte hartu duten eta laster guztion etxea izango den proiektu honen eraikuntza-prozesuari buruzko informazio guztia jasotzen da. Zatoz ezagutzera eta sartu proiektura, zure etxea baita”.

Emakumeen Etxearen aurkezpen kanpaina sabotatuta

Getxoko udal-iturriek zabaldu dutenez, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan jarritako etorkizuneko Emakumeen Etxearen benetako tamainako planoa osatzen zuten biniloak sabotatu dituzte bart, eta ondorioz, behin betiko kendu dituzte. Getxoko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako sentsibilizazio-kanpainaren barruan jarri zuen asteburuan planoa, aurtengo aldarrikapena emakumeek eremu publikoa okupatzeari buruzkoa baita. Kalteen ondorioz, aipatutako planoa kendu dute, proiektua ezagutarazteko hilaren 13ra arte bertan egotea aurreikusita zegoen arren.

Aurreko gauean, binilo batzuek ere kalteak jasan zituzten, eta konpondu egin behar izan zituzten.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun