Mundukatuak

Carlos Jimenez: "Tokiko historia ezagutzeko, euskara oso garrantzitsua da"

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 15a, 08:57

Algortako inguru erdaldunak kikildu ez eta tokiko historia eta errealitatea ezagutzeko euskararen munduan txonbo egitea behar-beharrezkoa zela argi izan du gurera etorri zenetik Carlos Jimenezek. Albacetekoa sortzez, euskaraz egiten ikus daiteke lagunakaz, edota, tarteka, tabernaren bateko barraren atzean. "Prozesu zaila eta luzea izan da euskara ikastea, baina, gaur egun, esan dezaket bizi ahalko nintzatekeela euskaraz. Harremanak, ahal dudan guztietan, euskaraz egiten ditut, eta jendeak hori asko eskertzen du". 

Aitortzen duenez, txikitatik izan zuen bere herria ez zen beste tokiren batean bizitzeko grina, "kostatik gertu". Hala, besteak beste, Iruñean eta Londresen bizi izan da, lanean. Azken horretan izan zuen lehenengo harremana Algortagaz, tokiko bi pertsonakaz konpartitzen baitzuen pisua han, eta haietako batek eskaini zion Algortara etortzea. "Oso harreman ona izan genuen, eta, gaur egun, nire 'familia' dira hemen".

Albaceteri dagokionez, Jimenezek dio daborduko bere familiak eta lagunek Vasco deitzen diotela, berba egiteko modua aldatu duelako, "eta, egia esan, haiekin nagoenean hango azentua nabaritzen dut, orain gutxira arte existitzen ez zena uste nuena". Albacete Mantxako New York dela dio, "inguruko udalerri populatuena", eta gogoratzen du famatua dela aizto eta labanengatik. Jendeari dagokionez, haien burua "mantxatar petotzat" dutela dio, eta haien ezaugarria "umiltasuna eta umorea". Jan-edanaren harira, hango esamolde bat ekarri du gogora, "del cerdo hasta los andares", edozein tabernatan topa daitekeelako txerrikiren bat. "Harrituko zinatekete mantxatar entsalada bat eskatzerakoan". Hala ere, bere jatekorik gogoena atascaburras da, patata, bakailaoa, berakatza eta olioa almaizean xehatuta. Ardo onak ere badituztela dio, inguruan mahasti asko daudelako, Gaztela Mantxa jatorri-izena dutenak. 
Inguruan leku asko daude bisitatzeko, hala nola Río Mundoren jaiotza, urtero reventón izeneko fenomenoa hartzen duena, eta Alcala de Júcar herria, "penintsulako politenetarikoa". 

Nongoa

Albacete, Gaztela Mantxa

Adina

38 urte

Zertan dabil?

Uneotan, ikasten

Noiz heldu zen Euskal Herrira?

2019ko ekainean

Noiz arte hemen?

Auskalo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun