Zelan baloratzen duzu lau urteotako legegintzaldian egindako ibilbidea?
Ibilbide ikaragarria izan da niretzat eta talde guztiarentzat, bai pertsonalki, baita gure bide politikoari dagokionez ere. Hiritarrekin harremanak, elkarte zein eragile desberdinekin elkarlana, edota Udalean, beste indar politikoekin jorratutako bideak benetan aberasgarriak izan dira.
Zailtasunez eta gorabeherez betetako legegintzaldia izan da azken hau, hala nola COVID-19ren pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin dizkiezue aurre Getxoko Udalean?
COVID-19ak sortutako pandemiak mundu mailan sekulako eragina izan zuen eta jarraitzen du izaten. Udalean, lehenengo egun eta hilabeteak oso gogorrak izan ziren ezjakintasunagatik; fenomeno berri baten aurrean ginen, eta, hasiera batean, ez genekien nola jokatu. Ondorengo hilabeteetan, aldiz, segurtasun eza nagusitu zen gizartean. Benetan urte latzak izan ziren.
Hala ere, azpimarratu nahi dut, bai udal-taldeak bai Udaleko langileek ere, inplikazio eta profesionaltasun handiz erantzun ziotela egoera konplexu horri. Udaleko oinarrizko zerbitzuek eskaini zuten laguntza ezinbestekoa izan zen.
Udal gobernuaren lehentasuna izan zen pandemiaren eragina sufritzen ari ziren pertsonak, elkarteak eta sektore ekonomikoak laguntzea. Besteak beste, Getxo Ekinez programak izan ditugu 2020 eta 2021 urteetan ekintza desberdinen bidez getxoztarrei ziurtasuna eskaintzeko. Egitasmo horiek hainbat ekimen garatu zituzten sektore guztietan, batez ere, kaltetuak izan ziren gizarte, merkataritza, ostalaritza edota enpresa txikien arloan, baita kultur eta kirol mailako eragileentzat ere. Hala, jasandako egoera latzei aurre egin eta lagundu ahal izateko 13.100.000 miloi euro inbertitu genituen.
"COVID-19aren pandemiak eragindako egoera latzei aurre egin eta lagundu ahal izateko 13.100.000 miloi euro inbertitu genituen"
Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Hainbat eta hainbat izan dira Euzko Alderdi Jeltzaleak jasotako konpromisoak, eta bete egin direnak, edota betetzen ari garenak ere. Esanguratsuak dira HAPO, Getxoren etorkizuna sendo margotzeko ekimena, edota Romo auzoan izango dugun belaunaldien arteko elkarbizitzarako zentroa ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera egiten ari garen proiektua. Horrez gainera, mugikortasun eta irisgarritasunaren inguruan ere hainbat proiektu gauzatu ditugu, hala nola igogailuak, Areetako Zugazarteren eraldaketa edota Kale Nagusia eta Geltokia plazan berriztatzeko lanak ere. Era berean, Thinking Fadura parte-hartze prozesutik ateratako proiektuak ere nabarmendu behar ditugu, Fadurako garagardotegia esaterako. Eta nola ez, parte-hartze eta auzoak batuz, oso garrantzitsua den Bentaren berreskurapena, Andra Mari inguruan auzokideentzat aurrera doan proiektua.
Baten bat bidean egiteke gelditu zaizue?
Orain dela lau urte herritarrekin hartutako konpromisoak bete ditugu. Getxo herri jasangarriago, kohesionatuago, inklusiboago eta arduratsuago bat izateko etengabe egiten dugu lan; guztiontzako herria, giza-eskala mantenduko duena eta genero ikuspegia txertatuko duena.
Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?
Egoera normala da; politika mailan, beste arloetan bezala, denetatik dugu momentu desberdinetan. Udal taldeekin negoziatzeko eskuak zabalik izan ditugu aldiro, batzuetan akordioetara iritsiz eta bestetan politikan ematen diren liskarrak izanik.
Udalean egindako bide honetan, zein izan da zure erronkarik nagusiena politikari dagokionez?
Nik Getxoko Alkatetza jaso dut Euzko Alderdi Jeltzaleak, nire alderdiak, hautagai azaldu ninduelako, Getxoren Gobernua lau urtez gidatzeko talde benetan ezin hobearekin. Eta Getxoko herriak EAJ-PNVren proposamen hau nagusiki lagundu eta bermatu zuen. Ez daukat inolako erronka politiko pertsonalik, baizik eta Getxoren eta getxoztarren bizitza mailarik hoberenera eramaten laguntzea; kate baten maila gara gu.
"Ez daukat inolako erronka politiko pertsonalik, baizik eta Getxoren eta getxoztarren bizitza mailarik hoberenera eramaten laguntzea; kate baten maila gara gu"
Zeintzuk aurreikuspen dituzu hurrengo legegintzaldiari begira?
Pertsonak erdigunean izaten jarraitzea eta euren alde lan egitea, gaur egungo beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzunez. Politikagintza Zerbitzu Publikoa da. Getxon jaio, bizi, lan egin eta gozatzeko kalitatezko egoera eta ahal bezain eskaintza zabala izateko lan egitea da gure helburua.
Zelan uztartu dituzu agintari eta herritar gisako paperak zure bizitza pertsonalean?
Ahal izan dudan bezala. Inork ez daki, heldu arte, zer nolako eragina daukan zure bizitza pertsonalean, eta honi aurre egiten diot egunez egun ikasten, baina batez ere, ezinbestekoa izan da nire familiaren eta lagunen laguntza, ekipo bikaina izan dut.