Pertsona migratzaileei eta errefuxiatuei harrera egiteko Plana aurkeztu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 21a, 17:19

Aukera-berdintasuna sustatzeko eta kultura-aniztasuna abantaila gisa hartzeko asmoz, pertsona migratzaile eta errefuxiatuei zuzendutako harrera plana aurkeztu zuen atzo, astelehenean, Getxoko Udalak. "Immigrante eta errefuxiatuei zuzendutako Harrerako Lehen Zeharkako Plana. Getxoko Gizarte Kohesioa sustatuz, 2023-2026" izena daraman egitasmo hori osatzeko, bertoko hainbat gizarte-erakundek, udal- eta beste administrazio batzuetako teknikarik, migratzailek eta errefuxiatuk parte hartu dute lantze-prozesuan.

Atzo, astelehenean, Romo Kultur Etxean egindako aurkezpenean parte hartu zuten, besteak beste, migrazioetan eta babesean adituak diren Gloria Elena Rendon eta Vanesa Moragas, Plana sortzeko eta egiteko prozesuan lagundu dutenak, baita Migrazioen arloko ikertzaile seniorra eta CIDOBeko (Barcelona Centre for International Affairs) ikerketa-koordinatzailea den Blanca Garces Macareñas ere.

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, egitasmoa 2020-2023 Legegintzaldiko Planaren barruan dago, eta prozesu transbertsal eta parte-hartzaile baten emaitza da. Prozesu hori 2020an hasi zuten, eta hausnarketarako eta hainbat ikuspegitatik, esperientziatatik eta ezagutzatatik eraikitako konponbideak abian jartzeko prozesu kolektiboak bultzatu ditu, eta ikuspegi multidimentsionaletik egiten dio aurre harrerari. "Helburua izan da harrera-proposamenak modu komunitarioan eraikitzea tokiko gobernantzaren testuinguruan; izan ere, migrazioaren eta babesaren arloko erantzukizun publikoak nazioarteko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko lege-esparru bat du, tokiko kudeaketa barnean hartzen duena", azpimarratu dute.

Plana egiteko, Getxon bizi diren edo udalerriagaz harreman zuzena duten (bertan lan egiten dutelako edo bertan presentzia duten zerbitzuen edo erakundeen arduradun direlako) 188 pertsonak parte hartu dute. Gainera, lan handia egin dute dokumentuen analisian, plangintza-, jarraipen- eta baliozkotze-tailerretan, ordezkari politikoakaz egindako saioetan eta inkestetan, besteak beste, 47 etorkini eta errefuxiaturi. Izan ere, ezinbestekotzat jo zuten haien ahotsak sartzea, etengabeko elkarreraginagaz, laguntzagaz eta Gizarte Kohesioaren arloagaz batera eraikitzeko prozesuagaz. Carmen Diaz zinegotzi arduradunak ilusioz aurkeztu zuen dokumentu berria: “Dokumentua Udal Gobernuaren indarreko Legegintzaldi Planaren aginduari emateko erantzuna da. Izan nahi dugun hiriko 10 ardatzen artean, Getxo gure udalerrira iristen diren pertsona guztientzako harrera-leku gisa definitzen du".

Hiru arlotan egituratutako Plana

INE Espainiako Estatistika Institutuko datuen arabera, 76.365 pertsona zeuden erroldatuta 2022ko urtarrilaren 1ean, eta, horietatik, 8.148 atzerrian jaiotakoak ziren, hau da, biztanleria osoaren % 10,6. Horrek erakusten du, besteak beste, beste herrialde batzuetatik etorritako biztanleriaren kopurua handitu den arren, biztanleria orokorraren beherakada ez dela konpentsatzen. Getxoren tamainako hiri baten harrerak hiri handien aldean aukera eta erronka desberdinak izaten ditu; horregatik, Plana honako hiru arlo hauetan egituratzen da: Juridiko-politikoa eta indartze instituzionala, Sozioekonomikoa eta Soziokulturala. Arlo horietako bakoitzak helburu espezifikoak ditu, eta helburu horiek, era berean, ekintza estrategikoak (46 guztira).

  • Arlo Juridiko-politikoa eta indartze instituzionalaren helburuak zerbitzuetarako sarbidea hobetzea, eskubideetarako sarbidea erraztea, tokiko aniztasunaren gobernantza indartzea eta harrerarako komunikazio-bideak indartzea dira. Arlo honetako 18 ekintzen artean daude webguneko informazioa eguneratzea, Getxoko Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoak emandako zerbitzua errealitatera egokitzea, bereziki zerbitzu espezializatua, eta kultura arteko gaitasunetan trebatzea sustatzea tokiko administrazioak herritarrei ematen dien arreta hobetzeko.
  • Arlo sozioekonomikoaren helburuak honako hauek dira: laneratzea eta lanerako prestakuntza erraztea, etxebizitza duina lortzea, osasun-sarean eta hezkuntza-sisteman sartzea, eta gizarte-arretan aniztasunarekiko egokitzapena indartzea. 14 ekintza biltzen ditu, hala nola osasun mentalaren autozaintza-esperientziak partekatzeko sareak eta espazioak sortzea bultzatzea; proiektu pilotu bat egitea hezkuntza-espazio formal edo ez-formal parte-hartzailean familia etorkinakaz, haur eta nerabeakaz erronkak eta lan-ildo posibleak identifikatzeko, eta eten digitala murrizteko tailerrak egitea.
  • Eta, azkenik, arlo soziokulturalaren helburuak dira elkarregaz parte hartzeko eremuak indartzea, ondasun soziokulturaletarako sarbidea bermatzea eta hizkuntzak gizarte-kohesiorako tresna gisa ikastea. Ekintzen artean, migrazioei, aterpeari eta arrazismoaren aurkako lanari buruzko udal mahai iraunkor bat eratzea aurreikusten da, parte-hartze organo formal eta sistematizatu gisa, eta etorkinen eta errefuxiatuen artean euskararen erabilera sustatzeko koordinazio intersekzionala.

Aurrekariak

Getxoko Udala 2004az geroztik aniztasuna kudeatzeko eta harrera egiteko tokiko politika bat finkatzeko aurrera pausuak ematen ari da, eta, besteak beste, hurrengoetan ikusten da hori:

  • 2006-2009ko Immigrazio, Bizikidetza eta Gizarte Garapenerako Planaren proposamena.
  • 2008-2011 Legegintzaldiko Plana, migrazioak eta kulturartekotasuna zeharkako gisa txertatzen dituena hainbat helburu estrategikotan.
  • 2011n, Udala RECI, Kulturarteko Hirien Sarean sartu zen.
  • 2012-2015 Legegintzaldiko Planaren estrategietako bat da Getxoko herritarren integraziorako, kulturarteko bizikidetzarako, kohesiorako eta gizarte-garapenerako baldintzak erraztea.
  • Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III eta IV. Planek emakume etorkinak hartzearen eta Jabekuntza Eskola zabaltzearen alde egiten dute.
  • 2016-2019 Legegintzaldiko Planak ildo beretik jarraitzen du.
  • ESEP, Euskararen Erabilera Planak (2018-2022) kulturartekotasunaren ardatz estrategiko bat eta iritsitako pertsonen artean euskara sustatzeko neurriak barneratu zituen.

Gainera, nazioarteko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriagaz, gomendioakaz eta planakaz lerrokatu da Plana, eta arreta berezia jarri diote "Eusko Jaurlaritzaren Herritartasun, Immigrazio eta Asilorako 2022-2025 Kulturarteko VI. Plana"ri. Esparru horren ondorioz, 2020ko urrian harrera-diagnostikoa hasi zuten egiten, 2021eko ekainean aurkeztu zuten, Getxoko Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoa 2021eko uztailean jarri zuten abian, eta Plana atzo, martxoaren 20an, aurkeztu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun