Demografia

Getxo izan da auzokideak galdu dituen udalerri bakarra Uribe Kostan azken bi hamarkadetan

Iker Rincon Moreno 2022ko aza. 29a, 08:00

Uribe Kostak bere biztanleria areagotu du azken 20 urteotan, 2001etik 2021era, Eustat - Euskal Estatistika Erakundearen arabera. Denera, % 7,2 hazi da tokiko biztanleria, hau da: 11.500 pertsona gehiago bizi dira gurean. Hala ere, hazkundea ez da parekoa izan udalerri guztietan. Izan ere, tokiko 10 udalerrien artean bakarrak galdu ditu herritarrak: Getxok. Beste norabidean, Urduliz eta Berango izan dira gehien hazi diren udalerriak, % 53eko eta % 43ko hazkundeakaz.

Hego Euskal Herriak bere osotasunean bezala, Uribe Kosta eskualdeak ere bere biztanleria areagotu du azken bi hamarkadetan, 2001etik 2021era, hain zuzen ere. Hala, 20 urteotan, eskualdean % 7,2 handitu da populazioa, edo, gauza bera esanda: 11.500 pertsona gehiago bizi dira gure artean.

Hala ere, bilakaera hori ez da berdintsua izan udalerri guztietan, gehienek auzokideak irabazi dituzten arren, Getxok, berbarako, herritarrak galdu egin baititu 2001etik 2021erako aldian. Kasu horretan, iaz, % 5,18 getxoztar gutxiago zegoen udalerrian; kontrako norabidean, Urdulizek handitu du bere biztanleria gehien eskualdean, % 53 areagotu baitu erroldatutakoen zerrenda, 1.717 auzokide gehiagogaz.

Eskualdean, orokorrean, bilakaera- edo joera-mota bi ikus daitezke demografiari dagokionez azken bi hamarkadetan. Izan ere, Mankomunitatea osatzen duten udalerriek ia-ia etengabeko hazkundea izan duten bitartean, urtez urteko gorabeherak pairatu arren, Bilbo Handia deritzon inguruan dauden Erandio, Getxo eta Leioa udalerriek bestelako norabide bat izan dute. Leioa, hala ere, balantze positiboa izan du ia beti, 2004an eta 2017an auzokide apur batzuek udalerria laga izan zuten arren. Gainera, deigarria da azken urtean, 2021ean, bizi izan duen hazkundea, Urdulizek eta Berangok bereziki izan dutena bezalaxe, azken urteotako hirigintza-proiekzioaren eraginez.

Erandiok eta Getxok aldiz, joera bestelakoa bizi izan dute bi hamarkadotan. Lehenengoak beherakada nabarmena bizi izan du bigarren hamarkadan, baina, hala ere, balantze positiboagaz amaitu zuen 2021a, urte horretan auzokide asko galdu zituen arren. Getxoren kasuan, aldiz, deskalabrua izan da 2008tik aurrera, urtez urte herrikideak galdu baititu, 2017an loraldi txiki bat izan zuen arren.

Baina, zer gertatu da, bada, denek biztanleria irabazteko Getxok izan ezik?

20 urteotako jaiotzen eta heriotzen arteko aldeari erreparatuz gero, lehenengo kolpean ikus daiteke ia udalerri guztiek jaiotza gehiago dituztela heriotzak baino azken ia 20 urteetan, eta Getxok berak duela balantze negatiborik nabarmenena, eta bakarrenetarikoa, 2013tik aurrera batez ere. Hala ere, aldagai bi horiekaz bakarrik geldituko bagina, ikusiko genuke Barrikak eta Erandiok ere hazkunde negatiboa izango luketela, hildakoen eta jaiotakoen artean 155 eta 47 pertsonako hutsunea gelditzen baita bi hamarkaden ondoren bi udalerriotan, hurrenez hurren. Beraz, migrazio-fluxuek eragina izango ote dute honetan guztian?

Migrazio-fluxuei dagokienez, hau da, udalerriak utzi eta beste leku batera joandakoen eta beste udalerri batetik eskualdera etorritakoen kasuan –atzerritik zein ez– aldeak daude herriaren arabera. Joerak askotarikoak dira han eta hemen, baina, ia kasu guztietan, kanpotik etorritakoek ezin izan dituzte emigratutako hutsuneak bete bi hamarkadotan, salbuespenen bategaz. Denen artean, Getxoko kasua da aipagarriena, joandakoen eta etorritakoen balantzea nabarmen positiboa izan baita udalerri horretan, 2000ko lehenengo hamarkadan batez ere; 2005-2006an goia jo zuen immigratzaile kopuruagaz, eta, hortik aurrera, horien kopurua murriztuz joan zen 2015era arte, eta, hortik aurrera, gora egiten hasi ziren, 2020era arte. Plentzian ere, maila txikiago batean, antzeko joera bat hauteman ahal izan da bi hamarkadotan.

Bestalde, Urdulizen, 2006tik aurrera betez ere, emigratzaile gehiago egon da immigratzaile baino.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun