Aixerrota BHI institutuko Zuzendaritzak azaldu du "beti prest" egon dela ikasleakaz hitz egiteko eta haien iritziak jasotzeko, baina argitu gura izan du eztabaida piztu duen neurria Hezkuntza Sailetik datorrela, eta pandemiaren aurretik ere ezarrita zegoela, "nahiz eta pandemia-urteetan bertan behera utzi izan dugun". Azaldu duenez, 201/2008 Dekretuan ezarrita dago zehazki justifikatu gabeko puntualtasun-hutsegiteak neurtu beharra daudela, baina ez diziplina-zigorrak ezartzeko, baizik eta berandutzeak ekiditeko.
Azpimarratu du, gainera, nahigabeak edonori gerta dakizkiokeela, normala dela, eta ez dutela inor zigortuko horregatik. Hala ere, ohartu du justifikatu gabeko berandutzeak edota hutsegiteak sistematikoki errepikatzen direnean, orduan bai esku hartu beharko luketela, legeak hala eskatuta: "Hiru aldiz berandutzeagatik ez da ezer gertatzen, edonori gerta dakioke. Ohar bat igortzen diegu gurasoei, baina ez da espedienterik zabaltzen".
Ikasle Abertzaleak taldeak zabaldutako oharraren eta protesten harira, Aixerrota BHI institutuko Zuzendaritzak azpimarratu du beti egon dela prest haiekaz berba egiteko, baita astelehen honetan, hilaren 20an, ikastetxeko sarreran egin zuten protestan ere. "Berandutze neurririk ez" lemaren pean, 30-40 ikasle inguruk eserialdia egin zuten lehenengo orduan, 08:30ean; Zuzendaritzak azaldu duenez, haien asmoa hasieran zen 10-15 minutu irautea protestak, ondoren klasera sartu eta berandutzeak ez erregistratzeko. Ikastetxeko arduradunek, baina, ohartarazi zieten neurria indarrean dagoela, eta ezinezkoa zela hori. Gauzak horrela, neska-mutil batzuek protestaldia luzatu zuten, 11:00ak aldera arte. "Protesta horren baitan ere, Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeko kideekin hitz egin genuen, institutuko ikasleak ez izan arren", adierazi du Zuzendaritzak.