Daborduko 33 urte pasa dira aurrenekoz San Nikolas plazako frontoian pala txapelketa jokatu zutenetik. Ordutik, urtetik urtera aritu dira lehian, pandemiaren eraginez ezinezkoa izan zuten bi urteak kenduta, eta inoiz baino indartsuago dabil egitasmoa orain.
Unai Garduño antolatzaileetako batek azaldu duenez, 29 bikotek eman dute izena mutilen 1go mailan, eta beste 48 bigarren mailan. Nesken kasuan, aurreko edizioetan baino kirolari gehiagok izena eman dutela nabarmendu du: 12 bikote 1go mailan eta 8 talde 2. mailan. Aurten gainera, kategoria berri bat jarri dute abian: +100 maila. Horretan, bikoteen arteko adinak batuz 100 urte edo gehiago bete behar dituzte, eta, denera, zazpi talde arituko dira horretan norgehiagoka.
Maila bakoitzeko partiduak astelehenetik barikura jokatuko dituzte, arrastietan. Finalak, berriz, ekainaren 17an izango dira. Gainera, oraingoan, partidu guztien informazioa eta gehiago sareetatik partekatuko dute aurten, Instagram bidez.