Elkarrizketak

I. Aldama eta A. Martiarena: "Grafitiak karabanetan apaingarri moduan margoztuz euren zentzu artistikoa ikusarazten dugu"

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 12a, 09:39

Irati Aldama eta Asier Martiarena, Algortagraff ekitaldiko 4. edizioa antolatzen dabiltza.

Aurten ere, Algortagraff grafiti ekitaldiko 4. edizioa ospatuko dute Algortako San Inazio jaietan, uztailaren amaieran. Bertan, penintsula osoko 20 artista inguruk jendeak utzitako furgonetak edota karabanak margotuko dituzte egun osoan zehar, horiek mihise bezala erabiliz. Ekitaldiko antolatzaileen arabera, egitasmoaren helburu nagusia da erakustea grafitia arte bat dela eta, horregatik, aurten ere, apaintzeko ibilgailu berrien bila dabiltza. Hala, ekitaldiko antolatzaile Asier Martiarena eta Irati Aldamagaz elkartu gara Algortagraff proiektuaren nondik norakoak hurbiletik ezagutzeko.

Zer da Algortagraff?

ASIER MARTIARENA: Algortagraff Algortan antolatzen den grafiti ekitaldia da, eta, bertan, penintsulako artista ezberdinek jendeak utzitako ibilgailuetan grafitiak doan margotzen dituzte. Furgoneten jabeek egin behar duten bakarra euren ibilgailua ekartzea da, eta artistak egun osoan zehar margotzen aritzen dira. Halaber, postutxo ezberdinak jartzen ditugu sortzaile guztiek euren obrak saldu ahal izateko, hala nola kamisetak, ilustrazioak, edota koadroak. Hala, artista gonbidatuekin truke bat sortzen da: haiek jendeak ekarritako ibilgailuak apaintzen dituzte eta trukean, artista gisa Euskal Herrian ikusgarritasuna lortzen dute.

Nola sortu zen egitasmo honen ideia? Gabeziaren bat sumatu zenuten?

A.A.: 1997 eta 2005ean grafiti-lehiaketa ezberdinak antolatu zituzten Algortan, baina azkenengoak ez zuen oihartzun handirik lortu. Horregatik, duela sei urte Algortako jai batzordearekin harremanetan jarri ginen Algortagraff ekitaldia proposatzeko, baina, COVID19-a dela eta, urte batzuetan ezin izan dugu antolatu. Lehenengo edizioan, ohikoa den bezala, grafitiak oholetan marraztu genituen, baina gero pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela furgonetetan, autokarabanetan edota kamioetan grafitiak  margotzea. Era horretan lana aurrezten dugu, eta oholetan egitea baino askoz bisualagoa eta originalagoa da. 

IRATI ALDAMA VALLEJO: Ekimen honekin, grafitia arte bat dela azpimarratu nahi dugu. Aurreiritzi handiak daude grafitiekin; askok hormak zikintzen dituzten irudi itsusi moduan ikusten dituzte. Baina grafitiak karabanetan apaingarri moduan margotuz euren zentzu artistikoa ikusarazten dugu.

Zergatik karabanak eta ez beste ibilgailuren bat?

A.A.: Guk gehienbat furgonetak, karabanak, autokarabanak edota kamioiak bilatzen ditugu margotzeko eremua zabalagoa dutelako. Izan ere, mihise horrekin sortzea errazagoa da artistentzako. Pasa den urtean, leiho asko zituen ibilgailu bat izan genuen, eta egia da azkenean apur bat desitxuratuta gelditzen dela diseinua. Bestalde, furgoneta bakoitzeko bi artista daude margotzen, beraz, oso ondo pentsatu behar dut nori egokituko diodan lan bakoitza emaitza uniformea izan dadin. Leihatila asko dituzten ibilgailuak momentuz konfirmatu gabe uzten ditugu, nahiago ditugulako auto handiagoak.

Nolakoa izan da harrera aurreko urteetan?

A.A.: Lehen esan bezala, lehenengo edizioan artistek oholetan margotu zuten, eta nahiz eta harrera ona izan, ez ginen beste grafiti ekitaldietatik ezberdindu. Ordea, ibilgailuetan margotzen hasi zirenean, oihartzun handia sortu genuen herrian. Adibidez, bigarren edizioak arrakasta handia eduki zuen 15 metroko hipikako kamioi handi bat etorri zelako, eta horrek jende asko erakarri zuen. Hirugarren edizioaren kasuan, okurritu zitzaidan Muxikebarriko inguruaz gainera, Basagoiti etorbideko leku ezberdinetan zentratu gintezkeela. Izan ere, bertan taberna ugari daude, eta jende gehiago hurbildu zen ekitaldira.  

Aurtengo edizioan berrikuntzarik dago?

A.A.: Aurten, Muxikebarriko plaza ondoan dauden tabernekin elkarlanean arituko gara. Laguntza eskatu diet artistentzako edariak eta janaria doan emateko, gastu hori kenduta gehiago inbertitu dezakegulako margoan. Hala, gure artean laguntzen gara: ekitaldiak jendea erakartzen du bertako tabernetara, eta haiek euren zerbitzuak eskaintzen dizkigute.

Momentu hauetan aurtengo ediziorako ibilgailu gehiagoren bila zabiltzate, ezta?

A.A.: Bai. Lehen esan bezala, zehazki, leihatila gutxi dituzten ibilgailu handien bila gabiltza, furgonetak edota karabanak. Interesa edukiz gero nirekin harremanetan jarri daitezke 635 006 908 zenbakira deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun