Elkarrizketak

Xumel: "Gure lehen esperientzia EParekin izan zen"

Asier Barruetabeña Rivallo 2023ko api. 13a, 08:30

Xumel taldeko kideak.

Algortako inauterien bezperan, ezohikoa den giroa bizi izan zuen San Nikolas plazak. Algortako jai batzordeak antolatutako maketa-lehiaketa zela eta, enparantza gaztez bete zen kriston giro musikazalea sortuz. Gaurkoan, bertan parte hartu eta lehen saria irabazi zuen taldea dugu gurekin, Xumel.

Nortzuk zarete Xumel, eta nondik zatozte?

Getxoko laukote gazte batek osatzen dugu. Peio, baterian; Jon, gitarran eta ahotsean; Martin, baxuan eta teklatuan; eta Iker, gitarran eta ahotsean aritzen gara. Aurretik kide batzuk elkartu ziren beste talde batean, geroago Xumel sortzeko, 2020an. 

Hasieran, ingelesezko bertsioak jotzen genituen eta, gaur egun, gure abesti propioekin ari gara. Gure estiloa rock klasikoa izanda ez gaitu beldurtzen beste generoen tantak gehitzea, eta rock progresiboa, bluesa edota reggaea bezalako estiloekin esperimentatu dugu jada. Aurreko azaroan estudio batean lau abestietako EP baten grabaketari ekin genion, Framed izenekoa.

Zeintzuk dira zuen influentzia musikalak?

Gustu eta erreferentzia musikal desberdinak dauzkagu; punk-, jazz- eta funk-zaleak gara. Baina rockaren munduan denok daukagu elkarketa-puntua. 

"Hemendik eta uda-hasierara arte kontzertuak emateko aukerak kudeatzen ari gara, udan maiztasun handiagoarekin jotzeko aurreikuspenarekin. Ostean, estudiora bueltatzeko asmoa dugu, proiektu handiago bat grabatu ahal izateko. Gure lehenengo esperientzia EParekin izugarri ona izan zen-eta". 

Hain gazteak izanda, zelan ikusten duzue Euskal Herriko eta zuen herriko musika eszena?

Txarto ikusten dugu panorama orokorrean; egia da Euskal Herrian babestuago egon direla rocka eta bere azpigeneroak musika-estilo berrien aurrean, baina geroz eta «minimalistago» egiten ari da musika. Entzuleei eskaintzen zaiona tendentziekin baterakorra izatearekin nahikoa da, eta tendentzia horiek, gure ustez, sinplifikazioz beteriko musika da. Ez du zertan txarra izan behar horrek, noski; konplexutasunak ez zaitu hobeago bihurtzen.

Zelan da rock talde bat sortzea reggaetoia eta traparen garaiotan?

Garai zailak dira rock talde batentzat. Eta ez soilik orain komentatu dugunagatik, baizik eta zuzeneko ekitaldiak prestatzerakoan ere egin behar diren esfortzuengatik. Materiala, garraioa… Eta hori gutxi ez balitz, kontzertu batera zoaz jotzera eta ez dakizu jendeak bere partetik jarriko duen ala ez. 

Hasiberriak izanda, zelan ikusten duzue musika zuzenean jotzeko dauden aukerak?

Rockaz zuzenean gozatzeko modu konbentzionalak desagertzen ari dira; tabernetan, adibidez. Estudioko lan bat eduki behar duzu jendeak serio hartzeko. Zentzu horretan, maketa-lehiaketak ezinbestekoak dira.

Algortako jai batzordeak antolatutako maketa-lehiaketan izan zineten. Zelan izan zen esperientzia?

Algortako maketa-lehiaketan bizi izan genuen esperientzia hoberena izan zen, estudioaren esperientziaren ostean. San Nikolas plaza nahiko beteta egon zen. Kontzertu nahiko ona egin genuelakoan gaude eta hurbildu zitzaigun jendeak esan zigun asko gustatu zitzaiela entzun zutena. Gainera, lehenengo saria irabazi genuen eta beste behin jotzeko aukera izango dugu Algortako jaietan uda honetan. Eskerrak eman nahi genizkioke Algortako jai batzordeari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun