Algortako Alango osasun zentroan aritu dira gaur goizean Algortako herri-plataformako kideak manifestazioaren inguruko informazioa zabaltzen. Ekintzaileetako batek azken hilabeteetan Osakidetzan nabaritu dituzten arazoak azaldu ditu: "Alde batetik, hitzordu bat lortzeko itxarote zerrendak oso luzeak dira, eta, batez ere, espezialistekin kontsulta lortzea oso zaila da. Gainera, askotan, langileen artean dauden errotazioek arazo handiak sortzen dituzte lehen-mailako arretan. Izan ere, batzuetan ez dakizu zehazki nor den zure medikua edota erizaina". Horrenbestez, Algortako plataformako kideek argi dute osasungintza publikoak zuzeneko eragina duela gizartean: "Ez badago osasungintza on bat herritarrak artatzeko, sistema pitzatzen hasten da. Bestalde, langileen baldintzek ere kezkatzen gaituzte, haien bizitzetan eragina izateaz gain, herritarrengan eta gaixoengan inpaktu handia duelako".
Algortako herri-plataformako kideak azaldu bezala, momentu honetan, EAEn antolatutako zapatuko manifestazioak dira euren ekimen nagusiak. Halaber, bestelako ekintzei babesa ere emango diete: "Sindikatuek maiatzaren 18 eta 19rako grebara deitu dituzte Osakidetzako langileak. Zalantzarik gabe guk ere mobilizazio horiek babestuko ditugu, eta jarraituko dugu behar den guztia egiten". Hala, etorkizunari begira ekimen ezberdinak egingo dituztela azaldu du osasungintza duin bat defendatzeko: "Gure arteko eztabaiden eta proposamenen arabera egitasmo berriei ekingo diegu; ez gara geldirik geldituko".