Zein da gaur egun EAEko osasun publikoak bizi duen egoera?
Hitz batean laburbildu beharko bagenu, utzikeria da nabarmendu beharko genukeena. Pandemiaren aurretik, jada, osasun sistema publikorako inbertsioa zeharo eskasa zen, urtez urte baliabideak murrizten joan dira, eta pandemiaren ostean, are egoera kaxkarragoan aurkitzen gara: aurrez aurreko arretarik eza, behin-behinekotasun tasa handiak, lanaren gainkarga sistematikoa, giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan-baldintzen prekarizazio eta murrizketak, zerbitzuen externalizazio eta pribatizazioa. Pandemiak osasun sistema publikoa indartzeko balio behar zuen, baina, horren ordez, atzerapausoak baino ez dira eman, epe laburreko erabakiak hartu direlako, interes pribatuen alde eginez.
Tamalez, osasun sistema publikoarekin ez ezik, zerbitzu publiko guztietan ematen ari da pribatizaziorako joera hori. Eta zer gertatzen da sistema publikoak herritarron beharrak asetzen ez dituenean? Pribatura eta mutuetara jotzen duela jendeak, sozioekonomikoki horretarako aukera duenak, noski. Eta horrek, finean, arrakala eta ezberdintasun sozialak areagotzea dakar.
Horri aurre egiteko plataforma sortu duzue Algortan. Zein da zehazki zuen zeregina?
Esan bezala, osasun zerbitzu publikoak gero eta ahulagoak dira; pandemiaren aitzakiapean gure eskubideak murrizten eta sistema publikorako irisgarritasuna oztopatzen joan dira. Hori horrela, osasun langileak greba aldi ezberdinak egiten ari diren era berean, uste dugu herritarrok, erabiltzaile gisa, euren aldarrikapenak babestu eta, bereziki, guk soilik exijitu ditzakegunak defendatzeko beharra eta erantzukizuna dugula. Hori dela eta sortu genuen plataforma herritar hau, gure herrikideak egoeraz jabetu eta horren aurrean mobilizatzeko zereginarekin.
18 puntuko aldarrikapen taula mamitsu bat osatu dugu plataformaren egunerokoan gaudenon zein asanblada irekietara gerturatu garen kideon artean, eta nagusiki bi ardatz markatu ditugu: pribatizazioekin amaitu eta Osakidetzaren desegitea geldiarazteko urgentzia; eta kalitatezko osasun zerbitzu publiko eta unibertsalaren alde egiteko beharra, batez ere Lehen Mailako Arretaren indartzean fokua jarrita.
"Osasun langileak greba aldi ezberdinak egiten ari diren era berean, uste dugu herritarrok, erabiltzaile gisa, euren aldarrikapenak babestu eta, bereziki, guk soilik exijitu ditzakegunak defendatzeko beharra eta erantzukizuna dugula"
Zer motatako ekintzak egin dituzue orain arte? Eta zeintzuk dituzue buruan etorkizunean?
Gaur arte hainbat asanblada ireki egin ditugu, batzen gaituzten helburuak finkatu eta plataformari forma emateko batez ere. Argi geneukan, alabaina, plataforma eratzen joan ahala, paraleloki egitasmo ezberdinak egiten eta mobilizatzeko guneak zabaltzen joan behar genuela, egoeraren larritasuna dela eta.
Alde batetik, kontzientziazio lana egin nahi izan dugu eta, horretarako, aldarrikapen-taulako puntuekin esku orriak banatu ditugu gure herriko osasun zentroen atarietan eta baita metro irteeretan ere. Ildo beretik, pasa den martxoaren 22an oso hitzaldi interesgarria antolatu genuen Osalde elkarteko kide batekin, Osakidetzako langile batekin eta Gasteizko plataformako kide batekin. Osakidetzaren eta osasun langileen egungo egoera azaldu ziguten, osasun zerbitzu publikoen hustutze eta pribatizazio prozesuak testuinguruan kokatu zizkiguten, eta interbentzio herritarra nondik nora egin marrazten lagundu ziguten.
Bestetik, kalera ateratzeko hainbat ekintza ere antolatu ditugu. Urtarrilean, sindikatuek deituriko greba egunen harira, osasun zentroen aurrean mobilizazioak deitu genituen, eta otsailean hautu propioz manifestatu ginen berriz ere. Orain, Hego Euskal Herriko beste herri plataforma batzuekin batera, apirilaren 2-3ko astebururako mobilizazioak deitu ditugu hiri eta herri askotan. Gurean, apirilaren 2an izango da, 13:00etan; San Nikolas plazan batuko gara. Kontzentrazioa egiteaz gain, mahai informatiboa jarriko dugu plazan, eta, beraz, guregana jotzeko eta informazioa jasotzeko aukera egongo da, interesa duenarentzat.
Ahaztu aurretik, beste egitasmo bat ere aipatu nahi genuke. martxoaren 22 goizean Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko plataformek ordura arte zenbait herritan bildutako 1.200 erreklamazio orri inguru OSI Uribeko zuzendaritzari helarazi genizkion, Urdulizko ospitalean egin genuen agerraldian.
Askotan entzun izan dugu Osakidetza eta EAEko osasun publikoa “munduko onenetarikoa” dela. Hala da?
Hala saldu izan zaigu bai, baina egia esan, horrela izatetik oso urrun gaude. Osakidetzako langileei galdetzea besterik ez dago, baina gutako bakoitzak ere ziurrenik norbere azalean pairatu izan ditu gure osasun sistemaren hutsuneak eta arrakalak. Izan bada ere, gure osasun sistema publikoak gabezia asko ditu, koiunturalak baino gehiago estrukturalak direnak.
Estrategiarik ez izatearen ondorio zuzena da hori, gizarteak dituen osasun beharrei baino, interes puntualei erantzuten zaiolako. Jendarte osasuntsu bat nahi baldin badugu, osasun sistemak osasun baldintzatzaileei erreparatu eta eragin beharko die, alegia, gaixotzen gaituzten arrazoiei (etxebizitza eta lan baldintza duinik ez izatea, ingurugiro osasuntsuan ez bizitzea, etab.). Hari beretik, kalitatezko osasun sistema publikoaren ezaugarrietako bat ekitatea izanik, berau bermatzea ezinezkoa izango da publiko-pribatu duplizitatearekin moztu ezean.
Hortaz, osasun sistema publikoaren egungo krisiaren arrazoiak ez dira soilik profesionalen falta eta ustekabeko pandemiaren aurrean babes edo txerto baliabiderik ez izatea, gure gobernuetako kudeatzaileek dioten bezala. Osasun sistema publikoaren egungo degradazio egoera gure gobernuek aurrekontu publikoak osasun negozio pribatuen interesen alde erabiltzeko egindako apustuaren emaitza da, urtez urte Eusko Jaurlaritzak hartutako politiken ondorioz, hain zuzen ere.
"Jendarte osasuntsu bat nahi baldin badugu, osasun sistemak osasun baldintzatzaileei erreparatu eta eragin beharko die, alegia, gaixotzen gaituzten arrazoiei"
Pandemiak gogor kolpatu du Lehen Arreta, eta oraindino ez da lehengoratu. Zer dela eta?
Zalantzarik gabe, Lehen Arreta izan da eta izaten ari da kaltetuena. Pandemiaren aurretik, Lehen Arretako langileak mobilizatzen ikusi genituen, grebak eginez eta Lehen Arretarako hobekuntzak aldarrikatuz. Zerbitzua sekula ez da aski izan. Testuinguru horretan heldu zen pandemia, baita honek eragindako krisi anizkoitzak ere (sindemia gisa izendatu izan dena), Lehen Arreta itolarrian eta aurreko krisitik atera gabe zegoen unean. Beraz, argi gelditu dadila, ez dugu aurreko egoera eta eredura bueltatu nahi, Lehen Arreta indartsu bat nahi dugu.
Lehen Arreta prebentzioa da, hurbiltasuna da, irisgarritasuna da, baina urteak daramatzagu baliabide ekonomikoak gero eta gehiago ospitaleetara bideratzen ari direla ikusten, prebentziora bideratu beharrean. Kudeatzaileek, bistan da, ez diote inolako arretarik eskaintzen Lehen Mailako Arretaren kostua txikia delako eta gainera ez duelako etekin ekonomikorik ematen. Lehen Arreta inbertsioa da, etekinak sozialki eta luzera begira ematen dituelako. Begirada altxatu dezagun.
Tamalez, osasun zerbitzuak kontsumorako baliabide izango balira moduan gorpuzten ari dira, merkatu kapitalistaren logikan negozioa bilakatu dira. Bizitzaren ezinegonak gero eta medikalizatuago daude, eta kontrara, Lehen Arreta gero eta ahulago dago, berau sendotzeko borondaterik ez eta interesik ez dagoelako. Esan bezala, herritarron ongizatea baino, mozkinak atera nahia delako lehenesten dena. Hemen kolokan dagoena eredua bera da, bizitza ala kapitala, zein edo zein erdigunean jarri.
Zein da Osakidetzaren papera horretan guztian?
Osakidetza da arduradunetako bat, baina tentu, Osakidetza ez da erakunde abstraktu bat, hor arduradunak daude, gestoreak daude, eta baliabideak faltan dauden arren, hori Eusko Jaurlaritzaren ardura ere badena, gaur gaurkoz dagoena ondo kudeatu behar da. Osakidetzan izugarrizko profesionalak egon badaude.
Hego Euskal Herriko plataformekin batera egindako komunikatuan adierazten genuen bezala, gaur inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak; izan ere, gobernuok gai dira egun batetik bestera milioika euroko kopuru izugarriak bideratzeko banku pribatua salbatzera, energia-industrien espoliazioa ordaintzera edo industria militarraren gastu estratosferikoei aurre egitera.
"Gaur inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak"
Herri-plataforma bat zarete; nortzuk osatzen duzue hori?
Plataforma herritarra gara bai, gure parte hartzea eta esku hartzea ikuspegi horrekin egiten dugulako. Pentsionistak gara, osasun langileak ere bai, bestelako arlo sozialen batean lanean gabiltzanak. Baina, azken batean, denok gara herritar arduratuak. Batzen gaituena gertatzen ari denaren kezka da, beste osasungintza eredu bat posible dela pentsatzeak eraman gaitu antolatzera. Beraz, gure aldarria herritar modura egiten dugu, eta aldarri zein behar berdinak dituen edozein herritarrek du lekua gurean.
Osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoa aldarrikatzen duzue. Zer behar da hori lortzeko?
Bada, neurri asko hartu beharko lirateke eta beste asko alboratu. Hasteko, publikoa izateko 15/97 legea bertan behera utzi beharko litzateke, zeinak osasun zerbitzuen hornitzaile desberdinak egon daitezkeela zehazten duen, edozein eremu pribaturi osasungintzan negozioa egitea ahalbidetuz. Unibertsala izan dadin bermatzeko 16/2012 Errege dekretua ere bertan behera gelditu beharko litzateke, zeinak osasun zerbitzu publikoak kostu indibidual gabe jasotzea murriztu egiten duen eta egunero errolda exijitzen duen. Azken horrek, aldaketaren bat edo beste gorabehera, gaur gaurkoz bere horretan jarraitzen du.
Baina lege orokorrez gain, kudeaketa da pieza garrantzitsuenetariko bat, bai eta botere guneetatik egin daitezkeen politikak ere. Hego Euskal Herriko plataformen koordinadoratik pare bat eskaera jarri ditugu mahaigainean: bata, Osasun Sailetarako aurrekontuak egungo % 5,5etik % 7ra igotzea, eta bestea, Lehen Mailako Arretaren finantzaketa egungo % 15etik % 25era igotzea, Osasunaren Mundu Erakundeak ezartzen duen bezala. Zerbitzuen pribatizazioen, itun publiko-pribatuen, pazienteak osasun-negozio pribatuetara arrazoirik gabe bideratzearen, funtzionarioen mutualitateen eta mutuen mantentzearen odolustea eten egin behar da, diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko inbutuak besterik ez direnak. Industria farmazeutiko publikorik ezarekin amaitu behar da.
Zentzu berean, harritzekoa da egungo osasun langileen formakuntza gehiena esku pribatuetan egotea, gehienetan farma-industriaren esku; nola eraikiko dugu osasun sistema publiko eta duina, formakuntza bera ez bada publikoa ez eta duina ere?
Beharrezkoa da Lehen Mailako Arretan oinarritutako sistema bat, osasun publikoa indartuko duena, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena, osasun fisikoa, mentala, aho-hortzetakoa, ingurumenekoa, lanekoa… doakoa izango dena, koordainketarik gabe eta ikerketa bultzatuko duena. Eta beste ideia bat gehitzearren, asanbladetan askotan hitz egin dugu herritarron parte hartzeko bideez, herri kontseilu gisako edo antzeko egitura parte hartzaileak zabaltzeko beharraz. Nolabait esanda, Osakidetza “demokratizatu” eta “gardendu” behar dela uste dugu.
Tira, ez dago lan gutxi egiteko, baina borondatea izanez gero, posiblea da. Posiblea, eta beharrezkoa. Horretan gaude gu, eta bide horretan presio mekanismoak eta herritarrak aktibatzeko moduak pentsatzen jarraituko dugu.