Itzubaltzeta/Romoko bizilagunek elkarretaratzea egin dute Alejo Aznarrena bezalako hilketak berriro gerta ez daitezen eskatzeko

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 26a, 12:28

Apirilaren 24an, 24 urte bete ziren Alejo Aznar Itzubaltzeta/Romoko eskalea hil zutenetik auzoko San Jose elizako atarietan. "Ezohiko indarkeriaz erabilitako hilketa" hori oroimenean izateko eta halakorik gehiago gerta ez dadin exijitzeko, elkarretaratzea egin zuten astelehenean hainbat bizilagunek auzoko elizaren ondoan.

1999ko apirilaren 24an, hainbat pertsonek kalean bizi zen Alejo Aznar eskaleari eraso egin zioten Itzubaltzeta/Romoko San Jose elizako atarietan. Bi metroko burdin-barra bat erabili zuten biktima jipoitzeko, zaborrontzien eremuak mugatzeko erabiltzen ziren horietakoak, El Pais egunkariak garai hartan publikatutakoaren arabera. Kronikek diotenez, erasotzaileek behin baino gehiagotan jazarri zuten Aznar, hura mehatxatzen eta umiliatzen, jipoia emanez hil zuten arte.

Hilketak oihartzuna izan zuen komunikabideetan, baina, astelehenean elkarretaratzean batutakoek deitoratu zutenez, ondorengo isiltasuna "beldurgarria" izan zen. Inork ez zuen testigantzarik eman, inork ez zuen ezer ikusi, antza: "Alejo ez zen inor". Hilketan parte hartu zutenetatik pertsona bakarra kondenatu zuen epaileak, "komunitatearentzako lanak" egitera.

"Gertaera krudel horrek eta izan zituen ondorioek agerian uzten dute jendartearen jarrera hipokrita, paternalista; ahulenarekin gogor jarduten duena eta indartsuarekin ahul. Jendarte kapitalista, kontsumoa eta arrakasta bezalako balioetan sostengatzen da, eta Alejok aspaldi utzia zion produktibo izateari. Zikina eta marjinala zen", salatu zuten elkarretaratzean. "Ez zen estetikoa, azalekoa gailentzen den jendarte horrek ez zuen Alejorentzako lekurik. Inori ez zion axolarik etxegabe honek", azpimarratu zuten.

Alejo Aznar gogoan izateaz gainera, elkarretaratzean batutakoek azaldu zuten kalean bizi diren pertsonen % 47k erasoak eta umiliazioak pairatu dituela, RAIS fundazioaren txostenak emandako datuak mahai-gaineratuta. Era berean, jakinarazi zuten erasotzaileen % 28,4 festan zeuden gazteak izaten direla, % 10 poliziak eta % 7,3 talde neonaziak.

Elkarretaratzearen argazkiak Sare Antifaxistak bidalitakoak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun