Elkarrizketak

L. Mintegi, I. Paya eta A. Zamorano: "Euskararik gabeko 'euskal' kultura bat sortzeko tentazioa dago"

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 28a, 09:25

Laura Mintegik, Itxaso Payak eta Asier Zamoranok parte-hartu zuten "Harro hadi Kantauri itsasoa" mahai-inguruan.

Apirilaren 19an, Eustakio Mendizabal Txikia-ren erailketaren 50. urteurrena bete zen, eta bera omentzeko "Harro hadi Kantauri itsasoa" izeneko mahai-ingurua antolatu zuten Algortako Villamonte Kultur Etxean. Bertan, Euskal Herriko berpizte kulturala eduki zuten hizpide, eta, horregatik, hitzaldia eman zuten Laura Mintegi Lakarra idazle eta EHUko irakasleagaz eta Itxaso Paya Ruiz sortzaileagaz elkartu gara, baita ekimeneko arduradun Asier Zamoranogaz ere. Hala, euskal kulturaren bilakaeraz mintzo gara haiekaz.

50 urte hauetan nola aldatu da euskal kultura?

Kultura beti da bere garaiaren alaba; ezin da estrapolatu egoera politikotik edo egoera sozio-ekonomikotik. 1973an botere politikoak ukatu egiten zituen euskara eta euskararekin zerikusia zuen guztia eta, horrela, euskal kultura ere ikusezina bilakatu zen eremu publikoan. Euskaraz aritzen ziren ikastola apurrak elizaren babespean zeuden, liburu gehienak Iparraldean edo erbestean argitaratzen ziren (Txilen, Guatemalan eta Argentinan), bertso saioak egiteko baimena Madrilen eskatu behar zen eta aurretik zentsurak onartu behar zituen kantatuko ziren bertsoak, eta musika emanaldiak antolatzeko baldintzak oso estuak ziren. Halaber, euskara ikastea egintza sasi-klandestinoa zen.

 ""Euskararen ezagutza, egun, bermatuta dago; orain dela 50 urte hasitako lanaren fruituari esker, noski. Erabilera, aldiz, beste kontu bat da"

1975etik aurrera egon zen aldaketa politikoak ekarri zuen euskal kultura zulotik ateratzea eta erraztu zuen musika, literatura, bertsolaritza eta hezkuntza sistema euskaraz sortu eta hedatzea. Hedapen horren emaitza gisa, bertsolaritzaren kasua azpimarratzekoa da, izan ere, euskal kulturaren adierazgarririk nagusienetako bat da egun. Algortan bertan, Fredi Paia, Xabi Paya zein Jone Uria bertsolarien existentzia ez da kasualitate bat; nabarmenak dira aldaketa politikoak eta eboluzio bat izan dute. Euskararen ezagutza, egun, bermatuta dago; orain dela 50 urte hasitako lanaren fruituari esker, noski. Erabilera, aldiz, beste kontu bat da. 

Zer mugarri identifikatzen dituzue?

Aipatu bezala, 40 urteko diktadurak egoera prekarioan utzi zituen hizkuntza eta kultura, baina hiru mugarri oso argi daude: euskalduntzea, prentsa eta ikastolak. Hasteko, lehentasun handiena zen hizkuntza bera homologatzea eta gaurkotzea. 1968an Euskaltzaindiak hasi zuen Euskara Batuaren prozesuari esker posible izan zen bateratzea liburuen edizioak eta irakaskuntzarako materialak, hizkuntza estandar baten ezean ezinezkoa baitzen euskalki bakoitzean testuak produzitzea. Hizkuntza estandarizatzeak ahalbidetu zuen hizkuntza irakastea, prentsa garatzea eta hezkuntza euskaraz ematea. 

Prentsari dagokiola, diktadurari ozta-ozta eutsi zioten aldizkari gutxi batzuek, beti ere elizaren babespean. Zeruko Argiak 1919tik zekarren ibilbidea gerrak moztu zuen eta 1963an berpiztu zen kaputxinoen jabetzapean. 1937an Eguna egunkaria itxi behar izan zutenetik (frankistak Bilbora sartu baino hiru egun lehenago) 1990ra arte, ez zen egon euskara hutsezko egunkaririk.

"Postmodernitateak eta, batez ere, feminismoak, eragin handia izan du gaur egungo kulturan eta, hortaz, euskal kulturan ere bai: 'Pertsonala politikoa da' leloak aldatu du adierazpide kulturalaren jitea"

Musikagintzan egon zen mugimendu goiztiarrena Ez Dok Amairu izan zen (1966-72), eta, giro itogarri hartan, musika euskaraz egin ahal izateko aldarri ozena agertu zuen. Taldea osatzen zuten Mikel Laboa, Jose Anton Artze, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundi kantariek. Gerora, musika emanaldiak ugaritu ziren eta beste kantagile batzuk sortu ziren, Oskorri, Ruper Ordorika, Xeberri, Gontzal Mendibil eta Urko horien artean, 1980ko hamarkadan beste berpizte bat gertatu zen arte. Rock Radical Vasco (1983) delakoa eraginkorra izan zen euskal kultura hedatzean, hari lotuta egon baitziren fanzineak, irrati libreak eta gaztetxeak. 

Bukatzeko, postmodernitateak eta, batez ere, feminismoak, eragin handia izan du gaur egungo kulturan eta, hortaz, euskal kulturan ere bai: "Pertsonala politikoa da" leloak aldatu du adierazpide kulturalaren jitea. Kolektibotik pertsonalera egin da jauzia eta subjektibitateari balorea eman zitzaion, aurreko hamarkadetan ez bezala. Egun, kulturak eta politikoak bat egiten dute oraindik, hein handi txikiago batean bada ere. Beraz, globalizazioaren eragina nabarmena da, zentzu guztietan.

Gaur egun nolakoa da euskal kulturaren osasuna?

Begi bistakoa da hizkuntzaren egoera inoizko hoberena dela eta, ondorioz, euskal kulturaren egoera ere ona dela. Hala ere, beharrezkoa da ñabardurak aipatzea. Hizkuntzaren egoera ona da ofiziala den lurraldeetan. Iparraldean eta populatuenak diren Nafarroako eremuetan ez da ofiziala; euskara ez da existitzen legalitatearen ikuspuntutik. Lurralde horietan legalak diren hizkuntza bakarrak frantsesa eta gaztelania dira, euskararen lurraldeak badira ere. Hizkuntza batek ez badu ezagupen legalik, kultura hori alegala da, legetik kanpo dago alegia. 

Bigarren mehatxua da folklorizazioa: kulturari esentzia kentzea eta kultura azaleko adierazpen huts gisa lagatzeko arriskua. Globalizazioak, turistifikazio basatiak eta immigrazio politika ezak eragin dezakete prozesu horretan, izan ere, euskararik gabeko “euskal” kultura bat sortzeko tentazioa dago. Erakustekoa bai, baina ez ulertzekoa ezta bizitzekoa ere.

Hala ere, argi dagoena da kulturgintzaren bilakaerak goranzko joera izan duela; esate baterako, Txikia bera hainbatek berari eskainitako abestiari esker ezagutu dute. Beraz, kultura eta transmisioa erabat lotuta daudela argi dago. Laburtuz, esan daiteke aukera handiak daudela euskal kultura indartsua eta osasuntsua garatzeko, baina mehatxuak ere handiak eta arriskutsuak dira. Arrisku handiena da, jakina, hizkuntzaren hedapen mugatua, hizkuntza ezagutu ezean nekeza baita euskal kultura ezagutzea. Inflexio puntu erraldoi gisa aipa genezake mundu digitalaren iritsiera.

Azken horri lotuta, nola uste duzue eragiten dutela sare-sozialek euskal kulturan?

Sare sozialek komunikazio horizontala errazten dute eta edonoren esku daude. Alde horretatik onuragarriak dira, efektu biderkatzaile handia dutelako eta baliabide gutxirekin urrunera heldu daitekeelako. Euskaldunok euskaraz erabiltzen baditugu sare sozialak, alde ona agerikoa da. Euskaldunok beste hizkuntza bat erabiltzen badugu sareetan, arazoa ez da sarearena, erabiltzearena da.

Datu objektiboak hartuta, euskara ondo dago posizionatuta eremu digitalean. 2013an András Kornai hizkuntzalariak argitaratu zuen Digital Language Death ikerketaren arabera, munduko hizkuntzen % 5 baino ez da erabiltzen Interneten, eta euskara da horietariko bat. Kornaik uste du gainerako % 95ak heriotzara kondenatuko dituela Interneten ez egoteak. Halaber, munduko 6.000 hizkuntzetatik, bakarrik 287 hizkuntzatan dago idatzita Wikipedia, eta euskara 35. postuan dago, 410.345 artikuluekin (2023ko apirilaren 23ko datuak dira).

"Irratietan gaztelaniazko eta euskarazko entzuleen kopuruen aldea hain handia ez bada ere (Euskadi Irratiak 123.000 entzule ditu eta Radio Euskadik 151.000 entzule), telebistari begiratuta egoera negargarria da, EITBk euskararekiko duen politikaren ondorioz, gogor salatzekoa dena"

Aitzitik, Pantailak Euskaraz elkarteak azaldu du egunean 11 eta 13 ordu artean igarotzen ditugula pantaila ezberdinen aurrean, eta, horietan, gehienetan, euskararen presentzia anekdotikoa da. Munduan nagusi diren plataformen katalogoetako edukien % 0,1 baino gutxiago dago euskaraz eta Youtube, Twitch, edo TikTok bezalako sare sozialetan ere oso zaila da euskarazko edukiak aurkitzea. 

Azkenik, EITB aipatzea dugu. Irratietan gaztelaniazko eta euskarazko entzuleen kopuruen aldea hain handia ez bada ere (Euskadi Irratiak 123.000 entzule ditu eta Radio Euskadik 151.000 entzule), telebistari begiratuta egoera negargarria da, EITBk euskararekiko duen politikaren ondorioz, gogor salatzekoa dena. ETB2ko kuota da % 10,2koa eta ETB1ekoa % 2,2koa, biak ala biak oso eskasak ere, frantsesezko eta gaztelaniazko telebista-kateekin konpetentzian.

Euskal Herriko kultura bera, beste kultura batzuekaz ere bizi dela esan daiteke. Hegemoniarik identifikatzen duzue?

Zenbat eta globalagoa izan mundua, are eta handiagoa da beste kulturekiko kontaktua. Izatez, ez da negatiboa kulturen arteko elkarbizitza; aberasgarria ere bada. Arazoa dator desorekatik eta errespetu faltatik. Asimilazioa kaltegarria da, kopuruz txikiagoa den kulturari eskatzen zaiolako bere kultura alde batera uzteko eta kultura nagusia bere egiteko. Hala, kultura nagusiaren mesedetan, kultura asimilatua kaltetuta suertatzen da. Integrazioan, ordea, kultura nagusiak ametitu behar du kopuruz txikiagoa den kulturaren elementu batzuk bere kulturaren parte ere izango direla, eta, halabeharrez, aldaketak egon daitezkeela elkarkidetzaren eraginez sortzen ari den kultura berrian. 

Euskal kulturari dagokiola, ideia hauek kontuan hartu behar lirateke kopuruz txikia denean (mundu globalean) eta kopuruz handiena denean (gurera etorri diren pertsona immigranteen artean). Hau da, errespetua eskatzen bada kultura anglosaxoiak, espainiarrak eta frantsesak euskal kultura asimilatu ez dezaten, halaber, euskal kulturak ere errespetua adierazi behar du euskal herrietan bizi diren kultura latino, txinatar eta musulmanekiko, besteak beste. Izan ere, Bilboko etxeetan 120 hizkuntza mintzatzen dira. Kultura batek, izan dena izaten segitzeko, bere egin behar ditu kanpoko moduak. Aniztasuna aberatsa da eta elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa.

Nola babestu gure kultura?

Nork daki. Babesteko modu eraginkorrena erabiltzea da, ez gordetzea bitrina batean, izan ere, aurrera egiten duten kultura adierazpenak dira garaietara moldatzen jakin izan dutenak. Musika eta literatura, oro har, bizirik daude garaian garaiko ardurak eta bizipenak adierazten asmatu izan dutelako. Getxon bertan, Txekoslobako dugu, reggaetoia euskaraz sortzen duen gaztea, edota Payatarrak, euskararekin munduan zehar bidaiatu diren bertsolariak.

Alde batetik, erakundeei dagokie baliabide ekonomikoak eta materialak ematea, nahikoak eta muga ideologikorik gabe. Beste aldetik, sortzaileen erantzukizuna da beren komunitateari itzultzea garaiak bizi dituen baloreak eta ardurak, adierazpen estetiko baten bidez eta berrikuntzari garrantzia emanez, garai bakoitzak baduelako ideiak adierazteko modu berezi bat. Hori da sortzaileari eskatu behar zaiona: asma dezala lengoaia berri bat adierazteko bere garaikideek bizi duten une historikoa, adibidez.

Gure kultura babesteko, beraz, ekintza asko daude egiteke eta egin daitezkeenak. Norberarengandik hasita kolektibora bidean ugari dira egikaritu litezkeenak. Hala, mundu digitalera jauzi egin beharra dago eta kontsumo eskaintza erabat zabaldu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun