Bizi-erritmoari "eten" bat emateko proposamena ekarriko du ekainaren 1etik 25era Getxophoto jaialdiak

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 4a, 08:33

Aurten inoiz baino lehenago emango diote hasiera nazioarteko irudi jaialdiari. Gainera, bere potentzial politikoa aztertuko du Maria Ptqk komisario berriak, "Etena!" izenburupean. Guztira, askotariko jatorrietako 22 artistek euren obrak erakutsiko dituzte ohiko lekuetan.

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak bere 17. edizioa aurkeztu zuen atzo, eguaztenean. Jaialdia ekainaren 1etik 25era izango da Getxon eta, aurten ere, herriko kaleetan euren lanak elkarbanatuko dituzten artista ospetsuak izango dira udalerrian.

Komisario independente eta kulturaren ikertzaile den Maria Ptqk bilbotarra Getxophotoren zuzendari artistikoa izango da aurten, "Etena!" lemapean. Jaialdiak edizio parte-hartzailea aurkeztu du, eremu publiko fisiko eta digitalean esku hartze eta erakusketakaz.

Aurtengo artistek, 22 guztira, euren obrak hiru leku nagusitan jarriko dituzte ikusgai: Algortako erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Romo Kultur Etxean. Gainera, Algortako merkatua jaialdiaren zentro nagusietako bat izango da, informazio-gune eta hainbat erakusketa hartuko baititu. Begoñako galeriak ere gune esanguratsua izango dira, izan ere, erakusketa nagusi bi hartzeaz gainera, hainbat jarduera egingo dituzte bertan.

Halaber, aurten, Ereagako igogailuak Stephen Gill artista britainarraren puntako instalazio bat hartuko du. Arduradunek azaldu dutenez, lana igogailuaren barrutik ikusteko sortutako apustua da.

Era berean, Carles Murillo jaialdiko diseinatzaile grafikoak leloak dituzten 33 kartelez osatutako instalazio espezifikoa sortu du, "etetea aldarrikatzeko" xede duena.

Maria Ptqk komisarioaren berbetan, "jaialdiaren 17. edizioa 'geldi, stop, etena!' esateko espazioa izango da. Korrika doan mundu honen inguruan hausnartzeko eta emankorrak ez izateko eskubidea aldarrikatzeko. Erritmoa jaisteko, moteltzeko, 'ezin dut' esateko, 'ez dut nahi' esateko. Zer esan nahi du ezer ez egiteak? Zer beste denbora irabazten dugu denbora galtzen dugula ematen duenean? Zein da irudien eginkizuna kasu honetan? Gelditzea bihurrikeria ekintza bihurtu da, eta horregatik gonbidatu nahi zaituztegu hainbeste behar dugun eten hori eskatzera".

Programa osoa ikusteko, sakatu hemen.

 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun