Gaztetasuna Aisialdi Taldeko kideek azaldu dutenez, 40 urte pasa dira udalerriko ume eta gazteentzako askotariko jarduerak egiteari ekin ziotenetik. Duela lau hamarkada, Udalagaz konpromisoa hartu zuten mota horretako ekintzak egiteko, eta, modu horretan, udal-agintariek eurakaz 2012an hartutako konpromisoa bete dezan eskatu diote Udalari.
Orain arte, Udalak hainbat leku laga dizkio talde horri kanpamenduetako materiala bertan gordetzeko. Deitoratu dutenez, duela lau urte hasieran utzitako lokala "kendu" zion taldeari, eta, azkenean, "obra-kontenedore" bat eman zion Aiboako institutu zaharrean. Hori, baina, ez zen esperokoa zena: "Lehenengo egunetik adierazi genuen kontenedore horren baldintzak oso eskasak zirela (zuloak, hezetasuna...), eta, horrez gain, aurten bertatik atera beharko gara, institutu zaharra botako baitute".
Egoera hori salatzeko asmoz, elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten Gaztetasuna Aisialdi Taldeko kideek Algortako Telletxe eta San Nikolas plazetan. Bertan esan zutenez, udal-agintariakaz hainbat hitzordu egin ostean, beste edukiontzi bat jarriko zietela agindu ei zien, "baina hiru hilabete pasa dira, eta berdin gaude. Udalari 2012an gurekin hartu zuen konpromisoa betetzeko eskatzen diogu, guk Getxoko ume eta gazteen aisiarekin orain dela 40 urte hartu genuen konpromisoarekin jarraitu ahal izateko".