Adi HAPO! herri-plataformak deitutako protestan batutako auzokideek deitoratu dute HAPOa aurkeztu zenean, joan den urrian, udal-arduradunek hiru hilabeteko epea eman zuela proposamen horri helegiteak aurkezteko. Tarte laburra izan zela salatu dute, baina, hala eta guztiz ere, denbora horretan "ia 2.000 helegite" aurkeztu zirela azpimarratu dute, "herritarren artean gai honek sortzen dituen beldur eta kezkak erakutsiz".
Lau hilabete igaro dira helegiteak aurkeztu zituztenetik, eta oraindino erantzunik jaso ez dutela deitoratu dute, "ezta plataformak gobernu-taldeari bilera bat egiteko eskaerari erantzun ere".
Hori dela eta, plataformako kideek protesta sinbolikoa egin zuten atzo, martitzenean, Getxoko udaletxearen aurrean. Bertan, paperean inprimatutako helegiteak eskegi zituzten, "oraindik erantzunaren zain gaudela gogorarazteko".
"Zeren zain dago Getxoko Udala helegiteei erantzuteko? Ez al ditu hauteskundeen aurretik herritarren zalantza, kexa eta proposamenak erantzun nahi? Zergatik ez du 3.000 pertsonako manifestazio bat antolatu zuen elkartearen bilera proposamena erantzun?", galdetu dute ekintzaileek.