Algortako Telletxe plazatik abiatuta, orain dela 16 urteko irudia errepikatu gura izan zuten atzoko manifestazioan. Garai hartan egindako mobilizazioei esker, gogoratu zuten "oso desberdina" izango litzatekeela gaur egun Getxoko paisaia. "Orduan, herritarrok eraikuntza enpresen diru-goseak bultzaturiko porlan-uholdea gelditzea lortu genuen, gure arnasguneak diren lurrak defendatuz", azpimarratu zuten atzoko manifestazioaren deitzaileek.
Manifestazioa bukatuta azaldu zuten 16 urteotan berdeguneak galdu direla, hala nola Tosuko landa eta Iturribarriko ortuak, "baina berdegune gehienak mantentzea lortu dugu". Hala ere, deitoratu zuten Getxoko gobernu-taldeak proposatutako HAPO berriaren ondorioz udalerria "espekulatzaileen menpe" geldituko dela berriro ere: "Salsidualde, Tosu, Martiturri… Landa eremu guzti horiek galdu daitezke, ehunaka auzokideren etxeak eraitsiz, eta mendeetako ondarea desagerraraziz". Ildo horretan, gainera, salatu zuten desagerrarazte horiekaz batera tokiko berezko euskalkia ere gal daitekeela.
Landa eremuez gainera, Algortako erdigunea eraikuntza enpresen "diru-goseaz" libratuko ez dela ere iragarri zuten, "Batzokian eta Trinitarioseko esparruan operazio inmobiliarioak aurreikusita baitaude".
Hori guztia dela eta, Adi HAPO plataformak eskatu du hirigintza-plana "goitik behera" aldatzeko, "eraiki nahi den etxebizitza kopurua murriztuz, alokairu sozialari lehentasuna emanez, lehen sektorea bultzatuz eta gure ondare natural eta kulturala babestuz. Izan ere HAPOa herriaren beharretan oinarritua egon behar da, ez espekulatzaileen diru grina aseezinean".