Elkarrizketak

Diskolaris Getxo: "Bi motatako txapelketak daude kirol honetan: ondo pasatzekoak eta puntuatzekoak"

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 16a, 10:43

Faduran eta Ereagako hondartzan entrenatzen dute Diskolaris Getxo taldekoek. © DISKOLARIS

Ultimate frisbee kiroleko Euskal Herriko talde beteranoena dugu Getxon: Diskolaris. 11 urte bete ditu aurten, eta Europako Txapelketan aritzeko txartela eskuratu du, joan den abenduan Espainiako zitan hirugarren sailkatu ondoren. Frisbee-ak elkarri gurutzatuz topa ditzakegu taldeko jokalariak Algortako Fadura kiroldegian, eta baita Ereagako hondartzan ere, eguraldiak laguntzen duenean. Honetaz gehiago jakiteko, talde horretako kideakaz batu gara.

Hasteko, zertan datza ultimate frisbee kirola?

Belarretan edo hondarretan jokatu daiteke. Belarretan denean, 7 vs 7 izaten da eta zelaiaren tamaina futbola bezalakoa da, baina estuagoa. Zelaiaren alde bakoitzak gol area bat dauka eta talde bakoitzak berea du, puntu bakoitzaren ondoren trukatzen dena.

Puntu hasieran, talde bakoitza bere arean kokatzen da eta erasoan dagoen taldeak frisbee-a beste taldeak defendatzen duen areara eraman behar du, kontutan izanda frisbee-a daukan jokalariak ezin duela mugitu, hanka baten gainean pibotatu dezake bakarrik.

Frisbee-a edozein noranzkora jaurti daiteke, baina lurrera erortzen bada, defendatzen dagoen taldea erasora igaroko da, frisbee-a erori den lekutik jasoz. Talde bateko jokalariak frisbee-a hartzen duenean beste taldearen arean, puntu bat da.

Kirola hondarretan jolasten denean, berriz, 5 vs 5 izaten da eta zelaia belarretakoa baina txikiagoa da. Hain zuzen, luzeran 75 metro ditu eta zabaleran 25. Talde bakoitzaren areak, End Zone delakoak, 15 metro luzera eta 25 metro zabalera ditu. Partidak hondarretan direnean, 45 minutu edo 13 gol sartzerakoan amaitzen dira, bietan lehena gertatzen dena.

2012an sortutako taldea da Diskolaris. Zelakoa izan da taldearen bilakaera 11 urteotan?

Gure ibilbidea duela 11 urte hasi zen, bai, Lopez ahizpek kirola ezagutu zutenean. Kirolaz maitemindu ziren eta Euskal Herriko lehen taldea sortzea erabaki zuten. Hasieran informalagoa zen, jende talde txiki bat elkartzen ginen parkean eta saiatzen ginen arauak ikasten, diskoak botatzen… Apurka-apurka esperientzia irabazten hasi ginen eta Getxo Kirolak-ek Fadura kiroldegian entrenatzeko aukera paregabea eman zigun. Horri esker, taldeak izaera serioagoa hartu zuen eta talde kopurutsuagoa lortu genuen. Gainera, txapelketa askotan parte hartzen hasi ginen eta horrek profesionaltasun gehiago eman zigun. Bestalde, gure jokalari batzuk nazioartean aritu dira, eta haien ekarpenak funtsezkoak izan dira taldea hazteko. Hori guztia esanda, oraindik hazten jarraitzeko gogoa daukagu eta inguruko eskola, institutu eta unibertsitatera joaten gara kirola ezagutaraztera eta jokalari berriak erakartzera.

"Gure ibilbidea duela 11 urte hasi zen, bai, Lopez ahizpek kirola ezagutu zutenean. Kirolaz maitemindu ziren eta Euskal Herriko lehen taldea sortzea erabaki zuten"

Zenbat kidek osatzen duzue taldea gaur egun?

Urtez-urtez gorabeherak izaten ditugu, ikastera edo lanera datozen pertsona atzerritar ugari izaten ditugulako taldean. Hala ere, Getxo eta inguruan bizi garenak gara eta taldearen oinarria osatzen dugu. Federatuta 36 kidetik gora izan arren, egunerokotasunean entrenatzera etortzen garenak 15-20 bat gara.

Faduran eta Ereaga hondartzan zabiltzate entrenatzen. Zein zelai duzue gogokoen horretan aritzeko, eta zergatik?

Aukera pertsonala da, baina, zalantzarik gabe, getxoztarrak izanda hondartzan korrika egitera ohituta gaude txikitatik. Beste talde batzuk agian ez dute horrelakorik, beraz, abantaila hori badaukagu. Gainera, hondarraren izaera askeak asko laguntzen du lesioak ekiditen.

Ekainaren 9tik 11ra Europako Txapelketan arituko zarete. Zelan hartu duzue klasifikazioa?

Ustekabe galanta izan da. Beste urte batzuetan iruditu zaigu agian talde indartsuago bat genuela, baina aurten izan dugu inoizko emaitzarik onena. 2022ko urrian, Iparraldeko Eskualdeko Txapelketa Ereagako hondartzan antolatu genuen, Getxoko Udalaren laguntzarekin, eta bertan txapeldunak izan ginen. Horrek ahalbidetu zigun Espainiako Txapelketara posizio on batean iristea. Abenduan, Estatuko txapelketan hirugarren geratu ginen eta horrek eman digu sarbidea Europako Txapelketan parte hartzeko, Frantziako Royan udalerrian izango dena.

Zelakoak dira txapelketak?

Txapelketak eta txapelketak daude, baina nabari da horietako batzuen helburua ondo pasatzea dela, emaitzak axola gabe; aitzitik, beste batzuen helburua, Espainiako eta Europako txapelketak kasu, ahalik eta emaitza hoberena lortzea da. Talde guztiek garbi izaten dute txapelketa bakoitzarekin bilatu nahi dena. Ondo pasatzeko helburuarekin egiten diren txapelketetan, partiduez gain hainbat ekintza gehiago antolatzen dira, beste kirolari batzuk ezagutu eta beraiekin ere esperientzia elkar banatzeko.

"Txapelketak eta txapelketak daude, baina nabari da horietako batzuen helburua ondo pasatzea dela, emaitzak axola gabe; aitzitik, beste batzuen helburua, Espainiako eta Europako txapelketak kasu, ahalik eta emaitza hoberena lortzea da"

Nori zuzendutako kirola da hau?

Mundu guztiari zuzenduta dago, eta gure taldean denontzat dago lekua. Badira nerabeak, neska eta mutil gazteak, aita eta ama berriki izan direnak, duela 20 urte kirola ezagutzen dutenak... Hala ere, txapelketa bakoitzean taldeak duen helburua kontutan hartuta, talde bat osatzen da pertsona jakin batzuekin edo besteekin. Dena dela, edonor etor daiteke kirola probatzera, entrenamenduetan maila ezberdineko jokalariak elkartzen baikara.

Nondik dator kirol hori?

Estatu Batuetan sortu zen, 60ko hamarkadan, unibertsitate giroan, eta Europara 80ko hamarkadan iritsi zen. 1985ean sortu zen mundu mailako federazioa. Nahiz eta Estatuan oraindik ez den kirol ofiziala, herrialde batzuetan dagoeneko olinpiar komitearen barruan dago, eta egunen batean olinpiar jokoen parte izango delakoaren apustua egin dute.

Beste kirol batzuekin konparatuta, zer eskaintzen du honek?

Beste edozeren gainetik, Spirit of the Game delakoa. Kontutan hartu behar da kirol honetan ez dagoela epailerik eta, beraz, jokalariok garela gure ekintzen epaile. Horregatik, partida amaitzen denean, bi taldeak elkartzen gara zirkulu batean partidak izan dituen gorabeheren inguruan hitz egiteko. Talde bakoitzaren iritzia taldeko kapitainak helarazten du, gainontzeko taldekideekin hitz egin eta gero. Hitzaldi hori minutu gutxi batzuen gauza izaten da.

Bestalde, kontakturik ez daukan kirola da eta, faltak izaten direnean, jokalariek beraien artean hitz egiten dute, eta erabakia hartzen da ea adostasun batera iristen diren, falta onartuz, edo falta ez den onartzen eta jokaldia atzera bueltatzen den.

Jokalari guztien jarrera eta zintzotasuna oso garrantzitsua da, txapelketa guztietan Spirit of the Game delakoaren irabazle bat egoten delako. Partida amaituta, talde bakoitzak item jakin batzuei puntuazio bat eman behar dio. Adibidez, taldean hitz egiten bada falta gehiegi egon dela beste taldearen partetik, item horretako puntuazioa 1 izango da (minimoa). Taldean hitz egiten bada, komunikatzeko eta elkarri entzuteko prestutasun osoz aritu direla beste taldekoak, orduan item horren puntuazioa 3 izango da (maximoa). Horrela, item guztiak erantzunda, beste taldeari puntuazio bat emango diogu. Beraiek gauza bera egingo dute gure taldearen harira, eta txapelketa bukaeran ikusiko da ea zeinek lortu dituen puntu gehien. Hortaz, txapelketa guztietan bi irabazle daude. Alde batetik, partidak puntuz irabazten dituena eta, bestetik, txapelketako Spirit of the Game saria irabazi duena.

Taldeak mistoak, gizonenak ala emakumeenak izaten dira?

Diskolaris Getxo talde mistoa da, eta gure taldea emakume zein gizonezkoek osatzen dute. Estatuko talde gehienak ere mistoak dira. Hala ere, txapelketaren arabera hiru dibisioak egon daitezke: emakumeena, gizonezkoena eta mistoa.

Amaitzeko, aprobetxatu nahiko nuke Getxo Kirolak-i eskerrak emateko, esperientzia honetan bidelagun izaten ari direlako eta gure taldea handitzeko eta, orokorrean, kirol ezberdinak sustatzeko egiten duen lanagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun