Elkarrizketak

Araitz Lasa: "Dantza garaikideak gero eta gorputz anitzagoak hartzen ditu barnean"

Nahia Martinez Gondra · Hodei Torres 2023ko mai. 17a, 08:00

Maiatzaren 27an, zapatuan, Marée Basse-Itsasbehera proiektuaren estreinaldian parte hartuko du Araitz Lasa dantzariak (Algorta, 1999) obraren sortzailea den Eric Surmenianen kontrabaxu-joleagaz batera. Nahiz eta orain arte obraren hainbat aurkezpen egin dituzten, hilabete bukaeran izango da piezaren emanaldi handia, Muxikebarri aretoan. Horregatik, Araitz Lasa algortarragaz elkartu gara obra horretan parte hartzeak nola sentiarazten duen jakiteko, baita bere ibilbide profesionalaren berri izateko ere.

Zer da dantza zuretzako?

Nire gorputza mugitzeko modu bat izateaz gain, nire burua toki batean edota momentu batean kokatzeko era bat da ere; mundua ikusteko forma ezberdin bat dela esango nuke. Dantzak erakutsi dit agertoki edota estudio batean egoten, baita ulertzen ere jendeak zelan adierazten dituen emozio ezberdinak bere keinuen bidez. Horrez gain, dantza ideiak adierazteko tresna bat da niretzako, ez soilik oholtza gainean, baizik eta nire bizitzako beste alderdi batzuetan ere.

Duela gutxi, Marée Basse-Itsasbehera obraren aurkezpena egin zenuen Eric Surmenian kontrabaxu joleagaz batera Romoko Kultur Etxean. Zer kontatzen duzue obran?

Eric Surmenianek Getxoko Kultur Etxeak bultzatutako RK beka irabazi zuen pieza honekin, eta, beranduago, ni proiektura batu nintzen; izan ere, berak proposatu zidan obraren zati batean nire dantzarekin parte-hartzea. Pieza honetan itsasoaren inguruko hausnarketa egiten dugu: itsasoan eta bertan bizi diren izakiek pairatzen dituzten mehatxuen inguruko pieza dantzatua da, eta, bertan, inprobisazioa, kontrabaxuaren musika eta testua uztartzen ditugu. Hurrengo galderan oinarritzen da obra osoa: "Zer utziko diegu gure haurrei 30 urte barru?".

Nolakoa izan da Eric Surmenianegaz lan egitea?

Nahiz eta Eric den piezaren sortzailea, obra oso nirea ere sentitzen dut. Izan ere, Eric-en unibertsoaren barruan nire dantza nahi dudan moduan adierazteko askatasuna izan dut, emanaldia nire ekarpenekin ere eraikiz. Horregatik, oso esperientzia polita izan da. Egia da ez dugula batera lan egiteko denbora askorik izan ni orain arte Valentzian eta Madrilen ibili naizelako lanean. Hala ere, errez koordinatu gara eta oso ondo konektatu dugu. Bestalde, momentuz oso harrera ona izaten ari dute aurkezpen emanaldiek, beraz, pozik nago emaitzarekin. 

Zein izan da momentu honetara arte zure ibilbide profesionalean eduki duzun erronkarik handiena?

Lan duin bat aurkitzea da erronkarik handiena. Eta oraindik ere horretan nabil lanean. Dantzariok beharbada erreferente moduan ditugu Alemania edota Suitza bezalako herrialdeak bertako artistek lan-baldintza onetan egiten dutelako lan. Momentu honetan Madrileko kontserbatorioan ikasten nago, eta, nahiz eta hiri handia izan eta jende gehiago bizi, ez dut uste bertan Euskal Herrian baino aukera gehiagorik dauden. Madrilen, hemen bezala, oso proiektu txikietan aritzea da errazena.

Zure heziketak dantza klasikoa eta garaikidea ditu oinarri, baina zure ibilbide artistikoan ere ikasi dituzu flamenkoa, dantza estilizatua, euskal dantzak eta zeharkako txirula. Zein da gehien gustuko duzun estiloa?

Zeharkako txirula jotzea eskatu zidaten aurreko urtean Valentzian egin nuen koreografia batean. Txirula jo behar nuen dantza egiten nuen bitartean eta hori izan da egun egin dudan gauzarik bereziena. Asko gustatu zitzaidan bi elementu horiek nahastea, beraz, aurrerago ere horrelako gauza gehiago egin nahi ditut. 

Dantza estiloei dagokionez, esango nuke dantza garaikidearekin sentitzen naizela erosoen. Hala ere, egia da estilo klasikoa ere oso gustuko dudala. Baina azken hori entrenamendu moduan hartzen dut. Ez naiz aterako agertoki batera dantza klasikoa dantzatzera, baina garaikidearen eskutik doanez, asko laguntzen dit ideia berriak garatzeko tresna gisa.

Dantzaria izanda, ohituta zaude ispiluaren aurrean egotera uneoro zure irudia begiratzen. Harreman ona duzu zure gorputzagaz? Dantza munduan, sentitzen duzu itxura fisikoarekiko presioa dagoela?

Ez dut presio berezik sentitu, baina egia da nire gorputza edertasun kanonen barruan sartzen dela. Oroitzen naiz gaztetan nire altuerarekiko iruzkinak esaten zizkidatela, ez naizelako bereziki altua eta dantza klasikoan garrantzia ematen diotelako altuerari. Baina, horretaz aparte ez dut bestelako presiorik sentitu. Zentzu horretan, uste dut dantza garaikideak gero eta gorputz anitzagoak hartzen dituela barnean. Klasikoaren kasuan, dantzarien fisikoari dagokionez, iruditegia zurrunagoa da. 

Artista gisa, zein da zure beldurrik handiena?

Kanpoko iritzien beldurra izaten dut. Bestalde, askotan pentsatzen dut noiz arte aguantatuko dudan dantzaz bizitzen. Izan ere, lan honek asko erretzen zaitu, beti proiektuen atzetik ibili behar zarelako, baita bekak bilatzen ere. Askotan lan gehiago ematen dizu lan-bilaketaren kudeaketa horrek, lanak berak baino. Horregatik, oso zaila da honetaz bizitzea, eta beldurra dut ea momenturen batean ez naizen egoera honetaz nekatuko. 

Besteen iritziekiko beldurra aipatu duzu. Nola daramatzazu kritikak?

Egia esan ez dut iritzi txarrik jasotzen aurrez-aurre. Baina, berez, bizitzako beste alderdi batzuetan bezala, ez dagoelako ohitura hori gustuko ez dituzun gauzak zuzenean aurpegira adierazteko. Orduan, nahiz eta kritika txarrik ez jaso, beti dut buruan ea kanpokoek ze iritzi edukiko duten nire obraren inguruan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun