Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Gure herri-programan herria modu integralean landu dugu: etxebizitza, ingurumena, euskara, mugikortasuna, kultura, zaintzak... Bestelako herri eredu bat posible dela aldarrikatu nahi izan dugu: auzo biziak izango dituena, etxebizitza sozialei lehentasuna emango diona, berdeguneak babestuko dituena, dendari txikiei konponbideak emango dizkiena, politika feministak bultzatuko dituena, ondare historikoa babestuko duena, kultura eta euskarari bultzada emango diena, espekulazioa eta eraikuntza masiboa albo batera utziko duena... Edukiez gain ere, formei begiratu diegu. Izan ere, uste dugu Getxoko Udalak gardentasun eta parte-hartze handiagoa behar duela, eta ez gobernatu inposizioen bidez, azken lau urteetan egin duen bezala. Horren adibide bi topatu ahal izan ditugu azken hilabeteotan: HAPOren onarpena eta Romoko Lope de Vega eraikinen eta Nagusiaren Etxearen eraisketa.
Zeintzuk dira zuen ustez Getxok dituen arazo nagusiak?
Getxon arazo larria dugu etxebizitzarekin, agerikoa da hori, Euskal Herriko preziorik garestienetakoak ditugu. Azken urteetan asko eraiki da gure herrian, gure lur gehiena porlanez bete dute, baina ez diete konponbiderik eman arazoari; kontrakoa, larriagotu da. Horrez gain, Getxon lo egiteko herriaren eredua ezarri da, urbanizazio itxien bidez, eta horrek ekarri du auzo-bizitzaren galera, dendari txiki askok pertsiana ixtea... Postal bat bihurtu nahi ez badugu, beharrezkoa da eredua iraultzea. Adinari erreparatuta ere, kontuan hartu behar dugu adinaren bataz bestekoa oso altua dela Getxon, eta hor nabaria da azpiegiturak eta zerbitzuak behar dituela. Horregatik aldarrikatzen ditugu, besteak beste, eguneko zentro publikoak edota erresidentzia berri bat. Uste dugu udal-gobernu honetan inprobisazioa dela nagusi eta ez dietela benetan erantzuten getxoztarrek dituzten arazoei. Beste behin ere, HAPO berria horren adibide da: gutxi batzuen interesak lehenetsi dituzte getxoztarron beharrei erantzun beharrean.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Gure ildo guztiak proposamen zehatzekin landu ditugu, benetan bestelako herri-eredu bat posible dela irudikatzeko. Besteak beste: Zubileta edo Andra Mari bezalako auzoak lotuko dituen Getxobusa; Alangoko gasolindegian arte-espazio bat; gazteentzat gune autogestionatuak; komunitate energetikoak sortzeko diru-laguntzak; udal jangela publikoa tokiko ekoizleekin; Guardia Zibilaren kuartelean etxebizitza sozialak; ludoteka berri bat Algortan eta txikiguneak auzoetan; ondare historikoa babesteko katalogoa handitzea; Mimenaga ekologikoki berreskuratzea; gurutza-ontziei ingurumen-tasa ezartzea; azpikontratazioekin amaitzea; kultura kalean eta plazetan hedatzea; Errotatxun "Getxo Abentura" gunea; dendari txikientzat "Getxoztarra" txartela martxan jartzea tokiko txanponaren filosofiarekin... ikusten denez, zaila egiten zait dena laburbiltzea.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Bai noski, gu prest gaude guztiekin berba egiteko, ez dugu inolako arazorik horretarako. Begiratu beharko ditugu zeintzuk diren bakoitzaren proposamenak eta horren arabera erabaki. Beste erakunde batzuetan argi utzi dugu zer nolako prestutasuna dugun akordioak lortzeko ezberdinekin, eta Getxon ere borondate berbera dugu.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Apur bat zaila egiten zait nire burua saltzea, baina esango nuke hautagaitza honen atzean oso talde sendoa dagoela, hamaika proposamen dituen herri-proiektua dugula, eta batik bat zintzotasuna, ilusioa eta konpromisoa dugula Getxo hobetzeko. Uste dugu gure herria hobeto eta beste modu batera kudeatu daitekeela, eta EH Bildu da alternatiba bakarra horretarako.
Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.