Amaia Agirre, EAJ: "Getxoko udal-kudeaketa egonkorraren eta lasaiaren bermea gara"

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 16:07

Amaia Agirre, Getxoko EAJko alkategaia.

Amaia Agirre gaur egungo Getxoko alkateak bigarrenez ekingo dio udalerriko aginte-makila eskuratzeko lasterketari, tokiko EAJk zerrendaburu gisa aukeratu ondoren. Hala, lau urtez Alkatetzan aritu ostean, beste lau urtez eserlekuari eusteko lanean buru-belarri dago egunotan. Etorkizunerako asmoetan sakontzeko asmoz, beragaz batu gara.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Getxo sozialki kohesionatua eta belaunaldien artekoa bermatzea; gizarte-erronka bikoitz bati heltzen dion belaunaldi arteko zentro aitzindari baten bidez: bizitza-luzera eta gazteen emantzipazioa. Baita aukera-sortzailea; Martiturri enpresa-parkea bultzatuz, enplegu erakargarria, kalitatekoa eta Getxorako talentua ekartzen duten balio erantsi handiko enpresak ezartzeko.

Etxebizitzaren aldeko apustu garbia daukagu; gure gazteei Getxon bizitzeko eta bizi-proiektua garatzeko aukera baloratzea ahalbidetuko dien Etxebizitza Plana berriaren bitartez.

Mugikortasun iraunkorreko erreferentea izaten jarraitzeko lan egingo dugu; berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta Mesedeetako aparkalekua handituz, besteak beste. Baita hiri-autobuseko proiektu pilotua bultzatuz ere, bidegorri berriak eginez eta hiriguneak erdi-oinezkotuz.

Ingurune naturalarekiko begirune eta errespetua; inguruneko balioak txertatuz, hirigunearekin bateragarri bihurtuz eta baliabide eskuragarriak modu egokiagoan aprobetxatzen dituen udalerri-eredu baterantz abiatuz. Azkorriko birika naturala zainduz eta ekonomia zirkularrarekin konprometituz: murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea Larrañazubiko Biolehortze Plantaren bidez.

Kirolaren hiria; Fadura Kirol Parke Barria, atletismoko, errugbiko eta txirrindularitzako tribuna berriarekin, eta Garagardotegia, kirol- eta gizarte-ekipamendu multifuntzional gisa. Klub eta kirol-elkarteekin egiten dugun lana sendotuko dugu, Getxoko kirol-instalazioak eta -proposamenak garatuz eta eguneratuz.

Kulturaren eta sormen-industrien abangoardia; Getxo Sormen Hub, Muxikebarri eta RKE. Berrikuntza eta tradizioa izango dira Andres Isasiren antzoki berriaren ardatzak eta, gainera, jarduera auzoetara hurbilduko dugu, adibidez, Zubilleta-Aldapa inguruan kultur gune bat egokituz.

Xarma handiko merkataritza-plaza; udalerriko merkataritza- eta enpresa-eredu ordenatu, erakargarri, jasangarri eta irisgarri bat garatuz, enplegua sortuz eta, hala, kalea bizi-kalitatez eta segurtasunez hornituz. Merkataritza, zerbitzu profesionalak eta ostalaritza eta hurrez hurreko produktuak ere helburu nabarmenak dira.

Askotarikoa eta tradiziozkoa; Getxo berri hau osatzen duten kulturen arteko elkarbizitza landuz. Tradizioa eta aniztasuna eskutik helduta doaz, Getxon bizi garen guztioi kultura- eta gizarte-aberastasuna ekarriz.

Udal hurbil eta eskuragarria; administrazio hurbilagoa, dinamikoagoa eta eraginkorragoa, herritarren arreta arinduz eta izapide telematikoak erraztuz: leihatila bakarra, modernizazioa, eguneratzea eta oinarrizko zerbitzuen bikaintasuna.

Horiek dira Getxoko Euzko Alderdi Jeltzaleak herritarrei eskaintzen dizkien konpromisoen laburpena.

Zeintzuk dira zuen ustez Getxok dituen arazo nagusiak?

Getxok, arazorik baino beharrak eta erronkak ditu. Eta danok ezagutzen ditugu: etxebizitza, batez ere gazteentzako etxebizitza eskuragarria; aparkalekuak, beste hiri guztietan bezala, eta ekonomia ekimenak garatzeko espazio egokiak.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Mesedeetako aparkalekua handitu eta Areeta-Romo inguruan egon daitezkeen beste kokapen batzuk aztertuz. Etxebizitzaren aldeko apustu garbia daukagu; gure gazteei Getxon bizitzeko eta bizi-proiektua garatzeko aukera baloratzea ahalbidetuko dien Etxebizitza Plana berriaren bitartez.

Eta HAPOaren onarpenarekin, Martiturri enpresa-parkea bultzatu, lanpostu erakargarriak, kalitate onekoak eta Getxon talentu erakargarria sortuko duten balio erantsi handiko enpresak ezartzeko. Horrez gain, turismo iraunkorreko industria errespetuzkoa eta kalitatezkoa landuz, Kirol Portuak gizarte-, kirol- eta aisialdi-espazio gisa duen balioa sendotuz eta instalazioak berrituz. Eta xarma handiko merkataritza-plaza sortu; udalerriko merkataritza- eta enpresa-eredu ordenatu, erakargarri, jasangarri eta irisgarria garatuz.

Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?

Lehenik eta behin, hauteskundeetako emaitzen zain egon behar dugu, eta osoko bilkuran egonkortasuna bermatuko duten gehiengoak nola eratzen diren ikusi. Nolanahi ere, akordioa oinarrizkoa da politikan, eta egonkortasuna, gehiengo absoluturik ez badago, ezberdinen arteko itunen bidez lortzen da. EAJk ibilbide luzea egin du itunak egiten parte hartzen duen erakundeetan; ezberdinen arteko akordioak beti dira guztion onerako eta kalitatezko zerbitzuak emateko.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Euzko Alderdi Jeltzalea, hainbat pertsonen lanarekin eta gure ibilbide arduratsu eta garbiarekin, Getxoren udal-kudeaketa egonkorra eta lasaiaren bermea garelako. Pertsona eta programa ezinhobeak ditugulako getxoztarrei eskainita, eta gure herriaren norabideak aurrera egin dezan aukera bakarra garelako. Gure konpromisoak bete eta beste erakundeekin, hala gizartearekin, batera aurrera egiten dugulako Getxok etorkizuna egoera onenetik begiratu dezan.  Getxok badu oraina, baina, batez ere, etorkizun handia du aurretik.

Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun