Getxoko HAPOari jarritako helegiteen erantzunak non dauden galdetu dute dozenaka auzokidek

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 25a, 10:04

Adi Hapo! plataformako kideek egindako elkarretaratzea. © ADI HAPO

Getxoko hainbat herritarrek ia 2.000 helegite aurkeztu zituzten orain dela lau hilabete Udalak aurkeztutako HAPOa egokitzeko. Ordutik, baina, gobernu-taldearen erantzunik jaso ez dutela deitoratu dute eta, horregatik, dozenaka auzokide Udalaren Hirigintza zerbitzua hartzen duen eraikinera gerturatu ziren, erantzunen berri izatera. Berririk izan ez zutenez, iragarri dute helburu bera izango duen elkarretaratzea egingo dute bihar, barikuan, San Nikolas plazan, arrastiko 19:00etan.

Adi HAPO! plataformako hainbat kidek protesta egin zuten atzo, eguaztenean, Getxoko Udalaren Hirigintza zerbitzua hartzen duen eraikinean hirigintza-planari jarritako ia 2.000 helegiteen inguruko erantzunik jaso ez dutela salatzeko. Ekintzaileek gogoratu dutenez, ia lau hilabete igaro dira gai horrek sortzen dituen "beldur eta kezkak" erakusten duten helegiteak aurkeztu zituztenetik. Ordutik, ekintzaileek jakinarazi dute bilera bat eskatu ziotela gobernu-taldeari (EAJ eta PSE-EE), "baina ez digute erantzun ere egin".

Hori dela eta, atzo, protesta egin zuten helegiteen inguruko informazioa jasotzeko asmoz. "Zergatik Udalak ez du oraindik bat bera ere erantzun?", galdetu dute plataformakoek. Era berean, azaldu dute jakin gurako luketela ea plana aldatzeko asmorik dagoen, "auzokideen kezkei kasu eginez", edo planagar aurrera jarraituko duten.

Hala, atzoko protesta egiteaz gainera, bihar, barikuan, elkarretaratze bat egingo dute Algortako San Nikolas plazan, 19:00etan: "Zeren zain dago Getxoko Udala helegiteei erantzuteko? Ez al ditu hauteskundeen aurretik herritarren zalantza, kexa eta proposamenak erantzun nahi? Zergatik ez du 3.000 pertsonako manifestazio bat antolatu zuen elkartearen bilera proposamena erantzun?".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun