Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Gure hiri-eredua hiru ardatzetan oinarritzen da: hobeto zaintzea, hobeto bizitzea eta hobeto haztea. Hobeto zaintzearen ikuspegitik, pertsonak, ongizatea eta premiak lehenesten dituzten proposamenak ditugu. Horren adibide da GetxoAISIA, Getxorako haur-aisialdirako gure proposamena, haurrek egun euritsuetan ere jolastu eta gozatu ahal izan dezaten. Hobeto bizitzeak mugikortasun iraunkorrarekin eta etxebizitza eskuratzearekin du zerikusia, eta hazkundeak ekonomia zirkularraren aldeko apustuarekin eta gure merkataritza-sareari laguntzearekin.
Zeintzuk dira zuen ustez Getxok dituen arazo nagusiak?
Bertoko lurzorua Bizkaiko garestiena eta Estatuko garestienetakoa da, eta, ondorioz, pertsona askok ezin dute etxebizitza eskuratu.
Biztanle asko galtzen ari gara, eta gazteak erakarri behar ditugu, Getxon bizitza-proiektu bat egin nahi dutenek alde egin behar ez dezaten.
Era berean, erronka bat dugu gure biztanleriaren zahartzearekin, % 27k 65 urte baino gehiago baititu. Erronka demografiko horrek neurri ausartak behar ditu etxebizitzaren, zahartze aktibo eta osasungarriaren, belaunaldien arteko bizikidetzaren eta zaintza publikoetan inbertitzearen arloan.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Etxebizitzaren arloan, Etxebizitza Plan bat izango dugu, lurzorua askatuko duena eta babestutako etxebizitzak eraikitzearen alde egingo duena, etxebizitza hutsak mobilizatzearen alde egingo duena eta gazteentzako eta eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako prestazioen alde egingo duena. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dugu; azken bost urteotan, Arriola sailburu sozialistak Getxon inoiz egin ez diren alokairuko 271 etxebizitza sustatu ditu, eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta alokairuan jartzeko akordioa sinatu dugu.
Halaber, hiri adeitsuago bat sortu behar dugu adinekoekin, kalitate eta hurbiltasun handiagoko zaintza-zerbitzu publikoak izango dituena eta inor bakarrik sentituko ez dena; izan ere, garapen komunitarioa sustatzen jarraituko dugu, adinekoen elkarteei euren jarduerak egiten jarrai dezaten lagunduz. Hain zuzen ere, Algortako gasolindegi zaharraren eremua berreskuratzea proposatzen dugu, alokairuko 26 zuzkidura-etxebizitza sortzeko eta etxabeen 600 metro koadroak aprobetxatzeko, gure adinekoen arteko harremana sustatzeko. Auzo guztietan komunitate-guneak handitzea gustatuko litzaiguke baita ere.
Mugikortasuna hobetzeko lanean jarraituko dugu, hiri-bus elektriko eta egokitu berri baten alde eginez. Gainera, Mesedeetako aparkalekua zabaltzeaz gainera, kudeaketa publikoa berreskuratuko dugu, kostua merkatzeko.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Umiltasunetik esaten dugu Getxorako proiektu ilusionagarri eta beharrezko bat dugula eta hiriaren kudeaketaren buru izan nahi dugula. Erakutsi dugu gobernatzen badakigula, eta, beraz, irabaztera goaz.
Gure bizilagunek erabakitzen duten tokian egongo gara, eta hortik aurrera, udalerrirako politika erabilgarriak garatuko ditugu. Elkarrizketa beti da ona, eta PSE-EE elkarrizketaren alderdia da. Arazoak konpondu nahi dituzten eta Getxok aurrera egiten jarraitu nahi duen talde guztiekin hitz egingo dugu.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Alderdi serioa eta konprometitua garelako, entzutea eta parte hartzea defendatzen ditugulako, gobernu-esperientzia dugulako eta ezinbestekoak izan garelako urteetan geldituta zeuden proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzeko: Manuel Gainzaren aparkalekua, Kale Nagusian oinezkoei lehentasuna emateko berrurbanizazioa, Xake plaza berria, TAO gune berrien ezarpena, Emakumeen Etxea edo alokairuko 271 etxebizitzak, lehenago Getxon egin ez zirenak.
Sozialistok ilusioz beteriko proiektu bat eta talde bat prest ditugu, eta niretzat ez dago nire herriko alkatea izatea baino ohore handiagorik.
Hautagaitza honen hauteskunde-programa osoa ikusteko, sakatu hemen.