TxikiFest

Umeentzako arte-ikuskizun eskaintza zabala hartuko dute Areetak eta Itzubaltzeta/Romok aste-akabuan

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 19:25

Bihartik, barikutik, hasita, eta asteburu bitan zehar, haur eta familientzako aire zabaleko kultura-programazioa nagusi izango da Getxo udalerrian. TxikiFest izeneko jaialdiaren egitarauak hainbat diziplinatako arte eszenikoen doako ikuskizunak eta parte hartzeko ekintzak izango ditu, hala nola arte plastikoetako tailerrak, bertsolaritza eta ahozkotasun dinamikak, ginkanak, jolasguneak eta irakurzaletasuna sustatzeko guneak, besteak beste.

Lehenengo aste-akabuan, ekainaren 2tik 4ra bitartean, egitaraua Areeta eta Itzubaltzeta/Romo auzoetan garatuko da, kokapen irisgarrietan, hala nola Xake plaza eraberrituan, Santa Eugenia plazan eta Eskoletako plazan. Programazioan Getxoko, Bizkaiko, Euskadiko eta Estatuko erakunde eta konpainien lanak daude. Lehenengo egunean, ekainaren 2an, Bartzelonako La Baldufa Teatre konpainiaren Zeppelin ikuskizun ibiltariagaz hasiko da jaialdia, Bizkaia Zubitik Santa Eugenia plazaraino. Ondoren, publikoak Numenak (Yarleku Teatro) antzezlanaz gozatu ahal izango du Areetako Xake plazako aire zabaleko entzunareto berrian.

Bigarren eguneko goizean, hilak 3, zapatuan, Areeta zirku azoka tradizionala bihurtuko da Bambolea taldearen eskutik, kaseta eta zirku-joko tradizionalekin, eta publikoak familiei zuzenduriko Dantza Plaza ekitaldiaren saio berezia izango du, bertoko dantza taldeek bultzatuta, Eskoletako plazan. Arrastian, eskaintza Romo auzora pasatuko da, Iratxoen Kantu Sekretuak (Gookapi) musika-ikuskizunagaz, eta egunari amaiera emango zaio Glubs (Nacho Vilar Producciones) kalejira ibiltariagaz. Bertan, lau marinel zoro noraezean agertuko dira Santa Eugenia plazan, eta publikoak ontziratzeko portu bat aurkitzen lagundu beharko die.

Hurrengo egunean, hilak 4, domekan, animalia itxurako tamaina handiko txotxongilo artikulatu batzuek hiri-eremuan ezarriko dute beren kanpamendua. Animalia ikuskizunak (Sandal Productions) animalien portaera aztertzen duten naturzaleen kanpamentuak birsortzen ditu. Antzezpenaren ondoren, haurrek zurezko jolasak balira bezala jokatu ahal izango dute txotxongilo horiekaz, tipi estiloko denda betetako gune natural batean. Eguerdian, Dantzaz talde euskaldunak bere Menu ikuskizun ibiltaria ekarriko du eta Izaskun Rueda getxoztarrak antzerkia eta zirkua uztartzen dituen Bidaibizitzen obra. Arrastian, Tor eta Txoborro magoek TNT magia ikuskizuna eskainiko dute eta jardunaldiari amaiera emateko, Candido (La Nördika) zirku ipuina izango da.

Parte hartzeko ekitaldiak

Gainera, egunero, 17:00etatik 19:00etara, jarduera parte-hartzaileen txanda izango da. 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak ludoteka bat izango dute ekainaren 2tik 4ra. Era berean, 3 urtetik gorakoentzat irakurketa gune familiar bat egongo da, eta parte hartzeko gune horretan mota askotariko tailerrak ere egongo dira: ekainaren 2an, arte plastikoei buruzko horma-tailerra eta, hilaren 3an, bertsolaritza eta ahozkotasunari buruzko tailerra.

Datorren asteko asteburuan, ekainaren 9tik 11ra, TxikiFest Algortako parke eta plazetan izango da. Programazioa honako webgune honetan dago ikusgai: www.getxo.eus/txikifest.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun