Elkarrizketak

Maialen Lago: "Norgehiagokan ibiltzera kondenatzen gaituen proba bat da selektibitatea"

Nahia Martinez Gondra 2023ko eka. 8a, 10:02

Julio Caro Baroja BHI institutuko Batxilergoko ikaslea da Lago. © HODEI TORRES

Getxoko Julio Caro Baroja BHI institutuko Batxilergoko ikaslea da Maialen Lago, eta, egun hauetan, bere etorkizuna definitu dezakeen hautaproba bati aurre egiten ari dio: selektibitatea. Gaur, zehazki, selektibitateko azken froga eguna da.

Aurten, ekainaren 6, 7 eta 8an izaten ari dira selektibitateko azterketak, eta, Lago "antsietatez beteta" sentitzen dela aitortzen du, izan ere, ez daki gai izango den gura duen graduan sartzeko behar besteko nota eskuratzeko. Ikasle gisa, argi du ez duela bat egiten selektibitatea bezalako hautaproba bategaz: "Norgehiagokan ibiltzera kondenatzen gaituen proba bat da, antsietatez betetzen ditu gure bizitzak eta indibidualismo hutsera bideratzen gaitu une oro".

Horregatik, beste bide batzuk beharrezkoak direla ikusten du: "Selektibitatearen ordez, lan baten aurkezpena proposatuko nuke edota Batxilergoko notaren batez bestekoa soilik kontuan hartzea. Ikasleon arteko lehiakortasuna eta indibidualismoa ezabatuko dituen sistema bat behar dugu". Bestalde, bere kurtsoko irakasleek denbora faltagatik gai guztiak presaka irakatsi behar izaten dituztela deitoratu du: "Ez zigunez denborarik ematen ikasgai-zerrendako zati bat kurtsoa bukatzean eman genuen. Izan ere, selektibitatea prestatzeko errepaso-klaseak egin genituen, modu horretan, irakasleen laguntzaz proba ahal bezain ondo prestatu ahal izateko".

Hori dela eta, ezinbesteko ikusten du hezkuntza sistemak "ikasleen benetako beharrak eta iritziak kontuan hartzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun