Zelan definituko zenuke yoga?
Yoga, bere horretan, batasuna da; garen guztia puntu berean biltzen du: gorputza, gogoa, eta esentzia. Arazoa da yoga oso modu dogmatikoan hartzen dugula. Izatez, tresna bat da lan egiteko gure gorputzarekin, adimenarekin eta arnasketarekin. Beraz, niretzako yoga autoezagutzarako eta ongizaterako giltza da. “Ni” horretan aztertzeko bidea, lasaiago bizi ahal izateko.
Zer onura eskaintzen dizkigu yogak?
Batez ere ongizatea modu integratu batean eskaintzen digu. Pandemiatik aurrera, denok jabetu gara fokua kanpoan jartzen badugu, eta gure ongizatea kanpoko egoeren mende jartzen badugu, ez garela ondo egongo. Nolabait, yogak laguntzen digu barne-kontzientzia eta ongizate handiagoa izaten, baita gure kontrolpean ez dauden egoerei hobeto aurre egiten ere. Beraz, onura nagusia “ardatz” bat edukitzearen sentipena da. Ondoren, jakina, funtsezko onura fisikoak daude, eta jarrerak, gorputzaren ergonomiak, eta arnasketak mesede egiten dio gure gogoari ere. Horregatik iruditzen zait yogak 360 graduko onura duela.
Nola erlazionatzen dira psikologia eta yoga?
Uste dut batzuetan psikologia buruan zentratzen den gauza bat balitz bezala irudikatzen dela; fisikoki ere, lepotik gora bezala bistaratzen dena. Aitzitik, yogak gorputzetik haratago doan bide bat ematen dizu, baina abiapuntua gorputza da ere. Duten batasuna da, puntu desberdinetatik abiatu arren, patu bera dutela. Hau da, pertsonaren ezagutza, eta zentro-sentsazio hori lortzea.
Nik beti irudikatzen dut etxe bat balitz bezalakoa: leiho eta ate desberdinen bidez leku berdinera sar gaitezke; ez gara beti ate nagusiarekin obsesionatu behar. Beraz, yogak gorputzera jaistea dakarkio psikologiari, eta psikologiak yogari, egiten ari naizenaren jakintza eta kontzientzia.
Sare-sozialen gorakadagaz, baita pandemiaren eraginez ere, yoga-praktika gizarte osoan zehar hedatu da. Askotan, formakuntza ez duten lagunek ere yoga erakusten dute. Zer deritzozu horri?
Zuk esan duzun bezala, pandemiaren ondorioz, “boom” bat egon zen, eta, alde batetik, uste dut negatiboa izan zela, entretenimendu-ekintza gisa ikusi zelako, eta ez autoezagutzarentzako tresna bezala.
Ikuspegi positibotik ikusten badugu, egia da sare-sozialei esker yoga-praktika pertsona askorengana heldu zela. Baina uste dut garrantzitsua dela bertan ez gelditzea. Yoga egiteak zerikusi handia du eremu batekin, partekatze batekin. Nahiz eta bakoitza bere zerrian egon, energia desberdina dago taldean praktikatzen denean. Gainera, garrantzitsua da ere edukitzea nolabait gidatzen eta inspiratzen zaituen irakasle bat. Yogak bi zutabe nagusi ditu: konpromisoa eta iraunkortasuna. Eta horiek, sare sozialek, unean-unean, ez dizkizute eskainiko.
Uste duzu badagoela jendea negozioa egiten ari dena praktika honen balioakaz zintzoki bat egin gabe?
Bai, beti dago intrusismorako aukera lanbideetan. Horrenbestez, helburu ekonomikoengatik yogan hasten den jendea ere dago. Ezin dugu kontrolatu pertsona horiek egiten dutena, baina uste dut gutako bakoitzak eduki behar dugula benetako bide bat bilatzeko konpromisoa. Zerbait positiboa ekartzen badizu, zure bizitzan ongizatea ematen dizula uste baduzu, jarraitu hortik.
Halaber, zenbait pertsonek hilabete batzuetako yoga prestakuntza intentsiboa egiten dute eta irakasle bilakatzen dira. Formazioak saltzea panfletoak balira bezala akats bat dela uste dut. Yogak konpromisoa, dedikazioa eta denbora eskatzen ditu gauzak barneratzen joateko. Prozesu luze bat da. Baina, azkenean, erantzukizuna gurea da, eta sendotasun hori emango dizuten irakasle asko daude.
Zertan bereizten da yoga beste kirol batzuakaz alderatuta?
Nire ustez, asmoa da funtsezkoa: “Norantz noa?” edo “hemendik nator” bezalako aferen inguruan hausnartzea. Yogako zerri batean jartzen banaiz soilik jarrera jakin bat ateratzen zaidan ala ez frogatzeko helburuagaz, ariketa fisiko hutsean geldituko naiz. Ez dut esaten hori gaizki dagoenik, baina nik uste dut yoga ariketa fisikoa baino haratago doan asmo batetik datorrela. Fisikotik hasten gara, hori gainditu ahal izateko.
Izan ere, yogaren helburu nagusia meditazioa da. Eta meditazioa, lasaitasun mentala da: gertatzen den guztiarekin identifikatzen ez den adimena eta ikusle soil gisa jokatzen duena. Lan fisikoa geruzak eta gaitzak kentzen joatea bezalakoa da, burua adi egon dadin, lasaitasun kontziente batekin. Beraz, yoga-praktika fisikoa izan daiteke, baina betiere presente edukita nondik abiatzen naizen eta zerk bultzatzen nauen hori egitera.
Yogak oinarri espiritual indartsua du. Uste duzu beharrezkoa dela yoga praktikatzen dutenek alde mistiko horregaz bat egitea?
Yoga egokitzen joan da. Ekialdetik datorren praktika da, eta mendebaldera egokituta dago, gurean ditugun balioekin. Ez dut uste hori gaizki dagoenik; mendebaldekook gauzak zuzentzeko eta haratago joateko dugun modua bada, ondo dago. Baina ezin dugu ahaztu yoga-praktikaren sustraia espirituala dela, hau da, norberarekiko topaketa bat dela.
Zure emozioekin, adimenarekin, niarekin ez identifikatzeko bilaketa da, eta hori, bide espirituala da. Arazoa da “espiritual” hitzak berak errefusa eragiten digula askotan. Horregatik, nik gomendatzen dut jendeak kontzeptua ahaztea eta eroso sentitzen den hitz edo azalpen batekin bat egitea. Yoga-praktika amaitu eta gero lasaitasuna sentitzen baduzu, horrekin gelditu behar zara.