Mundukatuak

Ibai Gorordo: "Japoniak berezitasun asko ditu, eta zaila izan daiteke ohitzea"

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 21a, 10:13

Japoniako Fukuoka hirian bizi da egun Ibai Gorordo getxoztarra.

Japoniak robotikaren munduan duen tradizioak erakarrita, 2015ean joan zen Ibai Gorordo algortarra aurrenekoz herrialde horretara, trukerako ikasle gisa. Dioenez, hasieran zaila egin zitzaion desberdintasun kulturalari ohitzea, "baina urtearen amaierarako bertako bizitzaz gozatzen hasi nintzen". Gainera, ordurako bere gaur egungo emaztea ezagutu zuen eta, bueltarako, hara itzultzeko aukerak bilatzeari ekin zion; 2018an Japonian Ingeniaritza Biomedikoan doktoretza bat egiteko beka jaso zuen, eta ordutik bertan bizi da.

Bekari esker, hango edozein unibertsitate hautatzeko aukera izan zuen, eta azkenean Fukuoka aukeratu zuen, herrialdearen hegoaldean, Kyushu uhartean, "bertan ikertu gura nuenetik hurbil zegoena ikertzen ari zen irakasle bat aurkitu nuelako". Gaur egun, Australiako startup batentzat egiten du lan, urrutiko lanean, ingeniari gisa; "itsuentzako betaurrekoak garatzen ari gara, inguruan zer dagoen jakiten laguntzeko".

Dioenez, Japoniak berezitasun asko ditu kulturari dagokionez, eta horrek egokitzapena zaildu dezake, "baina ohitzen zarenean, bizitza nahiko erosoa da". Janaria ere oso ezberdina dela dio, eta sushia eta ramena bezalakoez gainera, Fukuokan motsunabea eta mentaikoa dute, besteak beste. Hala ere, arroza, miso zopa, barazkiak eta arraina zein barazkia jaten da batez ere. Orokorrean, dena garestiagoa da, fruta batez ere: "Sagar batek euro bat baino gehiago balio du". Edariari dagokionez, garagardoaz gainera, sake edo sochua edaten dute.

Fukuoka hiri atsegina da, handia izanik Tokioko jendetzarik ez duena. Hala ere, aitortzen du ez dagoela leku askorik bisitatzeko eta turista gehienek Kioto edo Tokio hirietara jotzen dutela. Hala ere, yatai janari-postuak bisitatzeko gomendatu digu, "Japonian nahiko arraroak dira-eta". Era berean, azaldu du garrantzia historiko handirik ez duen arren, Nagasaki eta Hiroshimatik gertu dagoela, eta, hasieran, amerikarrek Kokurako portua bonbardatu gura zutela, Fukuokatik gertu, "baina baldintza klimatiko txarrak zirela-eta, Nagasakin bota zuten bonba nuklearra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun