Abuztuaren 11tik 14ra bitartean izango dira aurten Algortako Portu Zaharreko jaiak. Antolatzaileek buru belarri dabiltza egunotan festen ospakizunak prestatzeko zereginetan eta, besteak beste, Algortako Gazte Txosnako kideak ere buru-belarri ibili dira hilabeteotan haien “aisialdi eskaintza alternatiboa” osatu guran.
Azkenengo urteetan, gazteek haien oholtza propioa jarri izan dute euren txosnaren ondoan, askotariko ekitaldiak antolatzeko bertan, hala nola kontzertuak eta jolasak. Aurten, baina, deitoratu dute Portu Zaharreko jai-batzordeak “debekatu” egin diela agertokia jartzea, “haien ustez, bion egitarauak ez direlako bateragarriak”. Gazteek adierazi dutenez, saiatu dira azaltzen haien eskaintza “gehitu besterik ez duela egiten” eta “herriak ere esker onez hartzen duela beti”.
Hori dela eta, Gazte Txosnako kideek sinadura-bilketa bat abiatu dute Change.org plataformaren bitartez, haien lana babesteko eta jai-batzordearen erabakiaren aurka agertzeko.