Sexu-askapenaren eta Harrotasunaren Eguna

Getxoko Udalak pertsona ororen eskubideak eta bizikidetza aldarrikatu ditu aniztasunetik abiatuta

Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 14:28

© GETXOKO UDALA

Gaur, ekainak 28, eguaztena, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu-askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazioarteko eguna dela eta, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du. EH Bildu, bere aldetik, ez da adierazpen horretara batu, LGTBIQ+ fobiaren erroa erakusten ez duelakoan: "Ez gaude prest LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak zuritzen dituzten adostasun faltsuak normalizatzeko". Ildo horretan, atzerapausorik ez onartzeko jarrera politiko argiak aldarrikatu eta kalean eskubideen alde borrokatzen dutenen alde lan egiteko deia egin du koalizio abertzaleak.

Getxo Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpena, osorik:

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu aniztasunetik abiatuta, eta kolektibo horren eskubideak eta askatasunak aitortzeko egindako aurrerapenak ospatzen ditugu. Getxoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie sexu-askapenaren aldeko borrokan egindako ahaleginak batu dituzten pertsona eta kolektibo guztiei, eta gaur egun sentsibilizazio, kontzientziazio eta eraldaketa sozialeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei.

Iaz, Ekaini, Basauriko gay mutil bati, egindako eraso bortitza salatu genuen, bai eta Samuelen heriotza ere. Samuel kolpeka hil zuten A Coruñako itsas pasealekuan, bere sexu-orientazioagatik. Zoritxarrez, eraso homofoboak izaten jarraitzen dute gaur egun.

Maiatzean jakin genuen Yeissonek eta Brayanek, bikote gay migratzailea, herriko gazte batzuen eraso homofobo eta xenofoboa jasan zutela Billabonara iritsi eta ia hilabetera. Eta duela egun batzuk, kasu berri bat ezagutu genuen Gallartan (Abanto Zierbena), non bikote bati errieta eta eraso egin zioten herriko jaietan. 

Eraso horien aurrean, erantzunak sendoa eta bateratua izan behar du: eskubideetan eta askatasunetan aurrera egiten jarraitu behar dugu, mehatxuen bidez zuri-beltzeko iraganera eraman nahi gaituztenen aurrean. Aurten, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu dela opatzen dugu; lege horrek eskubide gehiago bermatzen dizkie LGTBIQ+ pertsonei, batez ere trans kolektiboari, eta erregistro-aldaketak egitea ahalbidetzen du, kolektibo horren indarkeria instituzionala sustatzen duten txostenen beharrik gabe. Gainera, administrazio-zehapenak ezartzen dizkie bihurketa-terapiak sustatzen dituzten erakundeei eta intersexei mutilazio genitalak egiten dizkieten profesionalei. Aurrerapen horiei esker, abangoardia eta erreferentzia izaten jarraitzen dugu mundu mailan LGTBIQ+ pertsonen eskubideen defentsan.

Testuinguru horretan, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartzen du, eta Getxoko Udalak gizartea animatu nahi du gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketa-egoerak ozen salatzera eta horien aurka borrokatzera. Jakin badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela LGTBIQ+ kolektiboaren errebindikazio-lanari eta euskal gizarte osoak komunitate bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko egindako lanari esker.

Horregatik, sentsibilizazio- eta errebindikazio-ekitaldiekin bat egin dezatela eskatzen diegu pertsona guztiei, baita beren konpromisoa ikusaraz dezatela ere, leiho eta balkoietan kolore anitzeko banderak zintzilikatuz, gaur aniztasuna aldarrikatzeko eta aitortzeko eguna dela ikusaraziz. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu harro egoteko mugimendu bat osatzen duten kide eta kolektibo guztiei.

Gainera, udal politika publikoen bidez eskubide eta askatasunen arloan egindako aurrerapenak sendotzeko konpromisoa hartzen dugu, udalerriko LGTBIQ+ pertsona eta kolektiboekin batera lan eginez. Era berean, Getxoko herritar guztiei animatu nahi diegu LGTBIQ+ Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna dela-eta egingo diren jardueretan parte hartzera.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun