Borroka transmaribibolloaren "merkantilizazioa" salatzeko manifestazioa egingo duzue ekainaren 28an. Zer da aldarrikatu gura duzuena?
Alde batetik, ekainak 28aren jatorri eta izaera iraultzailea aldarrikatu nahi dugu, Stonewall-eko matxinadaren urteurrena gogoratzen baita. Egun horretan, 1969an, sexu-langilea zen emakume beltz trans batek adreilu bat jaurti zion poliziari, hiru eguneko istiluak piztuz. Lehen aldia izan zen sexu eta genero disidenteko pertsonok kaleak hartzen genituela, jasaten genuen indarkeria eta jazarpenari aurre eginez. Borroka transmaribibolloa borroka iraultzailea da, behetik, bazterretik eta ezkerretik sortzen dena, herri mugimenduaren parte dena.
Beste alde batetik, gure kolektiboarekin ematen ari den merkantilizazio eta asimilazio saiakera salatu nahi dugu. Kezka handiz ari gara ikusten nola zenbait instituzio, alderdi politiko eta enpresek negozioa egiteko eta euren burua zuritzeko erabili nahi gaituzten. Kapitalismoak borroka politiko eta sozialen asimilazio eta merkantilizazioa bilatzen du, eta ekologismo edo feminismoarekin egiten duen moduan, LGTBIQ+ kolektiboarekin berdina egiten ari da. E28a eduki aldarrikatzaile eta politikoz hustu eta kontsumorako festa hutsa bilakatu nahi dute. Prideak gorputz normatibodun gizon zis, gay, txuri, gazte eta diruduna jartzen du erdigunean, kolektiboa osatzen dugun gainontzekoak bazterrean utziz. Non geratzen dira transak? Migranteak? Marika edo bollera prekarizatuak? Aniztasun funtzionala dutenak?
Horrez gain, haien politika neo-liberalak estaltzeko erabili nahi gaituzte, baita poliziaren zuritzea eta normalizatzea bultzatzeko ere. Osakidetzan murrizketak, gaztetxeen desalojoak, etxegabetzeak, gentrifikazioa, errepresio poliziala, prekaritatea, amalurraren suntsiketa... Guzti horren atzean dauden berak dira Pridea sustatzen dutenak. Ez diegu utziko estaltzen guzti hori hortzadarraren banderarekin.
Nola eta zergatik eman da borroka horren "merkantilizazioa"?
Merkantilizazioak modu negatiboan eragiten dio gure borrokari, asimilazio saiakera bat ematen delako eta desaktibazioa eta desmobilizazioa dakarrelako. Negozioa egiteko aukera gisa ikusten dute eta instituzioek alfonbra gorria jartzen diete enpresariei horretarako. Gure kolektiboaren despolitizazioa dakar, badirudielako festa eta kontsumorako eguna dela E28a, eta ez borrokarako eguna.
Borroka honen merkantilizazioa urrunetik dator. Kapitalismoak beste borroka politiko eta sozialekin egiten duen moduan, berarentzat mehatxua izan daitekeena asimilatzen saiatzen da, horrela desaktibatu eta bereganatu ahal izateko. Euskal Herrian ez da gertatu, baina munduko zenbait tokitan ikusi dezakegu nola “harrotasun martxa” deiturikoetan enpresa pribatuek karrozak ateratzen dituzten, baita alderdi politikoek (eskuindarrek baita ere), poliziak... Horrela, desberdintasun sozial eta indarkerian oinarritutako sistema hau betikotzen dutenek haien aurpegiak zuritzeko erabiltzen dituzte gure ikur eta banderak. Guk ez ditugu gentrifikazioa bultzatzen duten hotel LGTB-friendlyak nahi. Ez ditugu grebalariak jipoitzen dituzten polizia gayak nahi. Guk beste jendarte eredu bat nahi dugu, guzti hau errotik aldatu nahi dugu. Ez dugu onartuko beti bazterretan egon garenok erabiliak izatea beste batzuk jazarri eta bazterrean uzteko.
"Guk argi daukagu borroka kalean dagoela eta lorpenak eta garaipenak bertan ematen direla, gero horrek eragina izanda instituzioek garatu ditzaketen politiketan"
LGTBI+ borroka erakundeetatik egitea mesedegarria ala kaltegarria dela deritzozue?
Gu herri mugimenduaren parte gara eta ez ditugu ulertzen instituzioak borrokarako gure esparru bezala. Hala ere, kontziente gara gure errealitate materialean eragin zuzena duten erabaki eta neurriak hartzen dituztela instituzio ezberdinek, eta, hortaz, bertan ere LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko politikak aurrera eraman behar direla. Adibidez, beharrezkoa da legeria garatzea gure eskubideak bermatzeko, berriki Trans Legearekin ikusi dugun moduan. Baina guk argi daukagu borroka kalean dagoela eta lorpenak eta garaipenak bertan ematen direla, gero horrek eragina izanda instituzioek garatu ditzaketen politiketan.
Homofobiaren inguruko zein balantzen egiten duzue eskualdeari dagokionean?
Gure eskualdea ez da inolako salbuespena eta homofobia presente dago, lesbofobia, transfobia eta oro har LGTBIQ-fobia dagoen moduan. Azken finean, jendarte zis-heteropatriarkal batean bizi gara, hetero-arauan oinarritzen dena, eta bertatik aldentzen den oro jazarria da. Egiturazko indarkeria baten aurrean gaude, egunerokotasunean modu ezberdinetan pairatzen duguna.
Zeintzuk dira hurrengo hilabeteetarako prestatu dituzuen jarduerak?
Momentuz, ekainaren 28an Itzulbatzeta/Romon egingo dugun manifestazioa antolatzen jarri ditugu indarrak, eta ez dugu aurreikusita epe laburrera ezer gehiago egiterik.
Zerbait gehitu nahiko zenukete?
Deia egiten dugu ekainaren 28an, 20:00etan Itzulbatzeta/Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.