Gobernatzeko akordioa sinatu dute EAJk eta PSE-EEk Getxon, baina akordioak bilatu beharko dituzte

Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 11:45

Carmen Diaz sozialista eta Amaia Agirre Getxoko alkatea, akordioaren sinaduran. © GETXOKO UDALA

EAJk eta PSE-EEk datozen lau urteetarako udal-gobernua osatzeko akordioa sinatu zuten atzo, eguaztenean. Arduradunek azaldu dutenez, hitzarmen horren helburua da "egonkortasun politikorako eta aurrerapen sozialerako gobernu bat osatzea". Oraingoan ez dute gehiengo osorik lortu eta, beraz, besteak beste, HAPOaren faseak onartzea ahalbidetuko duen adostasunak bilatuko dituzte gainontzeko alderdi politikoakaz.

Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak 2023-2027 legegintzaldian udal gobernua osatzeko akordioa sinatu zuten atzo. Bi aldeen artean Udalean gehiengo osoa ez duten arren, uste dute, Euskadiko hauteskunde-mapa askotarikoaren eta zatikatuaren aurrean, haiek direla "ondoen bila ditzaketenak erakundeen gobernagarritasuna eta egonkortasuna bermatuko duten akordioak, aniztasuna errespetatuz".

Diotenez, akordioaren zeregina da "egonkortasun politikorako eta aurrerapen sozialerako" gobernu bat lortzea da, eta Getxo "parekide, inklusibo, dinamiko, bizi, abegikor, jasangarri, berritzaile eta belaunaldien arteko baterako planteatutako helburuetan aurrera egitea" proposatzen du. Horrela, Udal Aurrekontu Orokorra eta bere Erakunde Autonomoena, sozietate publikoena edo udalaren mendeko beste edozein entitaterena erraztu eta babesteko konpromisoa hartzen duela azpimarratu dute, baita bultzatzen diren zerbitzu eta inbertsio guztien iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko eta udal-ordezkaritza duten beste alderdi politiko batzuekaz hitz egiteko konpromisoa, adostasun zabalagoak lortzeko.

PSE-EEk Gizarte Kohesioaren Arloa kudeatzen jarraituko du, aurreko lau urteetan bezala, Zahartze Aktiboaren Zerbitzuaren kudeaketa batuz, eta Tokiko Garapen Ekonomikoaren eremuan, gainera, Getxolan zerbitzua kudeatuko du.

Akordioaren arabera, datozen lau urteetarako Legegintzaldi Plana urtea amaitu baino lehen egingo dute, eta honakoak gehitu dituzte:

  • HAPOren faseak onartzea ahalbidetuko duen adostasuna bilatzea.
  • Mugikortasun iraunkorrean erreferentea izatea (Mesedeetako aparkalekuko tarifak handitzea eta berrikustea, hiri-autobus bat ezartzea, bidegorri-sarea handitzea eta hiriguneak erdi atontzea).
  • Haur, nerabe eta gazteentzako gune gehiago eta hobeak prestatzea (haurreskola berria Itzubaltzeta/Romon, ludoteka berria Algortan eta proiektu berria Errekaganerako).
  • Auzoetan gizarte-sarerako eta herritartasunerako espazioak handitzea eta hobetzea.
  • Getxok kulturaren eta sormen-industrien abangoardian duen lekua indartzea.
  • Fadura Kirol Barriaren diseinu parte-hartzailearekin eta gauzatzearekin jarraitzea.
  • GUrari Etxea Emakumeen Etxea martxan jartzea eta V. Berdintasun Plana garatzea.
  • Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak hobetzen jarraitzea, udal-instalazioak handituz eta Prestazioen Bulegoa sortuz.
  • Merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu profesionalei lotutako jarduera ekonomikoa bultzatzea eta babestea, eta, horrekin batera, tokiko enplegua sortzea.
  • Jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa sustatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun