Eraso matxisten aurrean arreta zuzena emateko gune moreak ahalbidetuko ditu Getxoko Udalak jai jendetsuenetan

Erredakzioa 2023ko uzt. 14a, 13:20

Getxoko Udalak zuzeneko arretarako gune moreak jarriko ditu udalerriko jai jendetsuenetan, eta, aldi berean, gomendioak emango ditu biktimei harrera egiteko eta haiei laguntzeko, erasorik izanez gero. Ekintza horiek izango dira aurtengo kanpainaren oinarria, "Indarkeria matxistarik gabeko egunak eta gauak" lelopean.

Gune moreak karpa baten azpian egongo dira, eta "toki seguruak eta lasaiak izango dira", erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko eta emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten, udal-iturriek azaldu dutenez. "Helburua da arreta zuzena eta berehalakoa bermatzea, zaintzan eta bere iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarritua, Ertzaintzarekin, Udaltzaingoarekin eta Udalarekin koordinatzeaz gain, eskura dauden zerbitzuei buruzko informazioa eman ahal izateko eta Udalaren jarduera, koordinazio eta erantzun publikorako protokoloa aktibatzeko", azaldu du Carmen Diazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak. Erasoa jasan duen pertsonak gune moreetara joan gura ez badu, eskura dituen zerbitzuei buruzko informazioa emango zaio, hala nola informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatua, eguneko 24 orduetan, 900 840 111 zenbakian, eta 112 zerbitzua, salaketa jartzeko, Ertzaintzak edo Udaltzaingoak lagunduta, eta/edo osasun-zerbitzuek artatua izateko.

Halaber, jai-eremuan eraso bat jasan duen biktimari prebentzioa, errekonozimendua eta erreparazioa emateko, Udalak jai-batzordeei proposatu die musika gelditzea, erasoa gertatu dela jakiten den unean zerbitzua emateari uztea, erasoaren berri emateko mezu bat jartzea, eta, erasoaren larritasunaren arabera, txosnen esparrua itxi behar den baloratzea, "jai eremua LGTBIQ+ pertsonentzat eta emakumeentzat segurua eta gozatzeko modua ez bada, festak ez baitu jarraitu behar". Hala ere, gogoratu beharra dago mota horretako protokoloa aspaldi dabilela funtzionamenduan tokiko mugimendu feministari eta jai-batzordeen arteko elkarlanari esker.

 "Emakumeok festak askatasunez, egunez eta gauez, bizitzeko eskubidea dugu. Kanpaina honen bidez, jai-guneetan begirada feministak piztu nahi ditugu, eta horietan parte hartzen duten eragile guztien konpromisoa eta inplikazioa bilatu. Getxon argi dugu zer jai-eredu nahi dugun, hau da,  pertsonekiko errespetuzkoa eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabea. Eta horrek prebentzioko politikak bultzatzen jarraitzea eskatzen du, baita berdintasunik ezarekin amaitzeko balioetan heztea ere, hori baita indarkeria matxista ororen jatorria", nabarmendu du Amaia Agirre alkateak.

Gune moreen ordutegia jaietan

  • Uztailaren 25ean, Nazioarteko Paella lehiaketa, 17:00etatik 24:00etara.
  • San Inazio jaiak, Algortan, uztailaren 28, 29 eta 30eko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara.
  • Itzubaltzeta/Romoko jaiak, abuztuaren 3, 4 eta 5eko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara.
  • Portu Zaharreko jaiak, Algortan, abuztuaren 11, 12, 13 eta 14ko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara, eta 13an, 19:30etik 23:30era ere.
  • Mesedetako jaiak, Areetan, irailaren 22 eta 23ko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara.

Arreta-gune moreak artatzen dituzten profesionalakaz harremanetan jartzeko aukera ere egongo da, 678 940 243 telefono-zenbakira deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun