Portu Zaharreko jaietako kuadrillek adierazi dutenez, jaietako egitarau zabala antolatzen du Gazte Txosnak oholtza horretan, herriarentzako ezinbestekoa den aukera kulturalak eskainiz: "Antolatzen diren kontzertu, emanaldi, ekintza eta eskaintza kulturalak jaien programaziorako aberasgarriak direla irizten dugu. Herriko sortzaile askoren lehenengo plazak izaten dira horrelako eremuak eta beharrezkotzat jotzen dugu era horietako tokien presentzia".
Halaber, nabarmendu dute ekintza kultural horiek txosna horretako kideetatik "askoz haratago" doan eskaintza dela, izan ere, herri guztiari bideratuta daude, eta, bereziki, gazteei. Hortaz, deitoratu dute agertoki hori ez egotea "kaltegarria" litzaketela bertan jaiez gozatzen duten lagun guztientzako.
Horrenbestez, gazteentzako agertoki horrek duen balioa azpimarratu dute, urteetan zehar, Portu Zaharreko kuadrilla guztien "elkargune" bilakatu baita. Horren adibide gisa aipatu dute hainbat urtetan bertan antolatu izana jaietako sari-banaketa edota eremu hori izatea kuadrilla askoren topagune.
Horregatik, Portu Zaharreko jai-batzordeari eskatu diote Gazte Txosnako agertokia jartzeko "ahalegina" egitea, betiere aintzat hartuz azken erabakia eurek dutela. Halaber, Gazte Txosnari eskerrak eman gura izan dizkiote jaietan egiten duen lanagatik, eta konponbide batera iristeko esperantza adierazi dute.
View this post on Instagram