Udal-iturriek azaldu dutenez, enpresa espezializatu bati esleitu diote gasolindegiaren eraisketaren ingurumen-jarraipena egitea; horretarako, 4.598 euroko kontratu bat sinatu dute erakunde egiaztatu bategaz. Halaber, lanak aste honetan bertan amaitzea espero dutela ere azaldu dute.
Lanen lehen fasearen ondoren, lurpeko deposituak geldituko dira kentzeko, baina lan horiek baimendutako kudeatzaile batek egin beharko ditu. Era berean, bigarren fase horretan, Repsolek oraindik zehaztu gabe duen datan, lagatzen duen emakidadunaren erantzukizuna diren lanak ere egin beharko ditu.
1966tik martxan
Udal-lursailaren eta zerbitzugunerako pabiloiaren errentamendua Pascual Goñi Guemberi esleitu zitzaion 1966an, 50 urterako. 22 urte geroago, 1988an, udalaren osoko bilkurak Campsa enpresaren aldeko errentamendu-eskubideen lagapena onartu zuen, emakida 2016an amaitu zen arte.
Gogoratu dutenez, urte horretan bertan, Repsolegaz gestioak egiten hasi zen Udala, jarduera bertan behera uzteko eta ingurumenaren, hondakinen kudeaketaren eta lurzoruaren kalitatearen arloko lege-xedapenak betetzeko. Gainera, bide luze horretan ere esku hartu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak, eta Repsoli eskatu zion bete zitzala Lurzoruaren Legeagaz, gasolindegiaren deskontaminazioarekin eta beste alderdi batzuekin zituen betebeharrak.
Azkenean, hilaren 26an ekin diote eraisteko azken faseari. Lagatzen duen emakidadunak lurzoruen amaierako esplorazio-jarduketa amaitzen duenean, bigarren fase horretan egin beharreko lanak osatuko dituzte.