Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean, joan den martitzenean Aixerrotan neska bati sexu-erasoa egitea egotzita

Ander Zarraga 2023ko uzt. 27a, 18:27

Segurtasun Sailak gizon baten atxiloketa baieztatu du, aurreko martitzenean Aixerrotan ospatzen ari ziren paelletan neska batek salatutako sexu-erasoaren ustezko egile gisa. Era berean, Algortako Mugimendu Feministak gertakizuna salatzeko gaur arrastirako deitutako elkarretaratzea bertan behera utzi du eta Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala plazaratu du.

Segurtasun Sailak adierazi duenez, gertakariak arrastiko 19:30ak inguruan izan ziren, Getxoko Aixerrota inguruan ospatzen ari ziren Nazioarteko Paella Lehiaketaren jaian. Zehaztu dute gizon batek ukituak egin zizkiola neska bati eta gertatutakoaren berri izan eta salaketa aurkeztu ondoren, Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak gertatutakoa argitzeko azterlana abiatu zutela. Egindako ikerketen ondorioz, gaur, eguenean, goizeko 08:30ak aldera, Ertzaintzak ustezko egilea atxilotu du. Epailearen esku utziko dute, polizia-izapideak amaitzen diren unean. 

Horrez gain, Algortako Mugimendu Feministak gertakizuna gaitzesteko elkarretaratzea egiteko deialdia egin zuen gaurko 19:00etarako, baina azken unean deialdia bertan behera utzi dute. "Deialdiaren inguruan zalantzak zabaldu direla eta, gaiak zalaparta gehiago sor ez dezan kontzentra deialdia bertan behera gelditzea erabaki dugu", azaldu dute.

Azpimarratu dute indarkeria matxistaren aurrean salaketa publikoa egitea ezinbestekoa dela, "indarkeria matxistak kontu pribatu izatetik arazo publiko izatera pasa behar duelako; izan ere, jendarte osoaren erantzukizuna da".

Adierazpen instituzionala

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa salatzeko adierazpen instituzionala ere argitaratu du: 

Emakume batek pasa den uztailaren 25ean Paelletan izandako sexu-erasoaren delituagatik Ertzaintzan jarritako salaketaren ondorioz, Amaia Agirre alkateak eta udalbatzako talde politikoetako ordezkariek osatutako Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez ondorengo adierazpen instituzionala adostu du:

  1. Erabat baztertu eta gaitzesten ditu generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten ondorioz sortutako eraso guztiak.
  2. Elkartasuna adierazi nahi dio erasoa jasan duen emakumeari, bai eta babesa eman ere.
  3. Azpimarratzen du indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna dela beti, eta erasoa jasan duen emakumea erruduntzat jotzea saihestu behar dela.
  4. Erasotzaileen profilik ez dagoela azpimarratzen du.
  5. Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten jarraitzea defendatzen du, non emakumeek sexu-harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten askatasunez erabaki dezaketen. Azken finean, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko. 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun