Ikusi Makusi kuadrilla: "Itzubaltzetako jaiak herritik eta herriarentzat dira, oso bereziak"

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 1a, 12:21

Ikusi Makusi kuadrillako kideak. IKUSI MAKUSI KUADRILLA

Itzubaltzeta/Romoko jaietan parte hartzen hasi zirela 10 urte beteko dutela gogoratu dute Ikusi Makusi kuadrillakoek. 25 eta 27 urte arteko gazteok iaz irabazi zuten haien auzoko jaien Kuadrillen Txapelketa, "inondik inora" espero ez zuten arren. Aurten, azken hamarkada honetan bezala, jarduera guztietan parte hartuko dutela iragarri dute. 

2022an, Kuadrilla Txapelketaren garaikurra altxatu zenuten. Zelan bizi zenuten momentu hori?

Harriduraz, baina poztasunez. Urtero, jaiak prestatzen hasten garen momentuan, uztailean, irabaztea ez da gure buruetatik pasatzen den helburuetako bat; kuadrillan elkartzeko eta gozatzeko hartzen dugu. Iaz, gainera, inoiz baino beranduago hasi ginen prestaketarekin eta, ondorioz, nahiko arin sortu behar izan genuen probetarako materiala. Nolanahi ere, oso eskertuta jaso genuen berria, uste dugulako gure inplikazioa eta jarrera aktibo eta parte hartzailea saritzeko modu bat dela.

Espero zenuten garaitzea?

Inondik inora, izatez, rankingak gora egiten zuen heinean, gutaz ahazten zeudela pentsatu genuen. 

Zaila izan zen txapelketa horretako probak gainditzea?

Bueno… ezetz esango genuke, urtero froga berdinak egiten direlako eta horietan sormena eta irudimena lantzen dugu modu inprobisatu batean. Dena den, aipatu beharra dugu gure ahulgune nagusia play-backa izaten dela, ez dagoelako inprobisatzeko tarterik. 

«Momentuaren arabera ez gara kontziente gaua edo eguna den. Asko gozatzen ditugu eguneko planak, baina modu berean, gauean txosna-gunean sortzen den giroa gaindiezina da»

Zein da gehien eta gutxien gustatzen zaizuena?

Gehien gustatzen zaigun froga goitibeheren kalejira da, jaiei hasiera eman eta kuadrilla guztiekin elkartzeko une ezin hobea delako, eta herrian giro itzela sortzen da. Gutxien gustatu baino, gehien kostatzen zaiguna play-back froga da, buruari mila buelta emateko momentua izaten delako. 

Zergatik parte hartzen duzue Kuadrilla Txapelketan?

Jaiak beste modu batean bizitzeko eta herriko giroan murgiltzeko unea delako, herriko izaera eta nortasuna garatzeko momentua. Denok helburu berberarekin bat egiten dugulako: errespetuz jaiez gozatzea, eta herri-izaera sustatuz.

Aurten ere parte hartzeko asmoa duzue?

Bai, dena den, urteak pasata, gero eta zailagoa egiten zaigu prestaketa lanak egiteko koordinatzea. Hala ere, elkarrekin egoteko aukera lehenesten dugu eta ezinezkoa egiten zaigu guretzat hain bereziak diren jaietan ez parte hartzea. Halaber, aurten inoiz baino gogotsu eta motibatuago gaude, lehenengo hamarkada ospatuko baitugu!

«Abestiak dion moduan: adina gora-behera, hemen dugu aukera, oihukatu batera Erromo aurrera!»

Zer mezu helarazi gura zeniekete aurten jaietara hurbilduko diren horiei guztiei?

Herriko jaiak ondo pasatzeko, errespetuz gozatzeko eta hainbat borroka aldarrikatzeko antolatzen direla. Hori dela eta, besteekiko errespetuzko jarrera ezinbestekoa da. Izatez, argi adierazi nahi dugu herrian ez dugula inolako erasorik onartuko. Aurreko urtean hainbat egoera desatsegin eta nazkagarri bizi izan genituen emakumeok, eta aprobetxatu nahiko genuke Kresala Gazte Talde Feministari eskerrak emateko, eurak izan baitira emakume eta neska gazteon artean elkargunea sortu eta ahizpatasun sarea ehundu dutenak, emakumeon eta neska gazteon ongizate fisiko eta emozionala berma dadin.

Zerk egiten ditu berezi, zuen ustez, Itzubaltzeta/Romoko jaiak?

Herriko jendeak, eragile eta jaietako parte hartzaile desberdinen bitartez, herriari ematen dion alaitasuna. Kuadrilla desberdinen elkartasuna, laguntzeko antolakuntza, jaiak hasi aurretiko prestakuntza, integrazioa… 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun