Beste behin ere, Nazioarteko Paella Lehiaketaren ondorioak aurreko urteetako "bertsua" izan dela deitoratu du Eguzki talde ekologistak: tonaka zabor barreiatuta festa-gunean, natura ingurunea kaltetuta, zuloak eta horietara isuritako porlana... "Guztia, bertako fauna eta landaretzaren kaltetan".
Edonola ere, talde ekologistak aurten emandako aurrerapauso "txiki" batzuk nabarmendu ditu, hala nola kuadrilla batzuen ardura porlanaren erabilera baztertuta eta zuloak egitea saihestuz, festaren ondoren pilatutako hondakinak biltzera hurbildu izana eta Udalak zabor bilketa egitea baita ere Bronx deritzon inguruan. Dena dela, emaitza "eskasa" dela salatu dute Eguzkiko kideek: "Getxoko Udalaren papera jarri behar dugu auzitan. Izan ere, bere hitza betetzetik urrun dagoela esan behar dugu".
Getxoko Udalak hartutako neurrien artean pinudian sartzea debekatzea izan zen, baita egiturak eraikitzako aholkularitza teknikoa eskaini eta porlana erabiltzea debekatzea ere. Gainera, hondakinen garbiketa festaren ondorengo hiru egunetan egiteko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, Eguzkiren arabera, garbiketa ez da "nahikoa izan", eta hondakinak sortzea ekiditeko neurriak hartzea eskatu du: "Aholkularitza teknikoa egonik, batzuk jarraibideak aurrera eraman badituzte ere, beste askok berdin jarraitu dute, erretenak egin eta porlana erabilita, sastrakadiak 'hustuz' eremu pribatuak edo komunak sortzen jarraitzen dute eta basoan sartzeko debekua bai, baina hori bermatzeko biderik ez da egon".
Hori guztia dela eta, talde ekologistak gaia denboraz lantzeko eskatu dio Udalari, jai ofizialaren antolatzaile, auzokide, gaian interesa duten elkarte eta Bronx-eko erabiltzaileen artean. "Urtez urte, betegarriak diren neurriak zehaztuz joan beharko da, betetze maila ikusiz eta berpentsatuz. Bestela, paellen eguna ospatuko da, baina ingurumenak, naturak, jai izango du", ondorioztatu du.