Aixerrotako pinudia hesitu eta etxolak eraikitzeko zementua erabiltzea debekatu du Getxoko Udalak Nazioarteko Paella Lehiaketaren harira

Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 11a, 11:47
Pinudiaren sarbideak hesituko dituzte. © GETXOKO UDALA

Itxas Argiak antolatutako Nazioarteko Paella Lehiaketaren eremu ofizialetik kanpoko gunean segurtasuna eta garbiketa areagotzeko neurriak indartuko ditu aurten Getxoko Udalak, "orain dela sei urte abian jarritako proiektuari jarraipena emanez", azaldu dute iturriek. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak baterako dispositibo bat garatuko dute, postu finkoak ezarrita, besteak beste. Gainera, ingurumena zaintzeari, hondakinak biltzeari, segurtasunari, ebakuazio-bideei eta osasun-zerbitzuei lotutako eta suteen kontrako neurriak areagotuko dituzte ere.

Udal-iturriek nabarmendu dituzte hartutako neurrien ondoren iaz lortutako emaitzak eta, hori dela eta, 2018an hartzen hasitako neurriak areagotuko dituzte aurten uztailaren 25ean izango den Nazioarteko Paella Lehiaketan. Hala, aurten ere, gune ofizialetik kanpoko pinudi- eta txilardi-guneetarako sarbideak hesolen eta zinten bidez balizatuko dituzte. Era berean, eremu naturalekiko errespetua sustatzeko eta zuhaitzak iltzeen, soken eta inausketen eta abarren bidez ez kaltetzea eskatzeko kartelak jarriko dituzte.

Gune ofizialaren ondoko eremuan, sega-lanak egingo dituzte larrialdi-zerbitzuak eta garbiketa-kamioiak sartu ahal izateko bideak zabaltze aldera. Halaber, argi-puntuak kokatuko dituzte eremu osoan, baita ur-puntuak eta mahukak ere.

Edukiontzien kopurua ere handituko dute aurten, "Itxas Argiak proposatutakoaren gainetik", udal-iturrien arabera. Gainera, uztailaren 25ean, lehiaketaren egunean, hondakinen gaikako bilketa egingo dutela iragarri dute. Horretarako, parte-hartzaileek ingurune osoan jarriko diren puntu garbiak erabili ahal izango dituzte. Beira biltzeko poltsak ere banatuko dituzte, baita koloretako poltsak eta poltsa organikoak ere, jatorrian bereizteko eta dauden gune garbietan utzi ahal izateko.

Ekitaldia amaituta eta ondorengo egunetan, ontzien, beiraren, paperaren, organikoaren eta gainerakoen zatikiaren bilketa selektiboa egingo dute antzemandako tresnakaz batera, eta bilketa bukatzeko, egurra kenduko dute, pilatuz joango dena, eta azkenik, hondakin txikienak.

Bitarketaritza-lanak

Gainera, 2018an, 2019an eta 2022an bezala, aurten ere bide-ingeniari batek eta gizarte-hezitzaile batek osatutako lantalde bat kontratatu du Udalak, esparru ofizialaren pareko festan parte hartzen duten kuadrillakaz bitartekaritza-lana egin dezaten: "Lantalde honek kontuan hartu beharreko hainbat neurriri buruzko informazioa eta aholkuak ematen ditu, hala nola segurtasunaren garrantziaz jabetzea, bide nagusiak eta ebakuazio-bideak errespetatuz, eta pasatzea eragozten duten eraikuntzak egin gabe; ingurumenarekiko errespetuaren kontzientzia sortzea, hondakin gehiegi ez sortzea, esparruan dauden edukiontziak behar bezala erabiltzea, bertako fauna eta flora errespetatzea, etab.".

Horrez guztiaz gain, lantalde horrek ohartaraziko die kuadrillei ezin dela zementurik erabili etxolak eraikitzeko, eta horiek solairu bakarrekoak izan behar direla. Halaber, bitartekotza horren bitartez, muntatutako egiturak seguruak direla egiaztatuko dute, "kuadrillentzat eta bisitarientzat arriskutsuak izan ez daitezen".

Ekainaren 23an egin zuten lehen bilera kuadrillakaz, gomendioak behar bezala egiten direla bermatzeko, eta ekitaldiaren aurreko egunera arte iraungo du bitartekaritzak. Aurreko urteotan lan bera egin zuen lantalde bera da, eta, beraz, ohikoak diren kuadrillakaz berriro jarri da harremanetan eta berriak informazioa jasotzera gonbidatu ditu. Komunikazioa errazteko,  telefono mugikor bat eta posta elektroniko bat erabiltzeko aukera eman zaie.

Aurreko edizioan kuadrilla batzuk batu ziren gune ofizialaren ondoko eremuaren garbiketan, eta horien artean mobilizatu ziren lehiaketaren hurrengo egunean bertan sortutako hondakinak kentzen eta txosnak garbitzen laguntzeko. Hori oso positibotzat jo zuen Udalak eta jokabide hori jarraitzera animatzen du. Era berean, eskerrak eman zizkion Itxas Argia Elkarteari, lehiaketaren antolatzaileari, "Getxon hain errotuta dagoen festa hau behar bezala garatzeko emandako laguntza garrantzitsuagatik".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun