Eunate Etxebarria Bilbao judokak brontzezko domina irabazi du Europako Junior Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 11a, 13:09

Eunate Etxebarria Bilbao, Europako Junior Txapelketan domina irabazi ostean. © EUNATE ETXEBARRIA - EJU

Aste-akabu honetan Hagan (Herbehereak) izan den Europako Junior Txapelketan brontzezko domina lortu du Eunate Etxebarria Bilbao judoka getxoztarrak. Lau borrokaldi izan zituen gazteak, eta horietatik bakarra galdu zuen, Yuli Alma Mishiner israeldarraren kontra, final-laurdenetan. Orain, urriaren 4tik 7ra bitartean Portugalen izango den Munduko Junior Txapelketara begira dago Judo Club Getxo taldeko judoka.

Eunate Etxebarria Bilbao judoka getxoztarrak brontzezko domina jantzi du Hagan (Herbehereak) aste-akabu honetan izan den Europako Junior Txapelketan hirugarren postua eskuratuta. Judo Club Getxo taldeko kirolariak lau borrokaldiri aurre egin behar izan zizkion, eta horietatik bakarrak egin zion ihes, Alma Mishiner israeldarraren kontrakoak. "Nire ustez, aurkituko nuen aurkari gogorrena zen, eta hari irabazteko, banekien ezin nintzela bere jokoan sartu", dio Etxebarriak. Borrokari zelan aurre egin jakin arren, getxoztarra bere jokoan sartzea lortu zuen israeldarrak: "Horrela, birritan harrapatu ninduen".

Txapelketako bigarren borroka izan zen hori Etxebarriarentzat, Coimbran bera mendean hartu zuen Oceane Diarrassouba frantziarra garaitu ostekoa. Hala, Israelgo borrokalariaren kontra final-laurdenetan galdu ostean, bigarren aukeran Errumaniako Paula Pastiuren kontra aritu zen, baita irabazi ere.

Bigarren garaipen horri esker, getxoztarra hirugarren postua lehiatzeko borrokan sartu zen. Lituaniako Rugile Stasiulyteren kontrako lehia gogoratuta, luzea izan zela dio Etxebarriak. Lau minutu eta erdiko norgehiagoka izan zen, eta ez zitzaion batere erosoa egin getxoztarrari: "Nahiz eta arrisku askorik ez sortu, oso deseroso egotea eragin zidan". Borroka Etxebarriak irabazi zuen "golden score"-an, aurkariak hiru shido –zigor– metatu zituelako.

Nazioarteko lehiaketetan lortzen duen bigarren domina izan da hau Etxebarriarentzat, joan den maiatzean Malagan izandako Europako Kopan urrezkoa lortu ondoren. Hala ere, oraindino ez dio nazioarteko birari amaiera eman, urriaren 4tik 7ra Munduko Junior Txapelketan lehiatuko delako Odivelasen (Portugal).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun