Elkarrizketak

Eunate Etxebarria: "Judo egiten disfrutatzen nabil berriro, eta gaur egun nire bizitzaren adar garrantzitsuenetako bat da"

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 26a, 08:30

Eunate Etxebarria, junior mailako Malagako Europako Kopa irabazi berri. © EUNATE ETXEBARRIA

Lau urte zituenetik judoaren munduan murgilduta dabil Eunate Etxebarria getxoztarra. Dioenez, denbora luzez lehiatu barik egon ostean, aurten bueltatu da txapelketen mundura, eta ezin baino hobeto hasi du urtea. Azken hitzordua junior mailako Malagako Europako Kopa izan zuen, eta urrezko dominagaz bueltatu da etxera. Hala ere, bere ibilbidea ez da bertan amaitu, eta nazioarteko beste hainbat borrokaldi izango ditu aurrez aurre datozen asteotan.

Espainiako Txapelketa, Espainiako Superkopa… eta Europako Kopa orain. Askotariko dominak jantzi dituzu azken hilabeteotan. Zer balorazio egiten diozu egindako ibilbideari?

Orokorrean, urtea positiboki baloratzen dut, denbora asko lehiatu gabe egon ostean itzultzea lortu dudalako eta gutxika-gutxika maila gero eta altuagoa lortzen ari naizelako. Gainera, azken asteburu honetakoa nire urteko txapelketarik onena izan dela uste dut.

Bidea, baina, ez zen erraza izango, ezta? Zein zailtasuni egin behar izan diozu aurre goi mailako judoan aritzeko?

Ez, ez. Argi dago kirolari ororen bidea ez dela erreza. Egia da espero ez nuen momentu batean iritsi zaidala hau guztia niri, eta aurten gauza asko bigarren plano batean utzi behar izan ditut kirol erritmo hau jarraitu ahal izateko. Judoa nire bizitzako gainontzeko gauzen aurretik kokatu behar izan dut: familia, lagunak, ikasketak, beste konpromiso batzuk… Hori esango nuke izan dela alderik gogorrena. Azken finean, itsu-itsuan arriskatu dut guztia kirol honetan aurrera egiten saiatzeko.

"Itsu-itsuan arriskatu dut guztia kirol honetan aurrera egiten saiatzeko"

Parte hartutako azkenengo txapelketa Europakoa izan da. Zelan gogoratzen duzu finaleko borrokaldi hori?

Pentsatzen nuena baino lasaiago hasi nuen borroka, betiko urduritasun puntuarekin, baina maila justutxuan. Txapelketa ona neraman eta ondo ikusi nuen neure burua. Beraz, finalerako gogoak nituen eta gauzak ondo egitea zen helburu nagusia; galdu arren, gutxienez neure buruarekin lasai gelditzea. Egia da nire oker baten ondorioz borrokaldia galtzen hasi nintzela, baina markagailuari buelta ematea lortu nuen. Finaletik ere ondorio positibo batekin bueltatzen naiz etxera.

Esperoko emaitza izan da?

Urte osoa daramagu nazioarteko domina baten atzetik, baina ez da bereziki esperotakoa izan, nazioarteko txapelketa gutxi egin ditudalako. Aurten itzuli naiz txapelketen mundura lesioengatik kanpoan egon ostean denbora luzez. Beraz, nahiz eta espero nuena ez izan, bilatzen genuena zela argi dago.

Etenik gabeko ibilbidea egiten ari zara. Zeintzuk erronka dituzu orain?

Orain, asteburu honetan, Liga Nazionalean aritu behar naiz Madrilgo talde batekin; hiru asteburu barru Madrilgo Europako Openean arituko naiz eta ekaineko azken astean Krakoviara (Polonia) egingo dut bidaia Espainiako taldearekin borrokatzeko Europako Senior Txapelketan.

Zer da zuretzako judoa?

Judoa nire bizitzaren parte da; lau urtetatik daramat murgilduta eta, egia esateko, ez dakit zer den judoa egin gabe bizitzea, beti presente izan baitut. Judo egiten disfrutatzen nabil berriro, eta gaur egun nire bizitzaren adar garrantzitsuenetako bat da.

Zergatik eta noiz hasi zinen mundu horretan?

Esan bezala, lau urterekin hasi nintzen judoan, nire neba-arrebak jada egiten zutelako; niri erakargarria iruditu eta nire txanda noiz izango zen galdetzen hasi nintzen haiek ikustera joaten nintzen bakoitzean.

"Talderik gabe argi daukat ez nukeela orain arteko ezer ere ez lortuko. Azken finean, haiekin ikasten dut, haiek aguantatzen naute, haiek erakusten didate…"

Bakarka lehiatu arren, atzean dagoen taldea garrantzitsua da norberak emaitza onak lortzeko, ezta?

Inolako zalantzarik gabe, talderik gabe argi daukat ez nukeela orain arteko ezer ere ez lortuko. Azken finean, haiekin ikasten dut, haiek aguantatzen naute, haiek erakusten didate… Talde on eta gogotsu bat izanda askoz errazagoa da emaitza onak lortzea.

Taldean, gainera, neba-arrebak dituzu… Zelan da haiekaz aritzea?

Haiek inor baino hobeto ulertu eta laguntzen naute. Entrenatzeko behar ditudanean edozein momentutan esan ahal diet, zalantzarik dudanean haiekin argitzeko aukera dut, lehiaketetatik bueltatu eta haien iritzi eta ikuspuntuak ditut beti. Animatu egiten naute momentu oro, eta mezuak bidaltzen dizkidate txapelketa bakoitzaren aurretik. Zorte bat da.

Judo entrenamenduak unibertsitate-ikasketakaz uztartzen dituzu. Zaila egiten zaizu bi aldeak aurrera eroatea?

Aurten batez ere oso gogorra egiten ari zait guztia aurrera atera ahal izatea, urtearen hasieran ez nuelako hau espero. Aurten lehiatzea nuen helburu, baina ez gauzak horrela joatea eta astebururo nonbaiten egon behar izatea borrokan. Beraz, bai, aurten pixka bat ari zait kostatzen guztia aurrera eraman ahal izatea, baina, ahal den neurrian, banabil.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun