Denboraldi honen hasieran ezarri dute urteko kuota ordaintzeko neurria, eta Getxo Kirolakek HIRUKAri azaldu dionez, erabakia inplikatutako klub guztiakaz hitzartu da. “Erabakia duela hilabete batzuk jakinarazi zitzaien, baina denboraldiaren hasieran sartu da indarrean, aurreko denboraldiaren erdian erabilera-baldintzak ez aldatzeko”, azpimarratu dute erakundeko arduradunek.
Getxo Kirolakek argudiatu du tarifa horrek erabiltzaile orokorren eta 26 urtetik gorako kirolari federatuen artean igerileku-instalazioetarako sarbidea "berdintzea" duela helburu. Hala ere, gogoratu du klub federatu bateko kide direnek oraindino ere badutela abantaila bat: “Euren entrenamendu eta lehiaketetarako erreserbatutako kaleez edo igerileku osoaz doan gozatzeko abantaila izaten jarraitzen dute”.
Herrian kirola kudeatzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik, Getxo Kirolakek herritarren kirol-beharren arteko oreka babestu behar duela azpimarratu du, besteak beste, osasunera eta aisialdira bideratutako jarduera fisikoa, eskola-kirola eta federatua. Era berean, erakundeak gaineratu du garrantzitsua dela instalazioak erabiltzeko baldintza ekonomiko “bidezkoak eta iraunkorrak bermatzea”. Ildo horretan, gogoratu du urteko kuotaren hobari-sistema bat eskaintzen duela, errenta-irizpideetan oinarritua, eta abonatutako pertsona guztiek jaso dezaketela sistema hori.
Azkenik, Getxo Kirolak erakundeak deitoratu du waterpolo taldeagaz lotura duten kirolariak ez direla harremanetan jarri udal-erakundeagaz bilera edo elkarrizketa-gune bat eskatzeko eta nahiago izan dutela sare sozialen bidez edo komunikabideen bidez kexatu. Horren aurrean, jakinarazi du lanean ari direla abonu-sistema berri bat aurkezteko, “kirolari federatuen kolektiboa barne hartuko duena eta klub eta elkarteekin adostuta egongo dena”.