Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak deituta, "Itsasoak dakarkiguna" urteroko ekintza egin zuten zapatu honetan, hilaren 16an, Getxoko Ereaga hondartzan. Bertan, dozenaka lagunek bizitza duinago baten bila itsasotik migrazio-bideak egiten dituzten milaka pertsonen sufrimendua irudikatu zuten, baita milaka eta milaka gizon-emakume itsasoan itota hiltzen direla gogor salatu ere.
Ekintzaileek azpimarratu zuten gerren, hondamendi klimatikoen eta herrialde aberatsen interes ekonomikoek kendutako ohiko bizimoduen desagertzearen ondorioz behartuta ikusten dutela euren burua haien jaioterria atzean utzi eta itsasora abiatzera, bizitza duin baten bila. "Ez da kapritxoz edo abentura-grinaz", gaineratu zuten. Ildo horretan, bizirauteko, pertsona migratzaileek giza eskubideen "urraketa etengabeei" aurre egin behar izaten dietela nabarmendu zuten.
Erakundeko kideek gaineratu zuten itsasoa ez dela "hobi komun bakarra", eta Bidasoa ibaian gertatzen direnak mahai-gaineratu zituzten: "Gure lurraldean bertan, Frantziara iristeko ahaleginetan, Bidasoa ibaiak ere pertsonen bizitza kendu du". Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten Espainiako Estatuari adieraz diezazkion berari egiten dizkioten eskakizun berberak, hau da, Ceuta eta Melillako hesietan egunero heriotzak eragiten dituzten migrazio-politikei amaiera emateko eta zergadunen dirua Marokori "polizia txar" gisa jarduteko ordaintzen ez gastatzeko.
"Migratzea eskubidea da, ez delitua" lelopean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak ziurtatu zuen ez direla nekatuko pertsona guztien eskubideen alde oihu egiten: "Inor ez da ilegala".
Argazkiak Ongi Etorri Errefuxiatuak - Bizkaia plataformako kideenak dira.

— Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea) September 16, 2023
Un año más, @oeebizkaia escenifica frente a esos mares que en multitud de lugares se están transformando en tumbas ⚰️ de miles de personas migrantes como consecuencia de las actuales políticas de la UE 🇪🇺 de sus países miembros y de otros gobiernos en otras partes del mundo pic.twitter.com/bnvQ1A1ivM