Plentzia eta Gorlizko hondartzak bandera eta ikur horiz beteta ikusi ahal izan dira gaur eguerdian. Izan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak deituta, “Erroldarik gabe, izaterik ez” lemaren pean, Marea Horia mobilizazioa egin dute udalerriotan. Eguerdiko 12:00etan elkartu dira Gorlizko Hondartzapeko arrapalan, eta, bertatik, hareatzara jaitsi dira. Bertan, zapiakaz eta pankartakaz kate bat egin dute, eta halaxe jarraitu dute Arkoteko arrapalaraino. Portua inguratuta, Plentziako Ontziola plazara joan dira eta, bertan, omenaldia egin diete desagertutako pertsona migratzaileei; ondoren, loreak bota dituzte itsasadarrera.
Ekintzaileek gogoratu dutenez, 2023ko edizio honetan, gurera etorri diren pertsona migratzaileentzat oso garrantzitsua den arazo baten berri eman gura izan du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak: udal-erroldatzea. Azpimarratu dute udal-errolda ez dela paper bat bakarrik, “eskubide asko eskuratzeko sarrera-atea da”. Izan ere, erroldarik gabe, azaldu dute oso zaila dela osasun-txartela edukitzea erreferentziazko anbulatorioan edo adingabeen oinarrizko hezkuntzan sartzeko, baita Lanbideren ikastaroetara edo oinarrizko gizarte-prestazioetara sartzeko ere, zehaztu dutenez.
Are gehiago, deitoratu dute udal-erroldarik gabe ezinezkoa dela irregulartasun administratiboaren egoerari amaiera ematen dion egoitza lortzeko epeari hasiera ematea: “Pertsona askorentzat oso zaila da hori lortzea, baita ezinezkoa ere”.
Taldeko kideen arabera, Bizkaian, egoera irregularrean bizi diren pertsona gehienak ezin dira inon erroldatu, Administrazioak ez dituelako haien egoera zehatzak kontuan hartzen, baina "auzo eta herrietan bizi dira, eta udalek erroldatzeko betebeharra dute". Hori dela eta, udal guztiei eta Euskadiko Udalen Elkarteari (Eudel) eskatu diete protokolo bat abian jar dezatela udalerrian bizi diren pertsona guztien erroldatzea bermatzeko, gaur egun indarrean dauden baldintzengatik erroldatzerik ez badute.
๐ Gaur #MareaHoria Eskubide guztiak guztiontzat edonon!
— Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@oeebizkaia) August 19, 2023
Soy tu vecina/o, pero sin padrón no existo.#Gorliz #Plentzia pic.twitter.com/t65pNEsWcM