Ignacio Lloret, Aitana Diez eta Nora Escajedo izan dira Ramiro Pinilla eta Txiki Baskardo lehiaketen irabazleak

Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 10:53

Aurtengo irabazleak, barikuan egindako sari-banaketan. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren seigarren ekitaldiko irabazlea Ignacio Lloret izan da; gaztelaniazko lan onenaren saria jaso du eta, oraingoan, euskarazko testu onenaren saria eman gabe geratu da. Bestalde, Aitana Diez eta Nora Escajedo ikasle gazteek Txiki Baskardo haur kontakizunen lehiaketaren sariak jaso dituzte, euskarazko eta gaztelaniazko kategorietan, hurrenez hurren. Getxoko Kultur Etxeak Pinillesca kolektiboagaz batera bultzatutako ekimen horretan, gainera, egile getxoztarraren jaiotzaren mendeurrena ere gogora ekarri dute.

Eleberri laburren lehiaketaren seigarren ediziora 169 parte-hartzaile aurkeztu dira, horietatik 28 Hego Euskal Herrikoak (sei getxoztarrak), eta gainerakoak ia Espainiako Estatu osokoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, guztira, jatorri askotariko 169 lan aurkeztu dira; horietatik, 28 Hego Euskal Herritik, eta horietako sei, Getxotik. Gainerako lanak ia erkidego guztietatik heldu dira. Hizkuntzari dagokionez, aurkeztutako idazkietatik hiru euskaraz dira. Matxalen Gamindek, Felipe Juaristik eta Uxue Razquinek osatu dute lehiaketaren aurtengo epaimahaia, eta irabazleak 6.000 euroko saria eta 1.000 euroko laguntza izango ditu lanak argitaratzeko.

Llegaremos a la vez izenburupean, Ignacio Lloret Villotak (1968, Bartzelona), egileak tren bateko bidaiariak ikuskatzailearenganako sentitzen duen erakarpena kontatzen du. Era arrunt batean hasten den sentimendu, azkenean, denbora gainditzen duen eta protagonistaren joan-etorrietan azaleratzen den obsesio bihurtuko da. Lehiaketako epaimahaiak nabarmendu duenez, "istorioaren abiapuntua zentzugabea izan daitekeen arren, horren garapenak ikusleak harrapatzen ditu pertsonaiak mugitzen diren trenetan sartzen lortu arte". Halaber, narrazio-denboraren erabileragaz ondo lotutako pertsonaiak, espazioak eta giroak eraikitzeagatik nabarmendu dute kontakizuna.

Katalunian jaio baina Aroztegin bizi da (Nafarroa) egilea, Filologia alemaniarrean eta Zuzenbidean lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean. Juguetes sin recoger bere lehen eleberria argitaratu zuen 2002an. Horrez gain, Monocotiledóneas (2008) kontakizun liburukia, Tu alma en la orilla (2012) narratiba liburua eta El puente de Potsdam (2016) eleberria ere argitaratu ditu, besteak beste. UNEDeko sormen idazketako irakasle, egileak beste hainbat jardueragaz uztartzen ditu literatura. Hizlari eta literatur jardueren koordinatzailea da eta egunkari eta aldizkarien kolaboratzailea da baita ere. Halaber, irrati eta telebistako literatura-saioetan parte hartzen du.

Txiki Baskardo lehiaketa

Txiki Baskardo haurrentzako kontakizun-lehiaketari dagokionez, Aitana Diez Julio Caro Baroja BHIko ikasleak saria jaso du euskarazko modalitatean, abentura bultzatzen duen eta bere istorioan elementu ugari integratzen dituen kontakizun bategaz, batzuk autobiografikoak eta beste batzuk zinean edo literaturan inspiratuak. Bestalde, Nora Escajedo, Europa Ikastetxekoa, gaztelaniazko lehiaketan nagusitu da, kontakizun fresko eta pertsonal bati esker. Testuak, gainera, egungo nerabezaroaren ezaugarriak erakusten ditu, ikuspegi komiko eta zentzugabetik. Aurtengo edizioan, honako ikastetxe hauetako DBHko 1. mailako ikasleek parte hartu dute: Julio Caro Baroja, Artaza-Romo eta Europa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun