Elkarrizketak

Itziar Tueros: "Minbizia kroniko bihurtzea da erronka"

Ander Zarraga 2023ko ira. 22a, 08:30

Kimika Zientzietan lizentziatua eta Kimika Aplikatuan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Gaur egun, Itziar Tueros Aztiko Elikadura eta Osasun Saileko koordinatzailea da.

Irailaren 24a Minbiziaren Aurkako Ikerketaren Munduko Eguna da eta, data hori baliatuta, Itziar Tueros algortarra elkarrizketatu du HIRUKAk. Aztiko Osasun eta Elikadura Saileko koordinatzailea den ikerlari honek minbizia duten pertsonentzako elikagaiak eta behar-nutrizionalak aztertzen ditu, besteak beste. Gainera, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioa ere bada.

Minbiziaren inguruan egiten diren ikerkuntzen artean elikadurarenak ez dira oso ezagunak. Zergatik?

Ikerketak askotarikoak izan arren, egia da elikaduraren atalari ez zaiola duen besteko garrantzia ematen. Ikerketa gehienak botikak eta tratamenduak bilatzera daude bideratuta. Aldiz, elikadura edo psikologia bezalako gaiak bigarren esparru batean geratu ohi dira, oso garrantzitsuak direla frogatuta dagoen arren, gaixoen bizi-baldintzei zuzenean eragiten baitiete. Hala ere, interesa dago arlo horietan eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartetik ere esaten digute eskaria dagoela, beraiengana doazen pazienteek jakiakaz eta dietakaz erlazionatutako zalantza asko baitituzte.

Uste duguna baino hedatuago dagoen gaixotasun bat dela esango zenuke?

Bai, minbizia oso hedatuta dago eta intzidentzia ere oso altua da; gero eta gehiago ezagutzen denez, detektatzen errazagoa da. Iraganean, askotan, jendea hiltzen zenean ez zen jakiten zergatik zen, baina, orain, errazagoa da antzematen, eta, horri esker, gaur egun dugun erronka da agerpenari aurrea hartzea; hau da, sendagarria baino prebentiboa den medikuntza bat lantzea.

Oro har, zein puntutan dago gaur egun minbiziaren ikerkuntza?

Minbizia oso gaixotasun konplexua da. Gaixotasun bakar bat bezala hartzen bada ere, hainbat minbizi mota daude, eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Ezin daitezke bularreko minbizi bat eta garuneko tumore bat konparatu. Beraz, hurbilketa ezberdinak egin behar dira kasuaren arabera. Arazoa da ikerketa oso sakabanatuta dagoela eta ez dagoela ikerlarien arteko nazioarteko sare sendo bat. Hala ere, gero eta gehiago ikertzen ari da, eta horren eraginez urte batzuen buruan minbizia kroniko bihurtzea espero dugu, erabat desagerraraztea ia ezinezkoa baita. Minbizia bizi-itxaropenagaz zuzenean lotuta dagoen gaitz bat da: zenbat eta gehiago bizi orduan eta aukera gehiago ditugu minbizia izateko; horrenbestez, helburua ez da minbizia beste gaixotasun biriko batzuk bezala ezabatzea, baizik eta kroniko bihurtzea gaixoen bizi-baldintza onenak bermatuko dituen tratamenduen bitartez.

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea. 50 urte baino gehiago dituen erakunde honek 2030ean gaixoen biziraupen-tasa % 70era iristea lortzeko helburua du. Horretarako, eta babesten dituen 20 ikerketak finantzatzen jarraitzeko, urriaren 4an diru-bilketa egingo dute Getxon. Aurrekoetan bezala, 40 boluntario inguru eta 150 ikasle baino gehiago inplikatu gura dituzte udalerrian banatuta egongo diren bederatzi mahaietan.

Minbizia kroniko bihurtzeko bide horretan gaixoen tratamenduan laguntzen duten elikagaiak bilatzean datza zure ikerketa. Hala da?

Bai, hori da. Minbizia eragiten duten faktore epidemiologikoen inguruan ikerkuntza asko dago, baina ez da hainbeste aztertu behin minbizia izanda zer nolako elikadura behar duten pazienteek. Horregatik erabaki genuen esparru horretan ikertzea, eta 2014tik daramagu horretan. Azti ez da minbiziaren ikerkuntzan berezitutako zentro bat, baina elikaduraren arloan dugun jakintza hainbat esparrutarako erabilgarria izan daitekeenez, minbizia dutenei laguntzeko erabiltzea erabaki dugu. Saiatzen ari gara gaixoen metabolismoa hobeto ulertzen eta ikuspuntu molekular batetik bakoitzaren araberako nutrizio-estrategiak diseinatzen. Horretarako, bakoitzaren bizimodua aztertzen dugu, zehaztapen-medikuntzan egiten den bezala, zehaztapen-nutrizioa deritzona lantzeko. Gure helburua da gizabanako bakoitzaren nutrizio-premien araberako gomendioak egitea.

Bularreko minbizi-kasuetan, adibidez, pazientearen azterketa genetikoa egiten da eta horren araberako tratamendua nolakoa izango den erabakitzen da. Hala, gure ikerketa ez datza ohiko elikadura-gomendioak ematean, baizik eta farmakoakaz egiten den bezala, paziente bakoitzaren beharrei zuzendutako elikagaiak eta dietak gomendatzea.

Esan daiteke jakiek minbizia osatu dezaketela?

Elikadura-ohitura osasuntsuek minbizia prebenitu dezakete, baina gaixo dagoen pertsona bat ez da elikagaien bidez osatuko; elikagaiek ez dute minbizia osatzen. Gaur egun, ez da erraza informazio fidagarria aurkitzea, jendeak Internetera edo ustezko adituengana jotzen du, eta horren eraginez gomendagarriak ez diren erabakiak hartzen dira; horrelako jarrerak, batzuetan, kaltegarriak ere izan daitezke tratamendurako. Beraz, sendatu ez, baina elikagaiek eta ohitura osasungarriek minbizia eta diabetesa bezalako gaixotasunak ekidin ditzakete.

Horrez gain, zuen ikerketetan minbizia duten pertsonentzako berariaz sortutako elikagaiak ere ikertzen dituzue. Nolakoak dira horiek?

Bai, bi alor horietan banatzen da gure ikerkuntza: alde batetik, paziente onkologiko baten beharrak ikuspuntu metaboliko batetik aztertzen ditugu, eta, bestetik, tratamenduaren eraginez gaixoek dituzten arazoei edo deserosotasunei erantzuten dieten elikagaiak sortzen ditugu. Adibidez, paziente askok arazoak izaten dituzte irensteko edo ez dute listurik sortzen, beraz, egokitutako elikagaiak sortzen ditugu horientzako bideratuak daudenak. Ikusi genuen esparru horretan merkatuan dagoen eskaintza oso urria dela, beraz, elikagaien sorkuntzan ditugun ezagutzak baliatu ditugu minbizia duten gaixoentzako bereziki egindako elikagaiak sortzeko. Europa mailan ere zenbait proiektu garatu ditugu eta pazienteakaz batera zuzenean lan egin dugu, beraien iritziak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko.

Elikadura-ohitura osasuntsuaren garrantzia. "Elikadura-ohitura osasuntsuek minbizia prebenitzen lagundu dezakete, baina gaixo dagoen pertsona bat ezin daiteke elikagaien bidez osatu"

Eta zeintzuk dira elikagai horien berezitasunak?

Alde batetik, nutrizio-balioak egokiak izan eta pazienteek dituzten beharrizan horiek ase behar dituzte. Horrez gain, botikek eragiten duten metal-zaporea estaltzeko gaitasuna duten elikagaiak ere bilatzen ditugu, ahalik eta kimiko gutxien erabilita. Hala ere, merkatu aldetik ez dira oso produktu erakargarriak, erabat bideratuta daudelako eta, ez direnez kopuru handietan produzitzen eta kontsumitzen, ez direlako hain errentagarriak enpresentzako. Beraz, orain, nutrizio-gomendioen esparruan gabiltza zentratuta, eta hori nola merkaturatu aztertzen gabiltza. Merkatuari buruz hitz egiten nago, gure helburua ez delako bakarrik ikertzea, jakintza sortzea, argitalpenak egitea eta egiten dugun lan horretan bikainak izatea, guk gizartean ere eragiteko helburua dugu, proiektu horiek merkatura ateratzea eta pertsonengan eragina izatea, hain zuzen ere. Gaur minbiziari buruz berba egiten ari gara, baina gure ikerketa-arloak elikadurako hainbat aspektu jorratzen dituzte eta bere jateko ohiturak hobetu gura dituen edonori aplikatu ahal zaizkio; ildo horretan, besteak beste, obesitatea duten pertsonakaz, hainbat ospitalegaz, Athleticeko edo Real Sociedadeko futbol taldeetako jokalariakaz edo pertsona nagusien arloan lan egiten dugu.

Uste duzu lehen orain baino hobeto jaten zela?

Pentsatzen dut joera dugula lehengoa hobeagoa zela pentsatzekoa, baina ez da zertan horrela izan behar. Gero eta kontzienteagoak gara jatekoa zaindu behar dugula, baina egungo bizimodu azkarraren eraginez badirudi ez dugula denborarik jateko ohitura osasuntsuak garatzeko, eta ondo jateko denbora inbertitu beharra dago. Erosten ere jakin behar da, eta horri ere tartea eskaini behar zaio. Aztin hori ere ikertzen dugu: elikagaiak osasungarriak izatea eta, aldi berean, jasangarriak izatea, produkturik osasuntsuenak beti ez direlako ingurumenarentzako onenak; beraz, hor ere erronka garrantzitsua dago etorkizunera begira.

Jaten ditugun elikagaietako hainbat osagai kimikok zein puntura arte dute eragina minbiziaren sorreran?

Ikerketa epidemiologikoek gaixotasunen jatorria aztertzen dute eta zenbait elikagairen kontsumoa minbiziaren agerpenagaz lotzen dute. Hala ere, elikagaiak ez dira inguratzen gaituzten kanpo-faktore bakarrak, erretzeak, bizimodu sedentarioak edo eguzkiak ere eragina dute. Beraz, ikertzen ari garena da faktore horietara esposizioa eta minbiziaren agerpenaren arteko lotura. Besteak beste, frogatuta dago elikadura-ohitura ez-osasungarri batek eragina izan dezakeela minbiziaren intzidentzian. Hala ere, ez da uste den bezain besterako, eta hortik datoz uste faltsu asko: "Ni ondo elikatu naizela, ez dudala erretzen, ez dudala alkoholik edaten eta bizitza aktiboa daramadala, zergatik daukat minbizia?".

Duela gutxi egindako ikerketa batek frogatutzat eman zuen ausazko faktoreek ere garrantzia handia dutela minbiziaren agerpenean. Azken finean, zorte kontu bat dela ere esan daiteke. Modu sinplista batean esanda, minbizia mutazio bat da gure maiztasun genetikoan eragiten duena zelulak modu desegokian biderkatzea, eta hori modu aleatorioan ere gerta daiteke, eta zenbat eta zaharragoak izan orduan eta aukera gehiago dago hori gertatzeko. Arestian aipatutako kanpo-faktoreek minbiziaren sorrera eragiten duten alderdien % 30 besterik ez dira, gainontzeko % 70 zoriaren araberakoa dira. Hala ere, horrek ez du esan gura ez garenik zaindu behar, % 30 portzentaje oso altua baita.

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioa ere zara. Ikerketaz gain, bestelako jarduerarik egiten duzu?

Bai, urteak daramatzat gaixoei eta euren familiei tailerrak eskaintzen eta beraientzako dauden elikagaien eta gure ikerketen inguruan difusioa egiten. Dauden mitoak eta beraien zalantzak argitzen saiatzen naiz, eta fidagarriak diren iturrietara bideratzen ditut. Zentzu horretan, elkarteak hainbat tailer ematen ditu gaixoentzat eta familientzat, baina esan ohi didate elikaduraren ingurukoak direla jende gehien erakartzen dutenak. Pertsona bat gaixotzen denean hainbat zalantza sortzen zaizkio, eta ni elikaduraren aldetik laguntzen saiatzen naiz. Azpimarratu behar dut elkarteak ere asko lagundu digula gure ikerketetan, bai pazienteakaz harremanetan jarriz, baita hainbat proiektu finantzatuz ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun