Gainontzeko jaietan bezala, karpa baten azpian, toki seguru eta lasaia izango da, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko, emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten. Zerbitzuaren ordutegia irailaren 22 eta 23ko gauetan izango da, barikuan, 21:30etik hurrengo eguneko 03:00etara eta zapatuan 22:30etik hurrengo eguneko 04:00etara. Arreta-gune moreak artatzen dituzten profesionalakaz harremanetan jartzeko aukera egongo da, 678 940 243 telefono-zenbakira deituta ere.
Segurtasun neurriak
Bestalde, Udaltzaingoak, beste urte batez, operatibo bat jarriko du martxan, "ahal den neurrian, istilurik gerta ez dadin eta adin gabekoei alkohola ematea ekiditeko". Operatiboaren barruan polizia-taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira, Ertzaintzagaz batera.
Bariku arratsaldetik domekara bitartean, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute kalez eta uniformez jantzitako poliziek. Horretarako, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, gaueko txandak indartuko dituztela ohartarazi du Getxoko Udalak. Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean eta, horregatik, udalerriko sarrera eta irteeratan horiek egiteko polizia egongo da.
Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragozteko lan egingo du Udaltzaingoak, "legez kanpoko jarduera izateaz gain, tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeelako".
Berehalako arreta emateko karpa
Era berean, Udaltzaingoak berehalako arreta emateko karpa jarriko du zapatuan, hilak 23, 19:00etan, Nagusi eta Andres Larrazabal kaleen artekoan, herritarrak joan ahal izateko, liskar, lapurretak gertatzekotan edo laguntza behar izatekotan. Hori martxan egongo da goizaldeko 05:00ak arte.
Tabernak ixteko ordutegi zabalagoa
Bestalde, Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta aldi berean herritarren atsedena zaintzeko bermatzeko oreka zaintzeko, jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek, jaietan ohitura denez, ordu bat terdiz geroago itxi ahal izango dute irailaren 22an eta 23ean, ostiralean eta larunbatean.