Hasteko, zer da bote luzea?
Bote luzea eskupilotako modalitate bat da, dakigunez pilota jokoaren modalitate zaharrena, tenisaren aitzindaria, Europa mailan XVI, XVII eta XVIII. mendeetatik gaur egun arte jokatu dena (Italian, Frantzian, Belgikan, Herbeheretan, Valentzian, etab.). Joko zuzenean jokatzen da, hau da, hormaren kontra jokatu barik; 45-60 metroko luzera eta 13-17 metroko zabalera duen kantxatan aritu behar da. Bi taldek elkarren aurka jokatzen dute, bost bosten kontra.
Nondik dator modalitate horretako pilota jokoa Algortara ekartzearen ideia ?
Algortako kuadrilla ezberdinetako lagunek eskupilotaz gozatzeko talde bat sortu genuen, pasio hori partekatzeko. Geroztik, garagardo eta txantxa artean sortu zen modalitate hori jokatzeko ideia. Hala, gure artean antolatu eta gero –kanpoko diru-laguntza lortu, baimenak Udalarekin kudeatu eta horrelakoak–, ideia hori egikaritu ahal izan genuen Euskal Herriko Txapelketan lehiatu ahal izateko, askok euskal pilotan federatuta gaude eta.
Bada, orain gutxi Euskal Herriko Txapelketan lehiatzeari ekin diozue; zenbat taldek parte hartzen dute horretan?
Euskal Herri mailan zortzi taldek jokatzen duten aurten. Lau taldeko bi multzoko ligaxka fasea eta, ondoren, finalaurrekoak eta finala jokatzen dira. Bizkaitik bi talde daude, Gipuzkoatik beste bi eta Iparraldeko lau. Finala irabaziz gero, Europa mailan egingo den txapelketa jokatzeko sailkatuko da irabazlea.
Eta zenbat kidek osatzen duzue Algortako taldea?
Berez 14 lagun gara taldean, horietatik 10 pilotari eta beste lau lagun "staff" gisa; logistika, epaile, harreman publiko eta sukaldaritza arloan jarduten dutenak –oso garrantzitsua dena ondo ateratzeko eta partiduaren ondorengo "3. denboran" bi taldeek bapo-bapo bazkaltzeko–. Hala ere, zazpi pilotari bakarrik aurkeztu ahal dira partiduetara, beraz, txandatu behar gara denok jokatu dezagun. Beste pilotari batzuk ere laguntzen digute entrenamenduekin, 10 pilotari behar baitira partidu bat jokatzeko.
Joan den zapatuan Algortan jokatu zenuten. Zelan izan zen herrian jokatzearen esperientzia?
Oso pozgarria eta aberasgarria. Jende mordoa hurbildu zen ikusten; sareetan eta kartelak jarrita jakinarazi genuen jokatuko zela Algortan, eta interes horrek indarra eman digu talde hau mantendu eta ilusioz aurrera egiteko.
Nabaria izan zen aurrekoan jendearen ezjakintasuna joko horrekiko; ikusleei modalitate honen nondik norakoak azaltzeko asmoa duzue?
Algortan estreinako aldiz jokatu zenez, zaila egin zitzaigun jendeari ondo azaltzea jokoa. Epaile eta markagailu lanetan aritu ginen jokatu ez genuenok, eta denbora eta aukera gutxi izan genuen ondo azaltzeko modalitate hau. Hurrengo partidutarako orri batzuk banatzeko ideia dugu publikoaren artean, azaltzeko jokoaren funtzionamendu eta ezaugarriak, baita sareetan informazio hori igo ere. Beste herri batzuetan pertsona bat mikrofono batekin jarduten du partiduan zehar azaltzen, eta aukera hori ere buruan daukagu.
Non dauka arrakasta gehien bote luze jokoak?
Ustez Iparralden gehiago jokatzen da inguruotan baino, adierazgarria da Euskal Herriko Txapelketan Iparraldeko lau talde daudela jokatzen.
Algortako Biotz Alai plaza erabili zenuten aurrekoan lehiarako; kantxa egokia da honetarako?
Berez, dimentsioak errespetatzen badira edozein lautada, plaza, frontoi edota landan jokatu ahal da. Euskal Herriko beste herrietan jakin dugunez belarrezko zelaietan jokatu izan da, adibidez. Beraz, gauza da espazioa edo dimentsioak errespetatzea. Algortan, Biotz Alai plazak badauka tartea, eta dagoen lekuan egonda, jendeak hurbildu, animatu, giroa sortu eta kirola ezagutzeko aproposena zela pentsatu genuen. Entrenamenduak ere bertan egiten ditugu. Arraroa egin zitzaigun hasieran, baina ohitura hori mantentzen badugu gure Bombonera bilakatuko dugu danontzako!