Nolakoa izan zen zure hasieraVascos por el Mundo programan?
Askotan egin dut lan erredaktore eta gidoilari gisa entretenimendu programa ezberdinetan. Duela bi urte, aldaketa bat egin nahi nuen eta argi nuen euskal telebistan lan egin nahi nuela. Nire ametsa beti izan da lan egiten nuen bitartean bidaiatzea eta Vascos por el Mundo programak hori eskaintzen zuen. Gainera formatua asko gustatzen zitzaidan, beraz saioko zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen, eta proba batzuk egin ostean baietza eman zidaten.
Beldurrik zenuen?
Kameraren aurrean agertzea zen nire beldurrik handiena. Atzean egon naiz beti eta aurrean ateratzeak beti errespetu apur bat ematen du. Ez dakit sekreturik ote dagoen, baina saiatzen naiz ni neu izaten programa guztietan eta normalean lagunekin edota familiarekin hitz egiten dudan moduan berba egiten. Batez ere, ahalegintzen naiz lanaz disfrutatzen.
Hizkuntza aldetik, eskakizun berezirik du programak?
Ingelesa menperatzea da garrantzitsuena, ia lurralde guztietan ingelesez mintzatzen dutelako. Gaztelaniaz hitz egitea ere garrantzitsua da askotan goazelako Hego Amerikara.
Zure lanak mundutik bidaiatzea eskatzen dizu. Zenbat herrialdetan egon zara?
Kontua galdu dut, kar-kar. Baina beharbada 15 herrialdetan egon naiz. Batzuetan errepikatzen ditugu, esaterako, Estatu Batuetan birritan egon naiz, hiru estatutan. Mexikon ere birritan egon naiz, bi estatutan.
Zein da gehien gustatu zaizun herrialdea?
Ezin dut guztien artean aukeratu. Niretzako kazetari moduan leku guztiek dute zerbait berezia. Adibidez, Hego Amerika eta Asia asko disfrutatzen ditut. Egindako azken programan, esaterako, Guajakara joan gara, eta ez dakit oso ondo zergatik baina niretzako berezia izan da. Kostaldean egon gara, Puerto Escondidon, baita barnealdetik ere, eta beharbada kontraste horrek berezi egin du bidaia. Asko transmititu dit herrialde horrek.
Beste herrialde batera lanera zoazenean, denbora duzu zure kabuz hiria ezagutzeko?
Ez, ez dugu denbora librerik. Lana da eta beste herrialde batera goazenean 10 egunez grabatzen aritzen gara. Gustatuko litzaidake, baina ez dugu denborarik, kar-kar.
Zer da zure lanaz gehien gustuko duzuna?
Gehien gustuko dudana bidaiatzea da. Batez ere, tokiko euskaldunen eskutik leku berriak ezagutzea. Turista bezala bidaiatzen duzunean “turistada” gehiago egiten dituzu, baina tokiko pertsonekin leku bereziagoak ezagutzen dituzu.
Eta gutxien?
Zintzoki, ez dago gustuko ez dudan gauzarik. Oso pozik nago. Egia da batzuetan gogorra dela, hilero 10 egun kanpoan bidaiatzen nagoelako, baina niretzat ikaragarria da lana eta bidaiak uztartzea. Ez du preziorik.
Hainbeste hiri eta herrialde ezagutu ostean, planteatu duzu noizbait leku horietako batera joatea bizitzera?
Egia esan, ez. Bidaiatzen dudan bakoitzean gero eta gehiago gustatzen zait nire herrialdea eta nire herria. Niretzako Algorta bizitzeko lekurik onena da. Beharbada munduko beste toki asko ikaragarriak dira baina niretzako ez dago nire herrian egotea baina gauza hobeagorik.
© FANNY BOEHM