Getxoko Udalak oniritzia eman zion joan den martxoan Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenari. Horren bitartez, Arrigunaga hondartzarako sarbideetan komun autogarbigarri bi jartzea aurreikusi zuten –urte osoan zehar martxan egongo direnak–, eta, ondoren, hareatzan dagoen zerbitzuetako eraikina eraisteko lanak abiatzea akordatu zuten.
Zerbitzuen eraikina kenduta, gaur egun okupatzen duen hareatza-eremua handitzea dute helburu arduradunek, "hondartzaren erabiltzaileek gehiago goza dezaten, bai eta bere espazio naturala berreskuratzea eta haren kalitatea hobetzea ahalbidetzeko ere", udal-iturrien arabera. Eraikina 2000. urtean eraiki zuen Foru Aldundiak hondartzako zerbitzu osagarriak emateko: sorospen-postua, hondartzainak eta gizonen eta emakumeen komunak.
Denbora luzez bere zeregina bete badu ere, denboraren joanagatik, gaur egun jasaten duen narriadura-egoera ikusita, eta ingurumen-ikuspegi berritik eragiten duen ikusmen- eta ingurumen-inpaktuagatik, "ez da oso eraginkorra", ebatzi zuen Udalak.