Sakonean

San Nikolas Zabalik: bizitzak eraldatzeko eta etorkizunak eraikitzeko babesgunea

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 28a, 09:29

San Nikolas Zabalik elkarteko erabiltzaileak, hainbat boluntariogaz batera.

Gizarte integratzaileago bat eraiki guran, San Nikolas Zabalik elkartea sortu zuten 2021ean Algortan. Hala ere, eragile honen ibilbidea ezagutzeko askoz ere atzerago jo behar dugu, Javier Garay San Nikolas elizako apaizak pertsona migratzaileak bere etxean hartzen hasi zenean, hain zuzen. Orain, harrera egiteaz gainera, formazioa eskaintzen diete etorkinei.

Kale-egoeran bizi diren pertsona migratzaileei —gehienak gazteak— harrera egin eta hezkuntza ez-formala eskaintzen dien elkartea da San Nikolas Zabalik. Baina ez hori bakarrik, inguruan eragiteko xedea ere badu elkarteak, gurera etorritako auzokide berri horien gizarteratzea errazteko asmoz. Hala azaldu dute David Alday hezitzaile eta dinamizatzaile komunitarioak eta Nagore Nicolas elkarteko boluntarioak; hori lortzeko, diotenez, askotariko ekimenak sustatzen dituzte, propioak zein inguruko eragile edo taldeakaz batera. Hala, besteak beste, Egizu elkarteak bultzatutako Bizilagunak egitasmoan parte hartu dute azken urteotan, "esperientzia oso aberasgarria delako eta polita delako parte-hartze horretan esperientziak konpartitzea"; era berean, Eraldatuz Sarearen jaian egon dira urtez urte; baita Berangoko Otxantegi Herri Lurraren ortu komunitarioan laguntzen; Munduko Arrozetan bizipenak trukatzen eta Algortako Indabada herri-bazkarietan bazkaltzen ere. "Asmoa da gurera etorritako pertsona hauen komunitatea eta sarea handitzea eta, aldi berean, udalerri honetan dauden aurreiritzi faltsuei aurre egitea", azpimarratzen du Aldayk.

"Zerbait lortzeko borrokan dauden gazteak dira; kale-egoeran egonda ere, gizarteratzeko saiakera handiak egiten dituzte"
David Alday
Hezitzailea eta dinamizatzailea

Hala, ez da zaila San Nikolas Zabalik elkarteko erabiltzaileak eta hezitzaileak Algortan zein inguruetan ikustea. Ekainean, berbarako, 130 pertsona inguru batu ziren Romo Eskolan, udalerriko auzoetan gizon-emakume arrazializatuek eta immigranteek pairatzen dituzten dinamika arrazistak salatzeko helburua zuen lehenengo "mundialito antiarrazistan". San Nikolas Zabalik, Sortarazi eta Pertsonalde elkarteek antolatu zuten ekimena eta, diotenez, erantzuna oso ona izan da. "Jendea batzeko erreminta oso indartsua da futbola, eta pertsona asko batu zen egitasmora, partiduetan jokatzera zein laguntzera. Hurrengo urteetan esperientzia errepikatuko dugu", iragarri du Aldayk. Horrez gainera, otsailean, Agate Deunan ohiko abestiak kantatzera atera ziren, eta San Joan gauean ere San Nikolas plazan parte hartu zuten suaren inguruko jaian, besteak beste. Orain, talde komunitarioa osatu dute, erabiltzaile, boluntario eta hezitzaileen artean komunitatean eragiteko zer egin gura duten guztien artean erabakitzeko.

Pertsona migratzaileei harrera egiteaz gainera, aldarrikapenerako eta integraziorako saiakerak egiten ditu San Nikolas Zabalik egitasmoak.

Atzera begira

San Nikolas Zabalik 2021ean sortu zen elkarte gisa, eta San Nikolas elizaren ondoko apaiz-etxean du egoitza. Hala ere, Aldayk gogoratzen duenez, aurrekariak duela hamarkada batekoak dira, Javier Garay apaiza pertsona migratzaileei harrera egiten hasi zenean bere etxean: "Berak hasi zuen ibilbidea, eta pandemia bete-betean areagotu egin zuen jardun hori kalean ezer barik gelditu ziren hainbat gizon-emakumeri laguntza eskainiz eta konfinamendua igarotzeko leku bat bermatuz". Uneren batean, 25 pertsona egon ziren apaizagaz bizitzen, eta, larrialdi-egoera behin bukatuta, zeregin horri segida ematea erabaki zuten, harrerari jarraipen hezitzaile bat gehituta. 

"Askotan, gurera datozenean aurreikuspen altuak dituzte, baina asko lur jota gelditzen dira. Gu haiek laguntzeko gaude"
Nagore Nicolas
Boluntarioa San Nikolas zabalik elkartean

Horretarako, Sortarazi eta Argibide bezalako elkarteetako profesionalak apaiz-etxean bizi ziren etorkinen jarraipena egiten hasi ziren eta, joan den urteko irailean, Alday bera batu zen proiektura. Hala, gaur egun, hiru langile daude beharrean San Nikolas Zabalik elkartean, tartean, Ayoub Mazar gazte marokoarra eta coach profesionala; "ezinbesteko kidea gazteon jarraipena egin ahal izateko".  

Mazar duela hiru urte inguru heldu zen Euskal Herrira eta, kontatzen duenez, berak ere hasiera oso gogorra izan zuen: kalean bizi behar izan zen denboraldi batez, baina, bere irmotasunari eta Barakaldoko Agharas elkartearen laguntzari esker, aurrera ateratzea lortu zuen. Orain, bera bezala gurera etorritakoei laguntzeko asmoz, San Nikolas Zabalik elkarteko talde motorreko langileetako bat da joan den urtarriletik, eta bera da egunero gazteei jarraipena egiten diena. "Bera barik ezinezkoa litzateke, ez duelako zentzurik gazte migratzaileekin lan egitea pertsona arrazializatu bat taldean egon barik", azpimarratu dute elkartekoek.

Harreraz gainera, hazi eta hezi

Nagore Nicolas boluntarioak dio gero eta etorkin gehiago bizi dela kale-egoeran gurean, eta horietako asko gazteak direla: "Azken hiru urteetan, hazkundea izugarria izan da". Ildo horretan, Aldayk deitoratzen du instituzio asko beldur direla egoerari konponbidea emateko eta errekurtsoak sortzeko, "dei-efektuaren beldur-edo", eta, egoera horren aurrean, nolabait bere aletxoa jarri gura duela San Nikolas Zabalik elkarteak. Kasu honetan, baina, arduradunek azpimarratzen dute Getxoko Udalaren laguntza handia dutela, baita Gizarte Zerbitzuena ere. "Parrokia-etxean sartzen diren gazteek Getxoko Udalarekin korrelazioan egiten dute; ez da gure apeta, eta prozesu bat jarraitzen da", diote. 

Gaur egun, kalean bizi diren migratzaileei behin-behinean ostatua emateko asmoz, Abegi Enea izeneko proiektuan 21 gazteri harrera egiten ari zaie une honetan, eta 18 pertsona boluntario ari dira horiekaz lanean, askotariko ekintzak eginez. Hala ere, lotarako eta bizitzeko lekua eskaintzeaz gainera, elkarteak beste bi proiektu batzen ditu: Mer+ eta IkHazi. 

"Denbora nahi dugu ikasi ahal izateko. Gure esku dagoen guztia egiten dugu ikasi eta hazi ahal izateko: hizkuntzak, graduak..."
Oualid Bourkhis
San Nikolas Zabalikeko erabiltzailea

Lehenengoan, elikagaien kudeaketa solidarioa egiten dute; batez ere, produktu galkorrak eta saltzeko baztertuak direnak biltzen dituzte, baina oraindino kontsumitu daitezkeenak. Hala, udalerriko eta harrera-etxeko pertsona behartsuen oinarrizko beharrak asetzen dituzte. Guztira, diotenez, 750 pertsona ingururi ematen zaie laguntza egitasmo honen bitartez, 80 boluntarioren lankidetzari esker. Hala ere, Aldayk deitoratu du proiektu hori krisi-egoera txikian dagoela, hilabeteotan gero eta elikagai gutxiago batzeko aukera izan dute-eta. 

Azkenik, IkHazi izenekoaren bidez, hizkuntzari lotutako eskolak eta adinez nagusi direnei prestakuntza eta orientazioa ematen dituzte, "hala nola bankuan kudeaketak egiteko eta osasun fisiko eta emozionala lantzeko". Hizkuntzei dagokienez, gehienbat gaztelania-eskolak ematen dituzte interesa duten guztiakaz, baina baita euskarazkoak ere; "gure helburuetako bat da bertoko kultura ezagutaraztea ere", azpimarratzen du Nicolasek. Proiektu horretan, gaur egun, 22 ikaslek parte hartzen dute, astelehenetik eguenera, goiz eta arrastiko txandatan, Nagore Nicolas bezalako beste horrenbeste boluntariogaz batera. 

Halaber, "bikote linguistikoak" antolatzen dituzte, erabiltzaile eta boluntario bana batu eta konfiantza-egoeran edozertaz berba egin ahal izateko. "Fokua bestelakoa da kasu honetan, praktikoagoa eta lotura sortzeko", dio Aldayk; "benetako komunitate bat sortzen da, kalean ere bestelako ekintzetan parte hartu eta benetako inklusioa bermatzeko", gaineratzen du Nicolasek.

"Hona etorri nintzenean, hasieran elkartearen ekintzetan parte hartzen hasi nintzen, eta orain berton bizi naiz. Oso eskertuta nago"
Abdellah El Abdellaoui
San Nikolas Zabalikeko erabiltzailea

Haien burua formatzeko grina

Erabiltzaileetako bi dira Oualid Bourkhis eta Abdellah El Abdellaoui, biak marokoarrak, eta biak herri berekoak. Lehenengoa 2022ko ekainean heldu zen gurera, eta bigarrena 2023ko urtarrilean. Egun, biak apaiz-etxean bizi dira, gurera heldu eta lagunei esker hala gomendatuta. Pozik daude San Nikolas Zabalik bezalako elkarte bategaz topo egiteagatik, aterpea eskaintzeaz gainera, ikasteko, prestatzeko eta sareak sortzeko aukera eskaintzen dielako. "Hemen bat gehiago gara, ez dute inor baztertzen arraza edo azalaren koloreagatik", azpimarratzen du Bourkhisek. Egun, euren gaztelera-maila fintzen ari dira San Nikolas Zabalik elkarteari esker eta, gainera, irailaren hasieran goi mailako gradu-ikasketak abiatu dituzte, fabrikazio mekanikoko diseinuko eta instalazio termikoen eta fluidodunen proiektuen garapeneko goi-mailako teknikariak izateko. "Gure eskuetan dagoen guztia egin nahi dugu ikasi ahal izateko", diote biek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun